Jogurta

Amaia Laforga Dietetika Eta Gizaki Elikaduran Diplomaduna 2007-10-04 15:49   Jan edanak

Jogurta, proteinen aldetik balio biologiko handikoa da, funtsezko aminoazidoetan aberatsa dalako. Esneak baino proteina gehiago ditu jogurtak. B multzoko bitamina (B2, B1 eta azido nikotinikoa) eta A eta D bitamina liposolubleak ugari ditu eta asimilazino errazeko kaltzio iturri oparoa da jogurta.

Gure dendetako hozkailuetan ugari dagozan esnekiak sakon aztertu badoguz be, oraingoan jogurtaren ganekoak zehaztuko deutsuedaz nahasteak ebitetako.

Jogurta, Lactobacillus bulgaricus eta Streptococcus thermophilus mikroorganismoen eraginari esker esnearen hartzidura bidez lortzen dan esne pasteurizatu mamituzko produktua da. Jogurta egiteko, hasierako esnearen itxurea aldatzen da eransten jakozan mikroorganismoen eraginari esker. Bakteria horreek, laktosea (esnearen azukerea) azido laktiko bihurtzen dabe, laktosearen asimilazinoa erraztuz. Azido laktikoa osotzean, esnea azidotu egiten danez, proteinek eta gantzek aurredigestinoaren antzeko egoerea igarten dabe, gure organismoarentzat nutriente horreek digestiboago eginaz. Beste aldetik, esnea mamitzeak jogurta berariazko ezaugarriez janzteaz ganera, produktuaren gustoa eta usaina zehazten ditu. Jogurt guztiek laktosea izan arren (% 3 - % 5) azukera hori toleretan ez daben pertsonei be ez deutse ondorio kaltegarririk eragiten.


Elikagai aberatsa

Jogurta, proteinen aldetik balio biologiko handikoa da, funtsezko aminoazidoetan aberatsa dalako. Esneak baino proteina gehiago ditu jogurtak. B multzoko bitamina (B2, B1 eta azido nikotinikoa) eta A eta D bitamina liposolubleak ugari ditu eta asimilazino errazeko kaltzio iturri oparoa da jogurta: gure organismoak egunean dauen funtsezko mineral horren preminen % 15-20 inguru asetzen dau jogurt batek. Esnea eta esnekiak, kaltzio iturri nagusiak dira. Baso bat esnek 250 mg. kaltzio dauka, gitxi gorabehera, eta jogurtak 120-150 mg. Beraz, esneagaz parekatzeko bi jogurt jan beharko litzatekez egunean.


Jogurtaren beste ezaugarriak

Jogurta elikagai funtzionala dala esaten da. Baina, zer dira janari funtzionalak? Gorputzak beharrezkoak dituan mantenugaiak emoteaz gan, zenbait gaixotasunetatik gorputza babesten dituezan osagaietan aberatsak diran janariak dira janari funtzionalak. Jogurta, labore integralak, berakatza, frutea… dira horreetako batzuk. Ez dira botikak baina osasunari eusten laguntzen deuskue.

Jogurtak proteinak, koipeak, bitaminak eta gatz mineralak eskaintzeaz gan, heste eta gorputz osoaren egoera osasuntsua lortzen eta mantentzen laguntzen deuskuen bakterio onuragarriak dituala esan behar dogu. Hona hemen jogurtaren onurak:

- Antipatogenikoa da, hau da, batez be hesteetan egon daitekezan bakterio kaltegarriei eraso egiten deutse eta hesteetako hormak zeharkatzea oztopatzen deutse, bide horretatik sor daitekezan gaixotasunen arriskua aurrituz, berbarako, salmonelosia.
- Beheranzkoari aurre egiten deutso.
- Gernu-sistemearen osasun-egoerea areagotzen dau.
- Urdailaren egoerea hobetzen dau.
- Hipertensinoa jaitsi egiten dau.
- Kolesterol-mailea beheratu egiten dau.

Ikerketa ugari egin da ondorio horreek atarateko, baina oraindino ikusteke dago zelan egiten daben lan bakterioek onura horreetara heltzeko.


Danak ez dira jogurtak

Merkatuan ‘Bio’ produktuekaz izandako gorabeherak tarteko, holako esnekiei izena aldatu behar izan deutsie; legearen ikuspegitik, Bio produktuak ez dira jogurtak, bifidus eragile bidez fermentautako esnekiak baino. Produktu honeen ezaugarri nagusia, hartzigarri laktiko tradizionalei bestelako mikroorganismo biziak (‘Bifidus’ bifidobakterioak, hain zuzen) erantsi izana da. Nutrizioaren aldetik, jogurtaren parekoak da.

Beste alde batetik, hozkailuan gorde behar ez diran jogurtak be badagoz (esneki-postre izenaz ezagutzen diranak). Honeek ez dira janari funtzionaltzat hartzen, ez daukielako bizidun bakteriorik.

Kontuak kontu, ganerako esnekiak baztertu barik, zenbait gaixotasuni aurre egin gura izan ezkero, jogurta konsumidutea da onena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu