Hainbat itaun inkesta dala eta

2008-09-11

Gai bi jorratu nahi dodaz Bizkaiko errealidadeari buruz berbetan hasi baino lehenago. Izan be, IV. Inkesta soziolinguistikoaren harira, azkenaldion, itaun bi egin deustiez; batetik, IV. Inkesta Soziolinguistikoko datuak oinarritzat hartuz, eskualdeka, herrika edo auzoka datuak atera leitekezan; bestetik, etorkinen bilakaerea, euren garrantzia eta etorkizunean migrazinoak euki leikean bilakaerari buruzko eretxia.

Lehenengo itaunari jagokonez, IV. Inkesta Soziolinguistikoa inkesta bat da, izenak dinoan moduan, eta hamasei urtetik gorako biztanleria hartzen dau; halan da ze, ez dau Euskal Herriko biztanleria osoa aintzakotzat hartzen. Inkestea dan neurrian, gitxieneko inkesta kopurua behar da hortik atera leitekezan datuak errore-tarte onargarri bategaz erabili ahal izateko. Eskualdekako, udalerriko eta auzoko datuei erreparatzen badeutsegu, ostera, eskuartean daukagun inkesta kopurua txikia da, beraz, errore-margen handia emoten dau eta irakurketak/ondorioak atarateko kontu handiz ibili behar da.

Mapa Soziolinguistikoa, errealidade soziolinguistikoa aztertzeko baliatzen dogun beste tresna, izan be, beste kontu bat da, zentsutik eta erroldatik eskuratutako datuak ustiatzen dauazalako. EAEren kasuan biztanleria osoa hartzen dau aintzat eta EAEko datu orokorrez gainera, herrialdeka, eskualdeka eta hiriburuetan auzoka datuak ustiatzeko aukerak eskaintzen dauz. Datozen hileetan 2006ko datuen bilketan oinarrituta IV. Mapa Soziolinguistikoa izango dogu eskuartean, halan da ze, gaurkotutako datu horreen gaineko interesa euki leikenak itxaron beharko dau ezinbestean edota 2001eko datuak erabili beharko dauz.

Etorkinei buruz, barriz, hizkuntza baten bilakaera soziolinguistikoan hainbat alderdiren menpe dago, esaterako, jaiotza/heriotza-tasen bilakaerea, bizi-itxaropena, migrazino-fluxuak eta abar. Gurea lako gizarteetan migrazino-fluxuek garrantzi handia daukie, jaiotza-tasa txikia eta bizi-itxaropena handia diralako. 2001-2006 urte bitartean etorkinen kopurua bizkor hazi da, egin-eginean be hirukoiztu egin da, gure artean. Etorkin horreen jatorriari erreparatzen badeutsagu latinoamerikarrak, ekialdeko europarrak eta afrikarrak dira, batez be. Adin batetik gorakoak dira, gainera. Besteren artean, gure eskola sistemearen bitartez euskera eskuratzeko aukerarik izan ez dabenak, beraz, erdaldunak dira, hein handi batean.

Biztanleria etorkinei esker hazi da, eurak etorri barik, jaiotza-tasaren eta heriotza-tasaren arteko aldeak biztanleria galtzea suposatzen daualako. Halan da ze, etorkinen ekarriari esker biztanleria hazi egin da (gaur egungo jaiotza-tasaren emendatzea etorkinen ekarriari esker jazo da), baina hori hazkundeori, tarte baterako behintzat, erderearen mesedetan jazo da. Gauzak holan dagozala, jazoera horrek euskerearen indarbarritzearen bilakaeran eragina dauka, tarte horretan jazo dan hazkundea dan baino apalagoa izatea dakarrelako. Etorkizunari begira, etorkinen bilakaerea ikuskizun dagoen kontu bat da. Ekialdeko Europako herrialdeetatik sasoi batean etorritakoak apurka-apurka bueltatzen ari dira. Afrikako herrialdeetako emigrazinoari gero eta oztopo gehiago jartzen jako eta, aurreikuspen ekonomiko kaskarrak etorkinen etorrerea moteltzea edota gelditzea ekarri leike. Era berean, etorkinek bizibidea hemen kokatu ahala integretako aukera handiagoak izango dabez. Gauzak holan, 2011n azterketa barriak egiten doguzenean etorkinen etorrereak eta bilakaerea eta zer eragin izan dauen aztertzeko aukerea izango dogu.

Euskerearen indarbarritzea moteltzen ari da?

2008-07-07
IV. Inkesta Soziolinguistikoa aztergai

Inkesta soziolinguistikoa kaleratu barri dagoala, euskerearen indarbarritzea gero eta astiroago doala dinoanik badago egon baztarretan. Halanda be, datu kuantitatiboetatik haruntzago, aurrekoetan hazkundea zein adi-tarteetan gertatu dan aitatzea eta euskal gizartearen azken urteotako baldintza soziodemografikoen ezaugarriez berba egitea komenidu da, gertaera hori testuinguru egokian balorau eta prospekzino egokirik egingo bada.

Hamasei urtetik gorako biztanleen artean, 1991n baino 137.200 elebidun gehiago dagoz 2006an. Elebidunen hazkundea Nafarroan eta, batez be, EAEn gertatu da. Iparraldean, ostera, oraindino be galerak dagoz, baina gazte elebidunen kopurua hasi da dagoeneko gora egiten. Aldi berean, hamasei urtetik gorako erdaldun elebakarrak orain dala 15 urte baino 133.900 gitxiago dira Euskal Herrian (% 70, 1991n eta % 58,9, 2006an). Erdaldun elebakarren ehunekoak behera egin dau EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, barriz, gora egin dau bai kopuruak baita ehunekoak be.

16 urte edo gehiago dabezan biztanleak hartu beharrean, biztanleria osoa kontuan hartuz gero, Euskal Herriko elebidunen ehunekoa askozaz handiagoa da. Egin-eginean be, hizkuntza-gaitasuna adinaren arabera neurtuta, ikusi leiteke elebidunen hazkundea gazteen artean gertatzen ari dala bereziki. EAEn eta Nafarroan, esaterako, 15 urtetik beherako gazteen artean dago elebidunen ehunekorik handiena. 2001eko erroldako datuei erreparatuz gero, gogoratu EAEko hiru biztanletik bat elebiduna dala eta 16 urtetik beherako % 66.

Datuei erreparauta, 1991-1996 epealdian 62.902 elebidun irabazi ziran; 1996-2001 epealdian, ostera, 42.512, eta 2001-2006 epealdian, 31.815. Gauzak holan, datu kuantitatiboei erreparauta, moteltzea gertatzen ari dala baieztatu leiteke? Erantzuna bilatzeko, komenidu da euskal gizartearen ezaugarri soziodemografiakoak gainetik aztertzea.

Testuinguru horretan hiru faktore esanguratsu aitatuko neukez:

  • Batetik, euskal gizartea zahartzen ari da, bizi itxaropena hamabost urteotan izugarri hazi da. Hain zuzen be, 2006an, besteak beste, 65etik gorakoak 1991. urtean baino %50 gehiago ziran (orain dala hamabost urte 65 urtetik gorakoak elebidunagoak ziran 50 urte edo gehiago ebenak baino);
  • Bestetik, etorkinen hazkunde bizkorra gertatu da. EAEn, 1996. urtean 13.220 etorkin egozan, eta 2001. urtean, ostera, 27.438 (aurrekoak halako bi), 2006an 85.542 (aurreko kopurua halako hiru). Nafarroan be beste horrenbeste gertatu da. Etorkinak afrikarrak, Europako ekialdekoak eta Hego Amerikatik etorritakoak dira, batez be. Etorkinen etorrera bizkorra tarteko izan ez balitz, 2001-2006 epealdian, besteak beste, EAEk eta Nafarroak biztanleria galduko eben eta epealdi berean elebidunen pisu absolutoa handiagoa izango zan;
  • Eta, azkenik, jaiotze-tasa urriak ia-ia bere horretan segitzen dau. Irabaziak etorkinen seme-alaben ekarriagatik gertatzen ari da, hein handi batean. Jaiotze-tasa txikiak elebidunen hazkundea baldintzatzen dau, hain zuzen be, hazkunderik bizkorrena eta aipagarriena adin-tarterik gazteenetan gertatu danez, horreen pisu demografikoa apaltzean, elebidunen hazkundea moteltzea eta pisu demografikoa eskasagoa izatea eragiten dauelako.

Aurrekoak gogoan, euskerearen indarbarritzea hiru faktorek baldintzatuko dabe, hein handi batean: bat, etorkinen integrazinoa ahalbidetzeko politikek euskerea ezagutzea be kontuan hartu eta bideratuko daben; bi, zahartzarora ailegatzen ari diran biztanleen ongizateari eusteko ez eze, ekonomia-katea mantentzeko be (hau da, sistema produktiboan belaunaldiak ordezteko asmoz), jaiotze-tasa era esanguratsuan hazteko politikak areagotuko diran; hiru, persona helduen euskalduntzea areagotuko dan, hartarako erabileran eraginez.

