Euskadikoa ala Euskal Herrikoa? (bis)

2008-11-20

Iazko azken artikuluan aitatu egiten neban saltsea: Euskadikoa ala Euskal Herrikoa? Esaten neban orduan, eta bardintsu pentsetan jarraitzen dot, inportanteagoa dala izana izena baino. Inportanteagoa da ofizialtasuna lortutea izen bat ala bestea izatea baino.

Kontua kontu, amorru handia hartu dot zenbaiten ezjakintasuna ikustean. Euskal Herria izenaren alde agertu diren askok esaten dabe Euskal Herria izenak zazpi lurraldeak hartuten dituala eta Euskadik, ostera, hiru. Gezur borobila.

Sabino Aranak Euskadi hitza asmatu egin ebanean zazpi lurraldeak izan ebazan akorduan. Orduko euskaldun gehienek (foralistek, karlistek, liberalek,…) Euskalerria edo Euskal Herria izenak erabiltzen eben, baina beti zentzu folkloriko edo kulturalegaz. Sabinok zentzu politikoa emon gura izan eutson gure herriaren izenari, bere buruaren jabe izan gura eban herriarena. Honexegaitik bazertu eban Euskal Herria izena Euskadiren mesederako.

Eztabaidea interesgarria izango litzake futbola kulturea ala politikea dan erabagitea. Egia da futbola zentzu zabalean kulturea dala, baina egia da, bestalde, estatubako herriek beren selekzinoa lortu ahal izateko egiten daben (dogun) ahalegina politikea hutsa dala. Honexegaitik uste dot egokiagoa dala Euskadi Euskal Herria baino.

Hori bai, Euskal Herria Euskadi baino zabalagoa dala esaten daben horiek irakurri dagiela Gernikako Estatutuaren hasikerea euskerazko bertsinoan.

Jokalariek eta Euskadiko Federazinoak montau dabena beste egun baterako lagako dogu.

EAk bere buruari tiro?

2008-11-14

Ez nintzan larregi harritu EAren behin betiko erabagia kalera atara zanean. Halanda be, ez zan nire gustoko erabagia izan. Ez dira gitxi ondorioetan pentsetan hasita jesarleku gehiago ala gitxiago atarako dabezala aldarrikatzen dabenak. Irakurketa hori ez dala zuzena uste dot.

Hauteskunde bereziak izango dira martian egingo diranak. Tira, gure herri honetan hauteskunde guztiak dira bereziak eta erabagiorrak, bai, baina inoiz gitxitan esan leiteke euskal egoera politikoa goitik behera aldatzen danik.

Datorren urteko hauteskundeak bereziak izan leitekez sozialistek euren burua irabazletzat ikusten dabelako eta abertzaleak ahulduta eta sakabanauta presentetan dirazko.

Kontraesan galanta da EArena. Ibarretxeren defendatzailerik sutsuenak izan dira legealdi honetan. Are gehiago, badakit EAko goi mailako buruzagiren batek edo bestek argi eta garbi esan dauala lagunarteko solasaldietan Ibarretxeren pentsamendua bereagaz bat datorrela erabat. Orduan zer dala ta Ibarretxeri sartutako labankada hau?

Ulertzeko modukoa da EA ‘espazioa’-ren bila ibiltea. Alderdi guztiek gura dabe espazioa. Beste kontu bat izango litzake espaziorik izatea edota espazio horretan arnasa eroso hartu ahal izatea. Nire ustetan, datorren urteko euskal hauteskunde autonomikoak sano bipolarizauta egongo dira: Ibarretxe ala Lopez. Eta saltsa horrek normalean alderdi txikiak jan egiten ditu.

Adierazo dau gaur Unai Ziarretak alderdi biek banatuta botu gehiago ataraten dabezala batuta baino. Izan leiteke. Baina banaketea eragingarria izan daiten hiru lurraldeetan ordezkaritzea lortu beharko leukie. Eta azken hauteskundeetako emoitzetan ikusitakoaren arabera, ez dago argi horrenbesteko ordezkaritzea lortuko ete daben.

