Archive for Maiatza, 2010

PSOE monarkikoa ete da?

Domekea, Maiatza 30th, 2010

Orain urteak ezagutu neban Koldo Méndez sozialistea. Biok Uribarritik ibiliak gara. Orain, barriz, denporatxua da ikusi ez dodana, baina orduan behin baino gehiagotan egiten genduan berba eta esan behar dot Printzeen kontra esandakoak bat datozela orduan azaltzen eustan jarrereagaz.

Sarritan kontau izan dot lagunartean Koldok esandakoa bere izena aitatu barik. Ez neban pentsau izan horren famatua izango zala bere ekintza horrengaitik. ETAk gogor joten eban orduan. Garai haretan Fernando Buesa erahil eben. Akordetan naz kalean topau nebala eta nire doluminak agertu neutsazala. Eskertu eta gero esan eustan ez zala Gasteizera hiletara joango, ez ebalako Mayor Oreja eta Iturgaiz lako jendeagaz batera egon gura. Ezin dot hemen errepetidu hareen kontra esandakoa.

Sarritan esaten eban negoziazino politikoa beharrezkoa zala ETAgaz. Ez eukan autodeterminazinoaren kontra ezer. Azken finean, esaten ebanez, autodeterminazinoa ezkerraren kulturan dago. “Demokrazia ekarteko erregea onartu badogu zelan ez dogu onartuko ezkerraren kulturan dagoan autodeterminazinoa pakea irabazteko?” esaten eban hitzez hitz. Azpimarratzen eban ETAk ekintzaren bat egiten eban bakotxean argudio barik lagaten ebela bere alderdian.

Orain urte betetik hona alderdiaren disziplinatik kanpo behin eta barriro kokatu izan dala adierazo izan dabe iturri sozialistek. Ez da harritzekoa. Orain urtebete osotu zan fronte unionistea Euskadiko Erkidego Autonomoan. Bera ezagututa, seguru nago fronte horren kontra agertu izan dala. Eta ikusitakoaren arabera, PSOEtik kanpo geratuko da Koldo Mendez betiko sozialista errepublikazalea.

Ronnie James Dio: Goian (edo Behean) bego

Astelehena, Maiatza 24th, 2010

Gaur ez dot ekonomiaren ganean idatziko. Denporea egongo da egunotan bizi doguna komentetako. Are gehiago, sudurrak esaten deust “hau” ez dala ondino akabo. Funtzionarioen soldatak murriztu, pentsinoak konjelau, “umetxekea” pikutara eta gainontzeko neurriak… hau hasikerea baino ez da. Ikusiko dogu lan erreformea etorriko danean. Eta ganera erabagia ez da Espainian hartu, kanpoko agintariek aginduta baino, zisku eginda egoan Espainiako ekonomia nazinoarteko mailan kaltegarria izan leitekelako. Eskerrak Espainako ekonomia sendoa zala eta krisialdiak beste herri batzuetan baino ez ebala izango eragina!!

Edozelan be, triste nago oso gustetan jatan kantaria hil egin dalako. Ronnie James Dio hil da. Rainbow, Black Sabbath eta bere talde propioan ibili zan kantari. Rock gogorraren inguruan mobidu zan beti. Kantari bikaina zan, nire ustetan. Kantau baino berbak deklamau egiten ebazan kantetan. Nota altuetara erraz heltzen zan oihuka ibili barik. Ez dodaz erraz ahaztuko “Man on the silver mountain”, “Starstruck”, “Long live rock and roll” edo “Neon knights” lako kantak, nire formazino musikalaren parte diralako.
Legendak dino berak asmau ebala heavyek alkarri agurtzeko erabilten daben agurra (“hatzamar bigaz egindako adarrak”) Txikia zan oso neurrian. Bere lehenengo taldea Elf (Elfoak) deitzen zan. Bera taldekiderik altuena ei zan 1,60 metrogaz. Kantari erraldoia zan, halanda be. Kanta txar gitxi egin ebazan.

Bilbon ikusi nebanean orain urte pare bat (edo hiru urte izango dira?) txundituta sentidu nintzan. Zenbat biderrez entzun nebazan bere kantak eta hamaikatxu urte pasau eta gero hor zegoen bere betiko kantakaz. Momentu gogoangarria izan zan.

Gaur, egin ahal jakon omenaldirik onena bere kantak ostera be entzutea da. Kalidade haundiko rock gogorra entzuteko Ronnie James Dio ezinbesteko erreferentzia izan da beti. Goian bego (edo auskalo bere kasuan Behean bego esan beharko neuken!)

Erreskatea hasi da

Astelehena, Maiatza 10th, 2010

Gura daben modura azalduko deuskue, baina Espainiako ekonomia “erreskatatzeko” operazinoa daborduko hasi da. Bundesbank, Alemaniako banku zentrala eta Europako BEC Espainiako zor publikoa erosten hasi dira. Nazinoarteko merkatuetan penalizazinoa jasaten dauen zor publiko bera. Alemaniak eta Europak Espainia finantzietan dabe. Obama bera kezkatuta dago.

Zapatero presidentearen politika ekonomikoa desastre hutsa dala eroak be badaki. Nazinoarteko eretxi publikoak bildur handigaz ikusten dau “gure” Estaduaren ibilbidea. Eta aho batez azpimarratzen dabe eurentzako Greziarena baino larriagoa izan leitekeala Espainiaren porrota.

“Gu ez gara Greziaren modukoak” aldarrikatzen dabe Espainiako agintariek. Eta egia da, Espainia Grezia baino handiagoa da, adreiluaren sukarra haundiagoa izan zan gure inguruan Grezian baino eta langabezia tasa are altuagoa da Espainian Grezian baino.

France Soir egunkari frantziarraren editoriala irakurri barri dot egunotan. Nazinoarteko agintari publikoek harriduraz ikusten ei dabe Zapatero presidente espainiarraren jokabidea.

“Irribarrearen atzean agintari eskaxa egoala ikasi dabe sei urte boterean emon eta gero”. Ezin da hobeto laburbildu. Merkelek, Durao Barrosok, Almuniak, Obamak, Berlusconik,… barre egiten dabe Zateroren kontura.

Europak Greziari lagunduteko erabagia hartu ebanean gurean inor gitxik preguntau eban zergaitik ez zan prentsaurrean azaldu txandakako Europako presidentea dan Zapatero. Van Rompuy, Merkel eta Sarkozy agertu ziran Europaren izenean burutzen zan plana aurkezten. Eta Zapatero agertu ez. Egunkari frantziarrak dinonez, bera ez zala ondo etorria ulertarazo eutsien.

Ha editoriala irakurtean orain egun gitxi BBK-ko presidentea dan Mario Fernandezek esandakoa etorri jat burura: “Espainia markeak ez dau balio nazinoartean salduteko”.

Baina ez daigun pentsau Zapatero politiko moduan erreta dagoanik. Atzerrian txarto ikusia izateak ez dau esan gura Espainian Monkloatik bialduko dabenik. PPren mamua astinduten maisuak dira sozialistak. Akordetan zarie zelan atara eben doberman txakurraren irudia orain urteak? Ondino Gerra Zibilaren historiak, memoria historikoa eta halangoak astintzen dabez eskuinaren kontrako botua mobidu ahal izateko, sudurra tapauta sikiera. Inkesta batzuen arabera, Raxoyk erraz irabaziko leukez hauteskundeak honeek bihar egingo balira. Beste batzuek dinoe diferentzia ez litzakela lar handia izango.

Ez dot pentsetan nik hauteskunde kontu honeek inportanteak diranik guretzako. Azken finean, gurean alkarregaz dabilz gobernetan Espainian arerio diranak. Inportantena da Espainiako zaku baltz haretan gu geu be sartuta gagozala. Eta mundu osoak zaku barruan ikusten gaituela.

Espainia zertako?

Eguena, Maiatza 6th, 2010

1993. urtea izan zan. Xabier Arzalluzek euripean emon eban mitinean zera adierazo eban: “Sufflea aire barik geratu da”. 1992an Espainian izan zan zoramena ahaztuta egoan daborduko. Bartzelonako Olinpiadak, Sevillako Expoa eta Madril eta Sevillaren arteko Abiadura Handiko Trenea iraganeko amesa ziran. 1993. urtean Espainiako ekonomiak hondoa jo eban.

Oraingo zuloa are sakonagoa da, zalantza barik. Hasikeran Madrileko gobernuak ez eban onartuten krisialdiaren esistentzia bera. Gero hartu ebazan neurriak zentzubako pitokeriak zirala begibistan geratu da eta orain, zer egin leitekean ez dakienean, nazinoarteko konspirazinoaren mamua astintzen dabe.

Standard & Poor´s ajentziak txosten gogorra osotu dau Espainiako ekonomiaren egoerearen inguruan. Norabide onik ez dauela hartun esan izan dabe. Zenbakiak gero eta txarragoak dira. Defizit publikoa eta zor publikoa gora eta gora doaz, defizit pribatua be ikaragarria da, langabezia Europako altuena da daborduko eta Euskadiri jagokonez komenigarria dala merkatu barriak topatea dino, Espainiakoa gero eta ahulagoa izango dalako.

Horixe bera esan eban Joxeba Egibarrek eta ikusi dogu zelango manipulazinoa izan daben bere berbok. S&Pri esan ez eutsena Egibarri bota deutse. Baina hurrengo egunetako jazoerek arrazoia emon dautse S&Pri eta Egibarri. Espainiako egoera ekonomikoa ez da bape egonkorra.

Espainia espekulazinoaren hatzaparretan erori dala dinoe orain gobernuko bozeroaileek eta euren sokako komunikabideek. Ez naz ni izango inbertsore handien lana defendiduten ibiliko dana, baina onartu behar da honeek inbertsoreok munduan zehar dagozan ahuldade ekonomikoak aprobetxau egiten dabezala euren negozioak egiteko, eta Espainia ekonomikoki zisku eginda egongo ez bazan alperrekoak  izango ziran bere kontrako “eraso espekulatiboak”

Adreiluaren menpean bizi da urteetan Espainia. Orain milaka eta milaka etxe dagoz salgai. Oso etxe gitxi egiten dira eta, ondorioz, eraikuntzaren alorrean beharrean ibili diran asko langabezian dagoz. Horrenbeste inbertsino handi kreditoen bidez burutu dira. Pertsona piloa be kredito itzeletan sartu da gero eta garestiagoak ziran etxeak pagau ahal izateko. Zelan atarako da Espainia zulo ekonomikotik? Ze alor izango da Espainiako motor ekonomikoa? Ez da halangorik ikusten.

Eta abertzale moduan galdera mordoa daukadaz saltoka nire buruan: politikoki gure nortasunaren ukazinoa da Espainia. Gaur bertan tertulia batean kazetari espainiar batek esaten eban “aldaketearen” Jaurlaritzearen politikan nortasun nazionalek ez daukiela garrantzirik. Eta irribarre mingotsa etorri jat ahora holango guzur galanta entzutean.

Politikoki debekuak eta ekonomikoki zamea. Katalunyan gero eta gehiago zabaldu dan galderea etorri jat burura: Ze onura ekarten deusku Espainiak?