Hurrengo artikulua: Bizkaian euskerearen indarbarritzea zertan da?

Euskerearen ezagutzeak gora, erabilereak, ostera, behera?

2008-06-25

IV. Inkesta Soziolinguistikoa aztergai

Eusko Jaurlaritzeak bost urterik behin egin ohi dauen inkesta soziolinguistikoa aurkeztu barri dauenean, euskerearen indarbarritzearen inguruan, azterlanak nabarmendutako daturik esanguratsuenak aztertu eta eztabaidagai jarri nahi dodaz datozan asteotan gune honetan. Izan be, gure aurrekoek aspaldi inoen ‘ustea erdi ustel’ baieztapena, halandaze, usteetatik haruntzago egoerearen nondik norakoaz jabetzea garrantzi handikoa da, eta euskerearen indarbarritze kontuetan etorkizunean egin beharrekoetan urrats barririk egin nahi badogu, askozaz gehiago.

Jakina danez, inkesta soziolinguistikoak hamasei urtetik gorako euskerearen lurraldeetako biztanleria aztertu eta lau ikerketa-eremu hartzen dauz, batez be: herritarren hizkuntza-gaitasuna; hizkuntzearen transmisinoa; euskerearen erabilerea hainbat esparrutan (etxean, lagunartean, lanean, eremu formaletan, eta abar), eta euskerearen gaineko jarrerea.

Ezagutzeak gora, erabilereak, ostera, behera egin dau? Euskerearen indarbarritzea geldotzen ari da? Zein dira gaur eguneko euskal gizartearen ezaugarri soziodemografikoak? Bizkaiko lurraldean zein dira bilakaerearen daturik esanguratsuenak? Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeen artean alderik ba dago? Eta, EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko datuen artean zer alde dago? Balizko arrazoiak? Zein da euskerearen gaineko jarreren bilakaerea? Horretxek dira, batzuk esatearren, bururatzen jatazan interesgune nagusiak. Edozelan be, irakurleek euki leikiezan itaunak be aztergaitzat eta eztabaidagaitzat hartu nahi neukez. Honenbestez, baten batek itaunik, iruzkinik edota oharrik egin gura badau, bialtzea beste zereginik ez dauka.

Gaurkoan euskerearen erabilereari buruz jardun behar dot. Izan be, inkesta aurkeztu eta biharamunean ‘ezagutzeak gora, erabilereak, ostera, ez dau neurri bardinean gora egin’, ‘gazteek 1991 urtean baino gitxiago erabilten dabe euskerea’ eta antzekoak nabarmendu dira. Halanda be, esaldi horreek eta antzekoak ulertuko badira, testuinguratzea komeni da.

Euskerearen ezagutzeak ez eze erabilereak be gora egin dau 1991-2006 epealdian, hau da, orain arte aztertutako denpora-tartean. Euskal Herriko 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 25,1ek euskerea darabil neurri batean edo bestean: batetik, % 15,3k euskerearen erabilera trinkoa egiten dau, hau da, euskerea erdara beste edo gehiago darabil eguneroko jardunean; bestetik, % 9,8k euskerea erabilten dau, baina erderea baino gitxiago.

Erabilereari buruzko emaitzetan alde handiak dagoz lurralde batetik bestera. Izan be, euskerea erderea beste edo gehiago darabiltenak, hau da, euskerearen erabilera trinkoa egiten dabenak % 18,6 dira EAEn, % 10,3 Iparraldean eta % 5,6 Nafarroan. Horrezaz gan, euskerea darabiltenak, baina erderea baino gitxiago, % 11 dira EAEn, % 12,3 Iparraldean eta % 4,1 Nafarroan. Horrenbestez, azken 15 urteotako bilakaerea aztertu ezkero, euskerearen erabilereak gora egin dau apurka-apurka EAEn, bere horretan dago Nafarroan eta behera egin dau Iparraldean.

EAEn euskerearen erabilereak izan dauen igoerea erabilera-eremu guztietan jazo da, orokorrean. Egia da, halanda guztiz be, igoera hori handiagoa izan dala eremu formalean, hau da, udalagaz, osasun-zerbitzuakaz, bankuakaz edo kutxakaz eta dendetan egiten dogun erabileran, eremu informaletan baino, hau da, etxekoakaz, lagunakaz edo auzokoakaz egiten doguna baino.