Badagoz, halanda be, kontuan hartu beharreko detailetxo bi. Alde batetik, ez dot bape argi ikusten akabuen EA bakarrik ala beste bategaz batera joango dan. Aralar EBgaz joango da, bere kabuz ala EAgaz entsaiauko dabe beste era bateko koalizinoa? Eta zer pasauko da Ezker abertzale ofizialagaz? Gaur publikoki alkarri bialdu deutsezan musuak adiskidetasun eder baten lehenengo urratsaren seinaleete dira? Mobimentu horreei esker titular piloa eskuratuko dabez, seguru, baina ez dot uste halangoen bidetik botu asko joango jakezanik. Erantzuna, hauteskunde egunean.

Obama txapeldun… ala ez

2008-11-03

Hemendik gitxira jakingo da nor dan Estadu Batuetako hauteskudeen irabazlea. Inkestek dinoenez, Barack Obama aurretik doa eta ia ia segurutzat jo leiteke bera izango dala presidente.

Nik ez dot horren argi ikusten Obamaren garaipena. Amerikarren ezkutuko arrazismoa aitatzen da (jakin gurako neuke horren aurreratuak garen europarrok zer egingo geunken kasu estadubatuarren zapatatan egon ezkero). Ez dot uste, halanda be, horixe dala Obamaren kontra jo leiteken faktore bakarra.

Inor gitxik esaten deusku Presidentziagaz batera Senatu osoa eta Ordezkarien Ganbararen zati bat be aukerauko dala. Botoemole askok ez dabe gura izaten botere osoa, Presidentzia eta Ganbarak alderdi bardinari emon eta alkarren artean orekea izan daiten euren botua banatu egiten dabela. Ez daigun ahaztu, bestalde, parlamentari estadubatuarrek Bushek bezainbesteko irudi txarra daukiela.

Europan gehienok gurago dogu demokraten garaipena, neoconen nagusitasuna gorrotagarria egiten jakulako. Baina ez daigun sekulan ahaztu estadubatuarrak dirala botua emoten dabenak eta ez gu. Euren klabeak botua emoteko orduan eta gureak ez dira bardinak. Banatzen gaituena, itxasoaz ganera, mentalidadea da. Beraz, nik ez neuke ezer baztertuko martitzeneko gauberako.

Urriaren 25a pasau eta…

2008-10-26

Urriaren 25a pasau zan eta ez zan kontsultarik egon. Atzo nire lagun batek galdetzen eustan zergaitik ez dauan izan bere eretxia emoteko modurik. Ez da erraza galdera horri fundamentuzko erantzunik emotea.

Ezer baino lehen esan behar da Madrileko indar politikoek ez daukiela interes berezirik euskal uritarron eretxietan. Galderak gora eta galderak behera ibili izan dira denpora luzean. Ilegala da gure “demokrazia heldu” honetan, antza, jenteari zer pentsetan dauan galdetzea.

Arazoa ez da, halanda be, galdetzea edo galderak eurak. Arazoa galderen egilea eta uritarron erantzuna da. Ibarretxe Lehendakaria joku politikotik kanpo laga gura izan dabe azken urte honeetan. Deigarria izan zan, nire ustetan, bake prozesuan zehar ze baztertuta laga eben Lehendakaria, batzuek eta besteok. Ez deutse ezelango protagonismorik emon gura Ibarretxeri, are gitxiago Euskadiko normalizazino politikoa lortzeko bada.

Eta hortik dator bigarren kakoa. Modu batean ala bestean, euskal eragile politiko gehienek badakie normalizazino politikoa bide politikoen bidetik etorriko dala. Baina badakie normalizazino politikoa liderauko dauanak hurrengo urteetako bizitza politikoa be liderauko dauala. Eta Zapateroren porrotaren ondoren ezin eben onartu Ibarretxeren garaipena. Eta uritar gehienok, kontsultearen bidetik, Ibarretxek proposautako normalizazino formuleagaz bat egingo balebe zoroak be badaki nok liderauko eban herri hau denpora luzean. Nire ustetan kontsulta honetatik atarako zan emoitzea ez zan izango, seguruenik, sozialistek gurago eben normalizazino ureztauta.

Eta orain zer egin behar da? Ezer baino lehen datorren urteko hauteskundeak irabazi behar dirala erantzungo dau jente askok. Egia da, ez dot uste normalizazino politikoa gertuago egongo dala sozialistak Euskadin nagusitzen badira. Euskal kontuei jagokenez harroputzak izan dira oso. Ikerkuntzearen transferentziagaz ikusi dan legez, ez daukie interes berezirik autogobernua bultzatzeko. Eta autogobernua bultzatu barik zelan arraio bultzatuko dabe normalizazinoaren kakoa dan erabagiteko eskubidea? Ahotsak entzungo dira zentzu horretan, baina horreek ahotsok mutu geratuko dira Madriletik etorritako aginduen aurrean.

Eta barruak erretan eustana esan eta gero, kontsultearen alde gagozanok ez ete dogu hausnarketea egiteko beharrik?

Burbuilea

2008-10-19

Krisialdi ekonomikoa pil-pilean dago. Edonora joanda berbagai bihurtzen da. Komunikabideek be denpora luzea eskainiten deutse ditxosozko krisialdi ekonomikoari.

Inor gitxik esaten dau zergaitik heldu garen oraingo egoerara. Eta arrazoiak aitatzteko orduan ez dira gitxi kanpoko arrazoiak aitatzen dabezanak.

Atzo bertan Estadu mailako telebista batean bankeruak agertu ziran krisialdi ekonomikoaren ganean berbetan. Minutu batzuk ikusi eta amatau egin neban telebisinoa, amorratuta. Danek leporatzen eutsen errua Estadu Batuei. Arrisku lar hartu izan ei eben, euren negozioa zein dan ahaztu egin ei eben, ekonomia beti gora joango zala pentsetan eben…

Kanariar Uhartetatik etorri barria naz. Deigarria da ikustea zelan eraiki dabezan milaka apartamendu oso denpora gitxitan. Deigarria egin jat zelan egozan ehundaka obra hasita eta geldituta.

Burbuila berbea behin eta barriro aitatu izan da azken bolada honetan. Ameriketako bankuek diru mordoa hartu izan eben inbertsino arriskutsuak egin ahal izateko, subprime dalakoak. Dirua euren bezeroek edo munduko beste bankuek laga izan eutsen, gure kutxek barne. Banku honeen guruek pentsetan eben ekonomia beti gora joango zala. Subprime dalako inbertsino horreek horreen arriskutsuak izan ez diranean arazoa serioa izaten hasi dira, bai Ameriketako bankuak zein mundu osoko inbertsoreek. Burbuilea finantzieroak lehertu egin eban.

Gurean be halango fenomenoak ezagutu doguz. Etxeen prezioa gorantza joan da etenbarik azken urte honeetan. Ez dira gitxi izan pisutan dirua inbertidu egin dabenak, askoz garestiago saldu ahal izateko. “Adreiluaren prezioa ez da inoiz behera joaten” esaten jakun behin eta barriro. Eraikuntza alorreko enpresek eta bankuek inoiz baino gehiago irabazi izan eben. Etxebizitzaren prezioa biderkatu egin izan da oso denpora tarte laburrean, nahiz eta inoiz baino gehiago eraiki.

Solbes ministroak berak onartu izan da urtero 300.000 etxebizitza behar baziran be, ia 700.000 eraikitzen zirala. Bapatean behar baino askoz etxe gehiago egozala igerri eta adreiluaren burbuilea lehertu egin zan. Prezioen gorakadea gelditu eta, apurka apurka, beherantza hasi dira.

Oso erraza da krisialdi ekonomikoaren errua kanpokoei leporatzea. Baina gure Estadu “maite” honetan badagoz egoerearen erru apur bat daukienak, botere politikotik hasita poltsikoak diruz bete dabeneneraino. Eta ondorioak zenbaterainokoak izango diran inortxok ez daki oraindino.