Jon Ander Altube: 'Lanbide Heziketan ikastolen eredua zabaldu gura dogu ekimen sozialaren eredu lez'

Koldo Isusi Zuazo 2012-02-06 11:55   Barriketan
Harrobia Fundazinoko kudeatzailea

Bilbon, Ikastolen Lanbide Etxearen Harrobia zentroa oraintsu inaugurau eben arren, ikasturte hasieratik dabiz bertan eskolak emoten. Ehun bat gaztek esku hartzen dabe Informatika eta Komunikazinoetako erdi mailako zikloa egiten eta Jarduera Fisikoko eta Kirol Jardueretako goi mailako zikloa egiten. Formazino ez-arautuari jagokonez, ikasturtean zehar aurreikusitako ikastaroetan 500 bat lagunek parte hartzea espero da. Ibar Ezkerra Lanbide Ikastolako ikasleak dira, orain arte eskolak Portugaleten emon dituenak.

Orain arte, aipatu instalazinoetan martxan dagoan jarduera bakarra da, proiektuaren titularrak aurreikusitako garapen gradualaren arabera. Heziketa eskaintzatik kanpo, laster beste 100 bat ikasle gehiago sartzea espero da, Lanbide Heziketako beste espezialidade batzuetan, Merkataritza eta Marketing-a eta Zerbitzu Sozio-Kulturalen arloetan txertaturik egongo litzatekezana.

Hona hemen, Harrobia zentroko kudeatzailea dan Joan Ander Altubegaz izan dogun barraiketalditxua:


1.- Harrobia proiektua 2006an jaio zen, zazpi ikastola alkartu ziranean. Zelakoak izan ziran lehenengo pausuak?

Bai, Harrobia Fundazioa 2006an sortu genduan eta proiektu horretan hasieratik Bizkaiko zazpi ikastola ibili gara: Bilboko Abusu eta Urretxindorra, Santurtziko Bihotz Gaztea, Galdakaoko Eguzki Begi, Balmasedako Zubi Zaharra, Trapagarango Itxaropena eta Leioako Betiko Ikastola. Bi urte arinago, 2004ko irailean hain zuzen, ikastolen kolektiboak jentaurrean adierazo eban Lanbide Heziketa arloan sartzeko asmoa.


2.- Zeintzuk ziran helburuak?

Lanbide Heziketa arloan sartzeko gogoz, hiru helburu azpimarratuko neukez: batetik, orain arteko hutsunea edo bakotasuna betetako, aitatu zazpi ikastola horreetan, gure eskaintzan lanbide heziketa integrala txertatzea; bestetik, akaso, nagusiena, eskerearen normalizazinoa bultzatzea esparru horretan, derrigorrezko hezkuntzan eta batxilergoan ordura arte egin zan lez, profesional euskaldunak hezi, lan mundua euskalduntzeko, horixe da asmoa, euskeraz bizi, euskeraz ikasi, hezi eta euskeraz lan egin daitekela badakigulako. Azken buruan, sektore horretan ikastolen eredua zabaltzea ekimen sozialaren eredu lez, eredu parte-hartzailea.


3.- Zein izan da Harrobia zentroa Bizkaian kokatzeko arrazoia?

Bizkaian badira ikastolen alkarteak sustatutako beste lanbide heziketa proiektu batzuk, baita Gipuzkoan be baina gorago aitatu hausnarketa horretan ikusi zan Bilbon kokatzeak proiekzino handiagoa eukiko ebala Bizkaia osorako eta Bizkaiko mugetatik kanpo be bai. Badakigu EAEko biztanleriaren % 50 Bilbo Handian bizi dala eta hori gogoan hartzekoa da. Horrezaz gan, kontuan hartu behar da momentu honetan beste zazpi lanbide heziketa proiektu dagozala, baita Bizkaian be, Durangon Ibaizabal ikastolakoa be hor dago.


4.- Harrobia zentroa oraintsu inaugurau zenduen arren, ikasturte hasieratik zabize hor eskolak emoten...

Bai. Urtarrilaren 19an egin genduan inaugurazino ekitaldia baina 100 bat ikaslegaz ikasturtearen hasieratik gabiz eskolak emoten. Ikasturte hasieratik egon ahal izateko orain arte Portugaleten egon dan Ibar Ezkerra Lanbide Ikastoleak hemen emoten ditu eskolak, nahiz eta fundazino titularraren parte ez izan. Esan dozun lez, lanbide heziketa arautuan, 100 ikasle baino gehiago doguz eta ziklo bi eskaintzen gagoz: Informatika eta Komunikazinoetako erdi mailako zikloa eta Jarduera Fisikoko eta Kirol Jardueretako goi mailako zikloa. Asmoa geldiro-geldiro eskaintzea handitzen, hau dana martxan jarten joatea da ze eraikina sano handia da eta aukera asko ditu. Hori bai, bizi doguzan momentu ekonomiko larri honeetan, arautu bako formakuntzea be ez dogu baztertzen eta gure prebisinoa da ikasturte honetan zehar holako ikastaroetan 500 ikasle baino gehiago izatea. Hortik aurrera, 2012-13 ikasturterako, irailetik aurrera ziklo gehiago eskainiko doguz eta ikasle kopurua be gora joango da neurri berean.


