Asa Larsson: 'sasoi batean, abroziduta bizi nintzan'

Karolina Almagia 2010-06-07 15:50   sariak-autortzak

Asa Larssonen literatureak menpekotasuna sortzen dauela zuk zeuk egiaztatu zeinke. Salmentei begiratzea besterik ez dago, egile suediar horrek inoiz amestu eban baino askoz altuagoak diranak. Gaur, Bilboko Liburu Azokan, Zilarrezko Luma jaso dau Ibone Bengoetxea kultur zinegotziaren eskutik.

Esan ohi da Stieg Larsson (Los hombres que no amaban a las mujeres) polizia nobelak idazten hasi zala Asa Larssonen liburuek liluratuta. Stieg hilda dago eta ezin deutsagu galdetu egia dan ala ez, baina Asaren literatureak menpekotasuna sortzen dauela zuk zeuk egiaztatu zeinke. Salmentei begiratzea besterik ez dago, egile suediar horrek inoiz amestu eban baino askoz altuagoak diranak. Gaur, Bilboko Liburu Azokan, Zilarrezko Luma saria jaso dau Ibone Bengoetxea kultur zinegotziaren eskutik. Saria igazko Liburu Azokan Aurora Boreal (Seix Barral) libururik salduena izateagaitik emon deutse.

Gaztea, txikia eta irribarretsua da Asa Larsson (Uppsala, Suedia, 1966). Esker onekoa azaldu da Areatzako aretoan eta Bilbo uriari berba politak eskaini deutsoz. 'Eduardo Mendozarekin armozau dot –hasi da esaten- eta hauxe esan deust: edozer aguantau ahal dot, mina eta bihotza apurtzea be bai; baina abrozimentua ez. Ni sasoi batean abrozimentura egokitu nintzan. Abogadua izan nintzaneko urteetan ez neban ezer irakurri ezta idatzi be. Abrozidu egiten nintzan, baina onartu egiten neban. Gero, seme bat euki neban eta lanaldia gelditu behar izan neban. Eta orduan konturatu nintzan nire bizimodu aspergarriaz. Nik ez neban bidaiatu gura, nik gura nebana zan nire barrua dibertidutea. Orduan hasi nintzan barriro irakurten eta Aurora Boreal idazteari ekin neuntsan. Liburu horrek orain Bilbora ekarri nau eta hori benetan pozgarria da. Uri hau zoragarria da eta bueltetea gustauko litzaidake'.

Abogadua eta idazlea izan baino lehen, halanda be, irakurle sutsua izan zan. 'Liburuak oso inportanteak izan dira gure familian. Gure ama Sueziako Iparraldean dagoan herri oso txiki batekoa da. Etxera ailegetako ez egoan errepiderik, ibaia erabilten eben. Oso isolatuta egozan eta gure amamek erabagi eben seme-alabek liburuak irakurri behar zituela. Sasoi horretan, eta giro luterano horretan, irakurtea oso arraroa zan eta auzokideek pentsetan eben familia hori zoratzeko bidean egoala. Horrezkero, gure ama irakurle sutsua zan eta gure aitak liburutegi batean lan egiten eban. Nik orduak emoten nituan liburutegi horretan', kontau dau.

Liburu Azokan dagoala, liburuei amodiozko aldarrikapena bota eutsen Sangre Derramada (Seix Barral) thrillerraren egileak. 'Badakit krisi garaietan bizi garala, baina guk ez doguz saltzen kotxeak ezta altzairuak. Liburuak saltzen doguz eta objektu horreekaz oso desbardinak diran munduetara bidaiatu daiteke, diru gitxiren trukean'. Larssonek adierazo eban idaztea 'oso lanbide bakartia' dala eta horregaitik, momentu gogorretan, 'inoiz norbaiten bihotza ikutu dodala' akordetan da eta hori 'altxor bat izango baneu moduan' biziten dau.

Stieg Larsson, Henning Mankell, Arnaldur Indridason, Jo Nesbø, Anne Holt, Camila Läckberg, Assa Larsson bera… Europako Iparraldeko egileen polizia-literaturea boom bihurtu da. 'Egia esan, ez dakit zeintzuk diran arrrazoiak, baina egunero eskertzen dogu hori pasetea'.

Aurora Borealen arrakasta hain handia izan da ze zinemara be eroan dabela. Asa Larsson oso pozik agertu da adaptazinoagaz. 'Errodajean egon nintzan eta gozau egin neban. Ganera, hunkituta nago aktore protagonisteagaz, uste dot oso ondo dagoala'.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu