Archive for the 'Gure Herria' Category

Legazpin apurtu dana

Eguaztena, Apirila 24th, 2013

Egia esango dot: musturre okertu jatan ETBn lehengo egunean izan zan debatea ikusi nebanean. Legazpiko kontsultearen arrakasteak hautsak harrotu ditu eta badagoz ondino ezebe ulertu ez dabenak.

Esaten eben mahai-inguru haretan Legazpin hauteskundeak irabazi ebazan kandidatureak Atez atekoa eroan izan ebala bere hauteskunde programan eta hori dala eta bai ala bai burutu behar izan eban hor azalduten dana.

Halaxe da, zalantza barik, baina gogoratu behar da herritar gitxi dagozala ehuneko ehunean ados bere botua jasoten dauen alderdiagaz. Eta gehienak, zoritxarrez, ez dakie zer daroan kandidatura bakotxak bere programan. Zatiren bat, gehienez. Ganera, gogoratu behar dogu programeagaz zerikusia daukan gauza asko sartzuten dirala jokuan botua norabide batera edo bestera eroateko.

Ez daigun ahaztu jente askok Bildu koalizinoa saritu gura izan ebala ETAren su etenaren ostean. Eta horreek botuemoileok bat etorriko dira zabor batzearen sistema barriagaz ala ez.

Nahastauta dagoz Gipuzkoako agintariak euren erabagien kontrako plataformak antolatu diralako. Aginduten dagozan asko plataformatan ibilitakoak dira eta orain plataformak daukiez aurrean. Manifaren bestaldean egotea ez eurentzako goxoa gero.

Eretxiemoile batzuk hasi dira esaten hurrengo hauteskundeetan Bilduk boterea galduko dauela Gipuzkoan. Ikusteko dago hori. Hauteskunde programeagaz zerikusirik ez daukien faktoreak izan ebazan lagun orain urte parea. Auskalo ondorengo hauteskundeetan zeintzuk sartungo diran jokoan.

Halan bada, interesgarria izango da ikustea zelan joango dan legealdiaren bigarren zatia, baina mito bat apurtu da lehenengo zatian, hau da, Ezker Abertzaleak haize freskua ekarri behar ebala euskal politikagintzara.

Ez dauka zerikusirik

Barikua, Zemendia 30th, 2012

Erakunde publikotik soldatea jasoten dogunok ez daukagu bestelakorik buruan: Gabonetako aparteko ordainsaria kobrauko ete dogu?

Nahastauta dabil jente asko kontu hau dala eta. Hasteko, gogoan izan daigun hau ez dala, berez, apartekoa. Soldatea urtekoa izaten da eta 14 zatitan banatuta. Urteko aldi bietan zati bi jasoten doguz. Ez da ez saria, ez gehigarria. Baina soldatea izatea pribilejiotzat joten da kalean.

Kontua da Madrileko gobernuak agindu ebala Gabonetako bigarren zati hori kendu behar euskula eta jardunean dagoan Eusko Jaurlaritzeak erabagi dau bere agintepean dagozan beharginei Gabonetako ordainsaria ordainduko deutsela.

Eta gogora etorri jat orain urte parea Zapateroren gobernuak erabagi izan ebala behargin publikoen soldatak % 5 murriztu behar zirala. Eta txintik esan barik bete eben orduko Gobernuak esandakoa.

Ah, jakina, orduko Madrileko gobernua sozialistea zan eta oraingoa popularra!! Ah, jakina, oraingo gobernu sozialistea jardunean dago eta EAJ helduko da aste pare batean. Eta jakina, eztabaidatu behar dan gaia langileen eskubideena da eta honek ez dauka politikeagaz zerikusirik, ez horixe!! Ez dagoz ez euren burua zuritu guran, ez horixe!! Ha kopeta!

Zuloan

Eguena, Garagarrila 19th, 2012

Zulo ekonomikoan gagoz, zalantza barik. Ganera, ez dago jakiterik noz eta zelan atarako garan. Erreformea – murrizketea (gauza bera adierazoteko moeta bi) berbak modan dagozala esan leiteke. Eta jentea etsituta dago, bildurtuta.

Adreiluaren burbuilak lehertu egin dau. Espainiako krisialdiaren arrazoirik handiena bere baitan dago. Ez daigun ahaztu Espainiaren zorra pribatua dala neurri handi batean. Adreiluaren burbuilaren matazan banku eta kutxak geratu ziran harrapauta. Eraikuntzatik bizi diran enpresa piloa be bai. Eta ondorioak botere publikotara ailegau dira.

Egunotan entzun dogu noraino ailegauko diran hurrengo murrizketak. Osasun eta Hezkuntza zerbitzuak, lanbakoak, pentsinodunak, langile publikoak, laguntzinoa behar daben ezinduak… Horreek izango dira kaltetuak. Eta ez dau emoten hau azken erreformea danik. Ikusi behar da zeintzuk diran dirua emongo dabenen aldetik etorriko diran hurrengo aginduak.

Espainia interbenituta dago daborduko. Bere subirotasuna desagertu da. Orain urteak esaten zan ekonomikoki menpeko danak ez daukala subirotasunik. Espainia menpeko da bere eredu ekonomikoak porrot egin dauelako eta ez daukalako biziteko behar beste dirurik.