5.- Gero eta ikasle gehiago sartzea da asmoa, Lanbide Heziketako beste espezialidade batzuetan, Merkataritza eta Marketing-a eta Zerbitzu Sozio-Kulturalen arloetan txertatuta...

Bai. Horixe da asmoa, guk hasieratik argi geunkan espezialidade industrialik ez genduala martxan jarriko baina esan behar deutsut hori guztia zehaztu barik dagola oraindino. Oraingoz bi bide horreek indartu eta jorratuko doguz, batetik, merkataritzea, merkataritza eta marketing alorreko titulazinoren bat eskaini gura geunke eta, bestetik, zerbitzu sozio-kulturalak. Aurkezpen egunean esan genduan gure ekarpena egin gura deutsagula auzoari, Bilbo Zaharrean gagoz eta zeozelan auzo honen garapenean laguntzea da asmoa. Zehaztea falta bada be, aiasialdiagaz eta euskereagaz lotutako proiekturen bat abiatu gura geunke, hemen ikastola bat badagoala atzemon daiten.


6.- Asmo horreen ganeko informazino gehiagorik emon zeinke?

Oraingoz asmoen barri emotea nahikoa da. Zehaztasunak falta dira baina argi dago aitatu arlo bi horreek jorratu gura doguzala. D ereduan, euskerazko titulazinoak eskaini gura doguz bai merkataritza arloan baita zerbitzu sozio-kulturalen arloan be, integrazinoa, euskerea, aisialdia eta alkarbizitza lako gaiak landu gura doguz.


7.- Lanbide Heziketearen arloan euskerearen presentzia nahikoa eskasa da oraindino. Ba al dago irakasle euskaldunik? Zein da egoerea gaur egun?

Euskeraz ikasi dogunok badakigu zelan hasi ginan ikastoletan, zelako materiala geunkan, zelako ahalegina eskatzen jakon irakasleari. Lanbide Heziketan hori gertatzen da gaur egun; irakasleari ahalegina, konromisoa eta militantzia plus hori eskatzen jako eta hori, duda barik, normalizau beharreko esparrua da. Oraingoz eskaintza txikia dago D ereduan, material gitxi dago eta dagoana euskeratu egin behar da, enpresetako praktiketan euskeraz jarduteko aukerak be txikiak dira eta, beraz, lan handia dago egiteko Lanbide Heziketea behar eta merezidu dauen lekuan jarteko. Hamarkada asko galdu doguz euskerearen normalkuntzeari jagokonez eta inaugurazinoan be esan genduanez, behargin euskaldunak nahi doguz, euskeraz behar egin leikien profesionak onak nahi doguz eta horretarako gabiz lanean. Ezagutarazo gura dogu euskereak balorea emoten deutsola beharginari eta euskerea lanerako hizkuntza be badala.


8.- Harrobia Zentroa eraikin erraldoia da eta upealako inbersinoa behar izan da. Zelan izan da posible?

Eraikina egiteko sei miloe euro behar izan dira eta lankidetzeari esker posible izan da. Horren % 25 Bizkaiko Bizkaiko Diputazinoak ipini dau eta ganerakoa Ikastolek hartu dabe euren gain. Bilboko Udalak, bestalde, zentroa dagoan zonaldea berreskuratzeko sustapen-politikaren barruan, eraikina egin dan orubea ipini eban eta horren ondorioz, Udalak eraikinaren 500 metro koadro erabilteko eskubidea dauka, Novia Salcedo Fundazinoak okupauko dituana.

Eraikinak sei pisu daukaz, bertan dagoz ikasgelak, batzar-gelak, eremu balioanitzak eta kirol jardueretarako erabilten diran bi areto. Danetara, 6.000 metro koadro baino gehiago dira.

Zentroko titularrek eraikinari Ikastolen Lanbide Etxea izena emon deutsie, Lanbide Heziketarako Ikastolen etxea, hain zuzen; hori dala eta arlo horretan dagozan proiektuen eskura jarten du eraikina, euskerazko Lanbide Heziketan hain zuzen. Era berean, Harrobia Fundazinoa prest dago auzoaren hezkuntza-eskaintza hobetzeko eta euskerea sustatzeko ekimen sozialak bere abiarazoteko.


9.- Harrobia eraikinean balio historiko handiko arku bat dago sarreran...

Bai. Oroitzapen klasikoak dituan garaipen-arkua da, balio historiko handiko pieza arkitektonikoa, 1885ean Ernesto Hoffmayer arkitektoak egin ebana. Kontuan hartu, Bilbo Zaharraren bihotz-bihotzean, Harrobiko Plazan gagozala, plaza historikoan. XIX, mende amaieran, hemen inguruan meategiak eta meatzariak egozan eta Harrobiko Plaza hau sano garrantzitsua izan zan, ze Bizkaian egindako lehenengo greba orokor historikoa hementxe hasi zan. Sinbologia handiko plazea da. Arku hori gaur egun Miribilla eta Bilbo Zaharra auzoen arteko loturea da eta Harrobia Zentroa hortxe dago.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu