Archive for Garagarrila, 2010

Adeu, zezenketak!!

Zapatua, Garagarrila 31st, 2010

Oso haserre ei dagoz Espainian Catalunyan zezenketak galarazo egin dituelako. Ez da harritzekoa halango jarrerea agertzea. Izan be, zezenketea Espainiako jai nazinonala zala aldarrikau egin dabe urteetan, espainolismoaren oinarrietako bat. Orain, argudioa zezenketearen kontra erabili leitekela ikusita, jai nazinonala izan barik, artea ei da.
Ez naz hasiko zezenketen alde ala kontra erabilten dirazan argudioak azaltzen. Autortu behar dot ez nazala bape zalea eta zezenketen artea ikusten dabenak barbaroak iruditzen jatazala. Baina kontraesanetan erorten naz haragizalea nazalako eta etxe inguruan agertzen dirazan inurri, euli, armiarma eta gainontzeko animaliak kupida barik hil egiten dodazalako. Sanferminetako entzierroak be ikusgarriak iruditzen jataz (giri ezjakinak tartean ez dagozanean). Begibistan dago ni neu be ez nazala perfektua.
Animaliak hil behar doguz gizakiok bizirauteko. Baina zezenketek biziraupenegaz zerikusirik ez daukiela iruditzen jat.
Argudio animazaleak alde batera utzita, nik esango neuke katalanismoak zerikusi handia izan dauela erabagia hartzeko orduan. Jakin badakit Kanarietan orain denporea galarazo egin zirala zezenketak horrenbeste matraka izan barik. Catalunyan, bestalde, jakin badakit “Jai Nazinonala”renak pisu handia izan dauala erabagia hartzeko orduan.
Gurean eztabaidea ez da planteau egiten bez. Oker ez banago, azken urteotan Estaduan egin dan azken zezenplaza Donostian inaugurau egin zan. Azpeitian afizino handia ei dago. Bilboko Aste Nagusian jente mordoa joaten da plazara (badakit, horreetako asko kanpokoak dira eta beste horrenbeste gonbidauta txakur txikirik pagau barik)… Baina inoiz planteau  egingo da zezenketen inguruko eztabaida seriorik? Nortasun nazinonalek pisurik izango ete dabe eztabaidan?

Espainiar arazoa

Domekea, Garagarrila 25th, 2010

Arazoa geu garela hamaika bider entzun izan dogu eta jente askok sinistu egin dau gurean. Catalunyakoa be arazoa ei da, behin eta barriro halan esaten deuskuelako. Halanda be, arazoa Espainiarena da. Espainia bera da arazoa.

Kosovo “Serbiaren probintzia” dala esaten dabe Espainiako komunikabideek. Gogoratu daigun Kosovok bere independentzia aldarrikatu izan ebala Serbiagaz akordiorik bilatu barik. Ez daigun ahaztu Serbiak izugarrizko txikizioak eragin ebazala Kosovon eta honek nazinoarteko laguntzinoa jaso ebala burua altxau ahal izateko.

Asko dira bere estatus barria onartu daben estaduak. Espaina ez. Txina, Errusia eta Serbiaren multzo bardinean dago Espainia. Ez jake inporta independentziaren alde portzentaje handia atara dala Kosovon. Halango jokabidea Espainiako estaduan emon leitekela pentsatzeak hotzikarea emoten deutse. Eta nazinoarteko mailan onartutea kosovotarren jokabidea legezkoa izan zala onartezina iruditzen jake. Gehiago inporta jake status quo zaharrari eustea pertsonen borondateari baino.

Espainiak bere estadu bako nazinoak zelan tratetan dituan begibistakoa da. Ez dot esango Serbiaren modura jokatzen dauenik, baina euren eskaeren aurrean gorrarena egiten dau. Euren (gure) kultureak bigarren mailakoak dirala pentsetan dabe eta pentsarazo egin gura deuskue. Nazino izaerea Espainiari bakarrik jagoko. Besteak nazinonalidadeak (erregioak) besterik ez dira. Eta inor mobiduten bada, kontuz ibili daitela, hor dagoz eta epaitegiak, konstituzinoaren 8. artikulua eta ganerakoak. Espainiak aginduten dau eta kitto. Ganera, ez gara orain gauza arraroak pentsetan hasiko futboleko Mundu Txapelketea irabazi dabenean!!

Behin eta barriro ahaleginetan dabil Espainia bere nazino “txikien” arazoa konpontzeko. Euren erara, jakina. Eurena inposatuz. Baina batzuetan txikiak uste baino hobeto bizirauten dau, esaera zaharrak dinon modura, asmoz eta jakitez.

Euskal arazoa, Catalunyakoa, Galizakoa,… ez daiela sinplekeririk esan. Arazoa Espainiakoa da. Bere garaian inperio handia izan zan Espainia. Lurralde piloa joan izan dira Espainiatik azken 400 urteetan. Orain, inperioa txikiagoa danean badagoz ondino inperioa kolokan iminten dabenak. Txikiagoa izango ete da inperioa hemendik urte gitxira?

Non egoan?

Astelehena, Garagarrila 12th, 2010

Egunotan bizi dogunak eta bihartik aurrera ikusiko doguzanak argi eta garbi isladatzen dabe espainiar abertzaletasunea bizirik eta indartsu dagoala. Olatua pasau eta joan egingo da. Benetan. Komunikabide forofoek barri onak besterik ez dabez emoten kirol arrakasteak kontetako orduan, baina honeek barriok be akabo egingo dira.

Konfetti artean ez da erraza begiak zabalik mantendutea, baina badago planteau beharreko galderea: Erregina finala ikusten egon zan palkoan Felipe eta Letiziagaz batera. Non egoan erregea? Egia ete dira bere osasun egoerearen inguruan zabalduten dirazan zurrumurruak?

Opioa

Barikua, Garagarrila 9th, 2010

Pozarren dago Espainia. Futbol selekzinoak izugarrizko partidua egin eban Alemania kanporatuz. Finala jokatuko dabe eta txapeldun izateko aukera serioak daukiez. Xavi, Iniesta, Casillas eta ganerakoak artista hutsak dira, bakotxari berea.

Espainian zer jazoten dan ikusita Karl Marx filosofoaren leloa aldatu beharko litzateke. “Erlijioa herrien opioa da” marxismoaren sortzailearen arabera. Esaldia gaurko egoerara egokituta, futbola Espainiaren opioa dala esan beharko litzake. Espainiako ekonomi eredua, adreiluan oinarrituten zana, agortuta dago, langabezi tasarik altuena dauka, bere erabagi ekonomikoak atzerrian hartzen deutsiez, zenbait banku eta aurrezki kutxa euren azkenetan ei dagoz… baina halandabe, txapelketako dirusaririk handiena Espainiak emongo deutse jokalariei (600.000 euro bakotxari finala irabazi ezkero). Jakina, futbolariek marabilak egiten dabezan bitartean, jenteak ez dau denporarik galduko beren poltsikoen egoera aztertuten.

Espainiako ekonomiaren inguruko zurrumurruak futbolak jan ditu. Ez dira lasai egoteko modukoak, ostera, burrunbaren azpian entzuten diranak. Opio dosia horren handia izan bada, bildurra emoten dau pentseteak bakarrik zelango ajea izango dauen Espainiak drogearen efektua pasa eta gero.