Jon Enbeita: 'Nahikoa sari izan da gustura egindako sorkuntza lanerako aukerea izatea'.

Koldo Isusi Zuazo 2024-01-02 07:55   Barriketan

Ohorezko Lauaxeta Saria irabazi dau muxikarrak euskal kulturgintzan egindako ibilbideagaitik, bertsolari, idazle eta kantari lez be egindako ekarpen aberatsagaitik, Bizkaian eta oro har munduan euskerea sustatu, zabaldu eta normalizetako egindako ekarpenagaitik nabarmendutako personak edo taldeak jentaurrean autortzea da, ahal dan neurrian gizartean euskerea sustatzeko lan horretara erakarteko pizgarri izan daitezan. Jasotako ondarea indartzeko eta transmitiduteko konpromisoaren autorpena dira sariok.

Bizkaian eta, munduan zehar, oro har, euskerearen sustapen, zabalkunde eta normalizazinoan egindako ekarpenagaitik nabarmendutako persona edo taldeak jentaurrean saritzea da Lauaxeta Sarien helburua, baita poesiaren eta ikus-entzunezkoen arloetan sortutako euskerazko lanak zabaltzea be.

2012. urtean Lauaxetaren fusilamenduaren 75. urteurrena beteten zala-eta, aintzatespen hori zabaldu egin zan poesiaren eta memoria historikoari buruzko ikus-entzunezkoetara, arlo horreetan aurreko urtean sortutako lanak sustatu eta saritzeko, kategoria bakotxari jagokon diru-zuzkidurearen bidez.

2017an, beste etapa bat hasi zan Ohorezko Lauaxeta Saria jasoteko bidea edegi jaken eta nazinoarte mailan euskerea sustatu eta zabaldu eta euskerearen izen ona ezagutzera emon eben bizkaitarrei.

Beste alde batetik, Libe Goitiak (Fast Fatum poema-bildumeagaitik) eta Angel Errok (Poema liburu bat —irakurteko jarraibideak— poema-bildumeagaitik) Poesiako Lauaxeta Saria jaso dabe, euskerazko poesia sustatzeko eta zabaltzeko emoten dana.

Horrezaz gan, Oier Plazak Memoria Lurperatuta dokumentalagaitik jaso dau Bizkaiko Foru Aldundiak emoten dauen Ikus-entzunezkoen Saria.

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Elixabete Etxanobek eta Euskera, Kultura eta Kiroleko foru diputaduak, Leixuri Arrizabalagak, 2023ko Lauaxeta Sariak emon ditue.

1.- Zorionak Jon, ondo mereziduta hartu dozu Ohorezko Lauaxeta Saria. Ze gogoeta egiten dozu?

Inoz amestuko ez neban egoeran neure burua kokatu gurarik nabil. Guztiz asimiletako berba eta sentipen bereziak dira. Nahikoa sari izan da gustura egin dodan sorkuntza lana egiteko aukerea izatea. Bitan saritua eta eskertua sentiduten naz.

2.- Estepan Urkiaga Basaraz, Lauaxeta poetearen izena dakarren saria, Ohorezko Lauaxeta saria hartzea zer izan da zuretzako?

Alde batetik sorpresea eta ardurea, gero zure lana onartua ikustearen poza. Bestalde, sariaren izena ikusita, ohore haundi bat. Umetatik entzuna neban etxean eta, gerora, mirestua. Gure aita, gerra aurrean, mitinetan beragaz ibilia zan. Halan autortzen dau bere Bizitzaren joanean liburuan. Gaztaroan neutsan begirunearen adibide, 1980an argitaratu neban olerki liburuan Lauaxetari eskainitako bat dator. Saria legez, ohorea be bikotxa izan da.

3.- Bizkaiko Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanobek nabarmendu dauenez, nortasun propioa dauen eta bere kultura-ondareaz eta hizkuntzaz harro dagoan gizarte hau eregiteko egin dozuen ekarpenaren autortzea egitea da sari honen asmoa. Zein da zure eretxia?

Ondo deritzot. Sorkuntzan gabizanok beti barrikuntza bila, esku artean dogun lana eta beragaz ingurua hobetu guran gabiz. Ez da emoitzea aurrez zehaztuta dagoan lan bat eta zalantzak sortzen jakuz sarritan eginaren egokitasunaz. Horregaitik, noizbehinka zure lanaren autortzea jasotea indar barritze bat da aurrera jarraitzeko.

4.- Bertsolari Txapelketa Nagusian be ibilitakoa zara eta 9 urtegaz kantau zenduan lehen aldiz plazan...