Euskadi ez dago Espainia bezain txarto, baina horrek ez dau esan gura ondo gagozanik. Hauteskunde autonomikoen atarian gagoz, eta itxura guztien arabera alderdi abertzaleak nagusi izango dira Legebiltzar barrian. Espainian planteau eta aplikautako formulak ezarri beharko ditue ala politika propioak apliketako modua izango ete dabe? Espainia daborduko subiranoa ez bada Euskadik subiranoa izateko modurik izango ete dau?

Baratze bat gura dautsut egin…

Martitzena, Garagarrila 3rd, 2012

Joan dan Zapatuan ospatu zan Zamudion Lagatzuren eguna. Lagatzuk, Zamudion euskerearen aldeko taldeak, ospakizun erraldoia egiten dau urtero urtero. Igaz bezelaxe, hor egon nintzan bazkariko mahaietan lagunduten. Herriko beste taldeen modura batzokitik lau lagun egon gintzazan platerak iminiten, janaria zerbiduten, platerak kenduten… Eta bazkalosterako, musikea izan zan.

Herriko talde batzuk oholtzatik pasetan dira bertoko kantak abesten: eskolakoak, futbol taldekoak, motorzaleak, tabernariak.. eta alkate-zinegotziak be hortik pasau gintzazan. Aurton azken koadrila izatea subertau jakun eta kanta Pierpol Berzaizek konposau eban Baratze bat izan zan. Zer kantau behar genduan jakin nebanean aspaldiko kontuak etorri jatazan burura.

Orain urteak Zuberoara joan nintzan Harizpe pastorala ikustera, Muskildiko herriak antzeztuta. Hunkitu nintzan pastorala ikusten. Badakit pastoralean kontetan dan historia oso nobelauta dagoala. Ezin da Napoleonen jenerala sasi-abertzaletzat presentau, baina kantak ederrak ziran oso.

Akordetan naz denpora luzean bertan erositako kaseta kotxean izan nebala. Zuberoako euskerea ez da adituteko erraza eta zenbait berba ez nebazan ondo adituten, baina halanda be, ha kantua eta beste batzuk eder ederrak iruditu jatazan.

Joan dan Zapatuan, oholtza ganean egoan bandak beste erritmo bat imini eutsan kanteari. Kanta erromantikoa ia ia berbeneroa bihurtu eban, alaia oso. Jenteari txaloak eskatzeko modukoa, erritmoari lagunduten. Bersino hau be piloa gustau jatan, jatorrizkoa bezain beste ia.

Bien bitartean, Xabiertxo txikia umeentzako herri kirolean ebilen lagunekaz batera. Goizean kotxea gidatuten egon zan (ordenagailuaren bidezko simulazinoa zan, jakina!!). Beraz, berarentzako be egun goxoa izan zan

Gustura egunean zehar eta pozik egindako lanagaitik. Gehiago ezin eskatu.

Eta etorten badira…

Eguena, Bagila 21st, 2012

Akordetan naz euskal gatazkearen inguruan Julio Medemek egin eban pelikulan Bernardo Atxagak polito esaten ebala: ‘ETArena akabetan danean euskaldunak lebitatzen ibiliko gara kaletik, gaur ganean daukagun pisua handi-handia dalako’.

Sortu legelizau egin dau Auzitegi Konstituzinonalak, ETAko partaide batzuek onartu egiten dabez euren astakeriek ez eukiela lojikarik, zenbait botere publikoen aldetik onartuten da ez zala ETA izan indarkeria praktikau eban eragile bakarra. Pausu gogoangarriak, zalantza barik. Honeen ondoren etorriko dira gaur pentsauezinak iruditzen jakuzan beste batzuk, baina…

Baina krisialdi ekonomikoak dana jaten dau. Gaur jakingo ei da zenbateko zuloa dan Espainiako bankuena. Laster jakingo ei da Estadua bera Europatik erreskatau behar daben ala ez. Adreiluaren sukarra estadu osoko ekonomia erahilteko zorian ei dago. Ez dira gitxi euren ondasunak Frantziara eroan dabezanak ‘korralitoa’-ren bildurrak eraginda. Atzo bertan kontau eustan nire lagun batek bankuetako sekuridade kutxak alokatzea inoiz baino merkeagoa dala.

Orain gitxi esaten neban euskaldunoi joateko sasoia heldu jakula eta irakurleren bat ‘harritu’ egin zan nire izen-argazkipean holango berbak irakurtean. Nire ideologia eta sentimenduak ez dira larregi aldatu azken urteotan, baina gaur egungoan ideologiak baino beharrak aginduten dau.

Baten batek ‘friki’-tzat jo dau Montserrat Nebreda Catalunyako PPren agintari ohia independentziaren alde atara danean. Catalunyari dirua eta arimea kendu guran ibili izan dira azken urteotan. ‘Baltzez jantzitako gizonak’ etorten badira, Euskaldunok antzekoa sufridu beharko dogula pentsetan dot. Edo uste dogu Espainian aplikauko diran errekorteak ez dirala gurera helduko? Ebrotik behera gure berezitasuna ez badabe kontuan hartuten ez dot uste nik Piriniotik gora be gogoan izango dabenik.