Euskerearen erabilerea ez da, ostera, ezagutza beste hazten ari. Hori egia ez eze NORMALA be bada. Hizkuntzearen erabileran hiztunen hizkuntza-gaitasunak, harreman-sareak eta erabilera-eremuak erabagigarriak diralako da normala hori. Hiztun asko barriak dira: 2006an, EAEko 16-24 urte bitarteko elebidunen % 55 dira euskaldunbarriak, eta 1991n, barriz, elebidunen % 15 bakarrik ziran. Elebidunen erdia gune erdaldunetan bizi dira (elebidunak % 40 baino gitxiago daukiezan hiruguneetan). Halandaze, elebidun gehienek gaztelaniaz edo frantsesez nagusiki jarduten daben harreman-sare zabalak daukiez eta euskerea erabilteko erabilera-eremu urriak.

Gazteen artean gero eta nabarmenagoa da euskerearen erabilerearen hazkundea (esate baterako, EAEn, 16-24 urte bitarteko gazteen artean % 24k erabilten dau euskerea gaztelania beste edo gehiago; 1991n, % 12 baino ez ziran). Halanda be, esan behar da gazteen arteko erabilerearen hazkundea batez be elebidunen kopurua nabarmen hazi dalako gertatu dala. Egin-eginean be, gizarte osoko erabilerea kontuan hartu beharrean elebidunen erabilereari erreparetan badeutsagu, elebidunen kopurua gehitu dan arren, erabilerea ez da handitu (eta erabilera-eremu batzuetan jeitsi egin da). 16-24 urte bitarteko gazteek, eremu batzuetan, 1991n baino gitxiago darabilte euskerea 2006an. Lehenago esandakoa errebortxatuz, lehen hizkuntzea gaztelania izatean euskeraz jarduteko erraztasun urriagoa dabelako, gehienak gune erdaldunetan bizi diralako eta harreman-sare erdaldunak –batez be– daukiezelako jazoten da hori, besteak beste.

Hurrengo artikulua: Euskerearen indarbarritzea moteltzen ari da?

Hizkuntzak indarbarritzeko ahalegina Kolonbian

2008-06-12

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Kolonbiako Kultura Ministerioaren arteko lankidetza akordioa tarteko dala, hamabostaldi bat kasik Kolonbian igaro ostean, hemen nator, barriro, zuengana (Beltzak parkatuko ete deust berandutzea), ez euskerearen indarbarritzea jorratzeko, ezpada Kolonbiako hizkuntzei buruz jarduteko. Izan be, Kolonbian dagozan hirurogeita bost hizkuntzen egoerea aztertzeko eta eurak indarbarritzeko ahaleginetan dabiltz bertan. Gauzak holan, hizkuntza bakotxaren egoerea aztertu ahal izateko oinarrizko lanabesak eratzeko pausoak emon doguz komunidade indigenetako hainbat ordezkarigaz. Hizkuntza bakotxari buruzko oinarrizko azterlanak burutu ostean, indarbarritzeko saioak etorriko dira.

Mendeetako bazterkeriazko eta suntsitze politikeak baztarrean itxita, Nazino Batuen Erakundeak 2007ko irailaren 13ko Herri Indigenen Eskubideei Buruzko Adierazpenean, besteak beste, “herri indigenei euren hizkuntzak indarbarritzeko, erabilteko, sustatzeko eta belaunez belaun transmititzeko eskubidea” autortu eutsen. Era berean, 90eko hamarkadan Kolonbiako Konstituzinoa barritu zanean, aniztasun kulturala eta linguistikoa estatuaren ezaugarritzat hartu eta komunidade indigenen hizkuntzak aintzat hartu ebazan. Halanda be, sekula ez da egin horren saio sistematizaturik Kolonbiako hizkuntzen egoerea aztertu eta indarbarritzeko.

Abian jarri dan egitasmoaren arabera, hiru urteko epean, hizkuntza guztien egoereari buruzko txostena ez eze indarbarritzeko neurri zehatzak be proposatu beharko dira. 2008. urtean, esate baterako, hogei hizkuntza dira aztergai izango diranak, beste horrenbeste 2009. urtean eta gainerakoak 2010. urtean aztertuko dira.

Hirurogeita bost hizkuntza honeen egoerea askotarikoa da, bai hiztun kopuruen bai hizkuntzearen beraren estandarizazino eta kode idatzia izateari jagokonez. Hiztun alkarte batzuen hedadura geografikoak, bestalde, Kolonbiako mugak gainditzen ditu eta Venezuela, Peru, Ekuador eta Panama herrialdeetan barreiatuta dagoz. Hiztun gehien daukan hiztun alkartea Kolonbiako Karibeko kostaldean kokatzen da, wayuu hiztun alkartea deritzo eta 220.000 hiztun ditu, gitxi gorabehera. Hurrengo hiztun alkarteak (paez), ostera, 150.000 hiztun ditu. Hortik aurrera, gainerako hizkuntza guzti-guztiek 50.000 hiztun baino gitxiago daukiez, eta gehientsuenek 10.000 hiztun baino askozaz gitxiago (1.000 eta 5.000 hiztun) daukiez.

Hiztun urri daukiezan alkarte batzuk leku bakartuetan bizi dira, egunak eta ez-ohiko garraiobideak (mandoa, oinez, txalupa, hegazkina eta abar) behar izaten dira hara ailegatzeko. Beharbada, horregatik iraun dabe horren denpora luzean bizirik, baina gaztelaniaren sarbide gero eta indartsuagoak (eskolaren –distantziak eraginda barnetegi bihurturik– eta askotariko eleizen bidez, esate baterako) euren biziraupena zalantzan jartzen ari dira. Ibai ertzetan, mendi kaskoen magalean edota Amazonako oihanean bizi dira batez be. Beste hizkuntza batzuen kasuan, ostera, higadura gertatu da. Euren lurralde-eremuak murriztu egin dira eta gune urbanoetara joan dira komunidadeetako kide ugari.

Hiztun alkarte gehienentzat hizkuntzea euren ohiko bizimodu tradizionalagaz, mundua ikusteko, naturea zaindu eta bertatik elikagaiak atarateko, medikuntza tradizionalagaz, eta abarren bidelagun da. Beraz, hizkuntzea indarbarritzetik haruntzago euren ohiko bizimodua berreskuratzea daukie helburu (jatorrizkoak lur-eremu berreskuratzea barne dala). Era berean, komunidade askok FARC taldearen, para-militarren, droga trafikatzaileen eta ejertzitoaren erasoak jasan dabez, ozta-ozta egunerokoarekin bizi diran komunidadeetan gosea ekarriz, hainbat buruzagi akabatuz eta hainbat komunidade lekuz aldatu eta barreiatu eraginez.

EUSKARA 21: hizkuntza politikeari buruzko gizarte eztabaidea abian

2008-05-07

Azken hamarkadetako hizkuntza politikaz gogoetea egiteko ez eze aurrera begira hizkuntza politikeak kontuan hartu beharko leukezan erizpideez be berba egiteko gizarte eztabaidea bultzatu gura dau Eusko Jaurlaritzeak Euskerearen Aholku Batzordean beren beregi antolatutako batzordearen bitartez. Izan be, galbidean joian euskereak indarbarritze zantzu nabari batzuk erakusten dauz azken hamarkadetan, hiztunak eta erabilera-eremuak be irabazi dauz eta. Halandabe, horrek ez dau esan gura lozorroan geratu behar dogunik.
Gizartea aldatzen doa. Egungo euskal gizartearen egiturea ez da sasoi batekoa.

Hizkuntzearen indarbarritzeak belaunaldi gazteenen moltzoan egin dau aurrera, batez be. Ezagutzearen hazkundearen eta erabilerearen arteko etena, ostera, hor dago, nabaria da. Euskereari lepoa emonda dagoan jente ugari dago gure artean, eta horreen guztiorreen halango partaidetza barik, euskerearen indarbarritzea lan gatxa da. Euskerearen preminarik ez daukan herritar ugari dogu, gizartearen gehiengo zabala, zelan lortu leiteke horreek euskerara hurreratzea? Euskerea eta haregaz batera doan euskal mundua erakargarri eginaz, gero eta lehiakorragoa, globalizatuagoa dan gizartean.

Bizikidetzea zurkaiztea eta kohesinoa areagotzea ardatz izanda, hizkuntza politika batek askotarikoen arteko adostasuna eskatzen dauz, bai pentsakeraz, bai hiztun ezaupidez, bai kolore politikoz, hizkuntzarik ahulena indarbarritzeko eran jarri daiten moduak bilatuz, beti be. Ez inoren, ez ezeren kontra, ezpada gizarte are hobeagoaren, kohesionatuagoaren, hiztun-alkarteen iraupenaren, garapenaren eta hedapenaren alde.

Danok dogu zer esana, danok dogu gure ekarpena egiteko modurik, arrazoibiderik, errespetuz, danona baita euskerea, danontzat baita euskerea, inorena edo inorentzat izango bada.

Eztabaidea abian jarteko idatzi dan txostenaren barri izan gura dauenak:

www.euskadi.net/euskara21