Bai, goiztar urten neban plazara. Aurretik, hiru urtegaz, aitak egokitutako antzerki baten urten neban artzain ume baten papelean eta Gabon kanta bat abestu. Pare bat urtean hainbat saio egin nituan, hamahiru urtegaz fraile joan nintzan arte. Handik hogei urtegaz urten eta gitarreagaz, bakarlari munduan sartu nintzan. Barriro txapelketak hasi ziranean, gitarrea gorde eta bertsoari lehentasuna emotea erabagi neban. Gazte mailako sariketetan lehenengo. Ondoren, Euskal Herriko Txapelketa nagusiko bost final eta Bizkaiko beste hainbeste jokatu nituan, tartean sari eta txapelen batzuk. Aurretik, abeslari moduan, lehenengo sari bat emon eusten Leioan.

Euskal Herritik kanpora bost aldiz izan naz bertsotan Ameriketan eta behin Erroman. Abeslari moduan Anton Larraurik orkestrarako egindako obra banguardista bateri letra jarri neutson eta abestu, Bilbotik aparte, Madrilen, Tenerifen eta La Palman.

5.- Bertsolari, idazle eta kantari be ibilitakoa zara. Iraungo dut diskoa 2017. urtean plazaratu zenduan Rafa Rueda, Arkaitz Miner, Txus Aranburu, Itsaso Etxebeste eta Natxo Beltran de Heredia lagun zenduzala. Ez dira edozein...

Aurretik, 2009an, beste disko bat, Hainbeste, hain gitxi plazaratu neban, aitatu dozuzan horreekaz. Oso hartu-emon onak daukaguz geure artean. Goi mailako musikariak izateaz gan, persona moduan be gorengo mailakoak dira. Badirudi bizitza osoa alkarregaz igaro dogula. Grabaketa bietan izan genduan teknikaria be bardin, Jonan Ordorika, Ruper oñatiarraren anaia. Tamalez, bihotzekoak emonda, hil barria da, gazterik.

1996an, Paperetik plazara taldea sortu genduan eta urte berean, Balendin Enbeitaren heriotzearen 10. urteaurrena zala eta, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen ekimenez, Balendin oroituz ikus-entzunezko lana moldatu eta aurkeztu genduan hainbat tokitan. 2000. urtean, Enbeitatarrak II liburua sortzeaz gan, hirukote bat sortu genduan Urretxindorraren bizitza kantuz kontetako...

Izenak dinoan moduan, bertso papelak plazaratzea zan helburua. Zazpi lagun ginan: Roberto Etxebarria soinuan, Kepa Arrizabalaga panderoan, Idurre Erauzkin teklatuan, Haimar Arejita gitarran, Dani Asua bajuan eta Ireneo Ajuria eta ni ahotsak. Hiru bat urtean hainbat plaza egin genduzan. Balendin oroituz taularatzeko be zazpiko talde honegaz ibili nintzan. Liburuaren kasuan, hiru ziran atara nituanak: Enbeitatarrak I, II eta III. eta dinozun moduan IIa, Urretxindorrari eskainia, zan kantuz emona, izan be, Urretxindorra oso aberatsa da doinu eta metrika berezien aldetik

6.- Oihane eta Zihara dozuz alaba eta loba Onintza be ezin dogu ahaztu, Bizkaiko Txapelduna izandakoa (2018)...

Zer esango deutsut ba nik? Harro nagola. Bakotxak dauka bere izen eta nortasun propioa.

7.- Enbeita abizena bertsolaritzearen munduan gabizanok ondo baino hobeto ezagutzen dogu. Makinatxu bat lan egindako zaitugu Bertso Eskolan laguntzen eta bidea erakusten. Momentu hareek gogoratzen dozuz?

Atzo balira legez eta orainera egokitutako lanean jarraitzeko gogoz. Ezagutzen dan bertso eskola zaharrenean ume ikasle izan nintzan. Gero, batzuetan sortzaile, bestetan irakasle edo biak (Lamikiz, Garriko II, Galdakao...) bertso eskolen arteko hartu-emonak sustatzen, aldizkako ikastaroak...

Denporea gero eta azkarrago doala emoten dau. Sari hau jasotean nortasun agirira begiratu dot, hogei urtekoari ez bai jako holakorik emoten, eta uste baino urte gehiago daroadazala kanpoko motxilan konturatu naz. Eskerrak barrukora ez dirana pasetan.

8.- Balendin Enbeita ezagunaren semea zaitugu...

Eta Klara Ealorena. Gizon famatu baten ondoan emakume haundi bat egoten dala esan ebanari ez jakon arrazoirik falta, neugandik hasita. Ondorengoetaz harro nagoala esan dot lehen eta bardin dinot aurrekoetaz. Batzuk dinoe geuk aukeratzen dogula non jaio. Nik hurrengoan be aukeraketa bardina egin gura neuke.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu