2010-07-21
Ezker abertzalearen zati baten eraginpean dagoan gizarte-mobimentuak, ahal dauen guztietan, eten barik azpimarratzen dau Lopezen gobernua euskera indarbarritze kontuetan aurrekoek egindakoa ez besterik egiten ari dala. Baina errealidadeak bestela dinosku. Nafarroako eta Iparraldeko ikastolek ez eben dirulaguntzarik jaso 2009. urtean, eta aurten ikusi beharko da; lan munduan euskerearen indarbarritzea sustatzeko ekimenak ikaragarri ahuldu dira; administrari-lanpostu deialdietan euskerearen eskakizuna jaitsi egin da; eta abar.
Orain Osakidetzaren txanda da, hain zuzen, aurreko legealdian horrenbeste hauts harrotu ebanari ailegau jako ordua. Izan be, euskerea ikasteko liberatuen kopurua % 25 murriztuko dau Osakidetzak urrian. Horrenbestez, euskerearen ezagutza eta erabilera indizeetan makalen dabilena are makalago ibiliko da aurrerantzean.
Halandabe, arazoa ez da euskerea ikasten egongo diran liberatu kopuruaren zenbatekoa, ezpada jarrerea bera. Izan be, Osakidetzan, Administrazino orokorrean lez, badira hizkuntza eskakizunen ezarpenetan gehiegikeriak, baina baita zabarkeriak be. Gehiegikeriak, hainbatetan kontuan hartu beharreko lehentasunetan herritarrak, hau da, zerbitzu hartzaileak kontuan hartu ez diralako eta euskerearen ezagupenaren zabalkundea euskerearen erabilerea areagotzeko erabilera-plan bategaz buztartu ez dalako. Baina, zabarkeriak be, lehenago aitatutako arrazoi bardinakaitik.
Jarri Izioqui dugu...-an | Iruzkinik Ez »
2010-06-11
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak adierazi barri dau krisi sasoi honetan demaseko ahaleginak egin dabezela laguntzak mantentzeko. Baina, benetan, holan dira kontuak?
Euskalgintza, Hedabideak eta IKT deialdien kasuan 2009 urteko laguntzak bere horretan utzi ditu Eusko Jaurlaritzak. Udal entitateei zuzendutako EBPN deialdiak, barriz, 100.000 euro gehiago izango ditu 2010. urtean, hots, ia % 6 gehiago. Eremu sozio-ekonomikoa aintzat hartzen dauen deialdiak, ostera, iaz baino 510.000 € gitxiago izango ditu, %1 9 gitxiago (2.200.000 €, 2009an baino gitxiago -2.710.000 €-). Eremu horretan gertatutako jeitsierari 123/2008 Dekretuaren eskakizunetara askotariko enpresak egokitzeko asmoz, 2008 eta 2009 urteetan egon diran 600.000 €ko laguntzak, bere sasoian hartutako konpromisoen arabera 2010 eta 2011 urteetan jarraipena behar ebena, desagertu egin dira. Horreek holan, eremu sozio-ekonomikoan euskerearen presentzia eta erabilerea sustatzeko laguntzak % 33 gitxitu dira.
Krisi sasoian halako murrizketea egiteak, duda barik, euskereak eremu pribatuan lekua egiten joateko ahalegina apaltzea eta bizibarritzeko azken urteetako saiakerea moteltzea suposatzen dau.
Jarri Izioqui dugu...-an | Iruzkinik Ez »
2010-05-20
Halan dino Sanz Erkidegoko presidenteak, Nafarroako uriburuaren kaleak bete dituan manifestaldiaren aldarrikapenen harira. Izan be, hamarkadetan gainbehera etorri eta gero, euskereak bilakaera positibo apala lortu dau azken urteotan Nafarroan, egitura soziodemografikoa oso bizkor aldatu danean (batez be epe laburrean etorri barri ugari ailegau dalako, bertakoen jaiotze-tasa urria gertatu dalako eta bertako biztanleria zahartu dalako); hain zuzen be, euskaldunen ehunekoa % 9,5 izatetik % 11,1 izatera pasau da 1991-2006 epealdian. Bilakaerarik baikorrena euskerea sustatzeari buruzko jarrereak euki dau zalantza barik, sustatzearen alde dagozanak (% 37,7) eta sustatzearen aurka dagozanak (% 34,2) nahiko parekatuta dagoz-eta. 1991 urtean, ostera, aurka egozanak (% 53,7) aldeko ziranak (% 22,3) baino dezente gehiago ziran.
Edozelan be, Nafarroan hauteskundeak datorren urtean diranez gero lehia gogorra dago alderdien artean, orain arte batuta aurkeztu diran eta oraingoan bereizita doazen UPN eta PP alderdien artean batez be. Horreek holan, UPN alderdiak, besteak beste, euskerearen kontra jardunez (laguntzak murriztuz eta abar), astinduz, alkarte eta erakundeen kontra arituz izaera propioa azpimarratzea eta botoak eskuratzea aurreikusi dau.
Jarrera horrek zer pentsatua emon beharko leuskigu euskerearen indarbarritzearen aldeko langintzan gabiltzan guztioi; batetik, euskerearen aldeko lana alderdikerietatik aldenduz; bestetik, alde bakarreko aldarrikapenekin lotu daiten saihestuz; eta azkenik, euskerearen garapena xedetzat harturik, egitasmo zabal, inklusibo eta eraikitzaileen inguruabarrean ahalik indar gehien batzen ahaleginduz. Azken hori egin ezean, euskerearen garapena baldintza hobeagoetan gertatzea ezinezkoa izango da eta, nahi ez dala, gainbeheran etorriko jaku.
Jarri Izioqui dugu...-an | Iruzkinik Ez »
2010-04-26
BHV auziak gatazkea biztu dau barriro be, Belgika federalaren egonkortasuna kolokan jarriz. Izan be, Bruselako hemeretzi udalerrik eta Hall-Vilvoordeko 35 herrik osotzen dabe BHV barrutia. Gauzak holan dirala, Flandriako indar politikoek barrutia desagertu daiten, Hall-Vilvoordeko 35 udalerriak Flandriako Eskualdearen legedi –hizkuntza legedia barne dala– eta agindupean jarri nahi dabez. Halanda be, hori gertatzean, herri horreetan bizi diran frantses hiztunek orain daukiezan eskubide batzuk galdu leikiez, batzuen artean, Flandriako lurraldean egoteagaitik frantses hiztunen hautagai politikoen aldeko botoa emoteko aukerea eta inguru horreetako frantses-hiztunek autortuta daukiezan hizkuntza-eskubideak. Eta horrelakorik ez dabe entzun be egin gura frantses hiztunen alderdi politikoek; euren eretxiz, «bazterketa politikoa» indarrean jartea litzateke-eta.
Horregaitik, estadu federalaren etenbako egonkortasun falteak eraginda, Flandria independente baten alde dagozanak gero eta gehiago dira. Azken inkestek nabarmendu dabe Flandria burujabe baten alde dagozala eskualdeko herritarren % 40 inguru.
Jarri Izioqui dugu...-an | Iruzkinik Ez »
2010-04-22
Eusko Jaurlaritzaren altzotik bideratutako hizkuntza politikeak ez eban aldaketarik izango. Hori inoen, behintzat. Era berean, aurreko legealdian deseroso egon ziran jite jakin bateko euskerearen aldeko sektore murritz batzuk be –Gobernuaren hizkuntza politikan aldaketarik ez zala igarten eta–, funtsean, Lopezen gobernuak aurreko gobernuen politika bera garatzen ari zala azpimarratzen ahalegindu dira. Baina, ‘aldaketea’ igarri egin da.
Hizkuntza politika kontuetan Jaurlaritzak ez dau bere lehenbiziko urtean ezelako aitzindaritzarik erakutsi. Horrezaz gan, Hezkuntza eta Kultura sailetan euskerearen sustapenagaz zer ikusia euken diru-zuzkidurak murriztu egin dabez, … Orain ‘aldaketea’ lan eskaintza publikora dator; 2000. urteko lan eskaintza publikoan, administrarien % 73k euken euskerea ezagutzeko betekizuna. 2010. urtean, ostera, % 63k daukie betekizuna (hamar puntutan egin dau behera); administrari laguntzaileei jagokenez, ostera, 2000. urteko lan eskaintza publikoan, euskera ezagutzearen betekizuna euken administrari laguntzaileen % 61,4k; oraingoan, % 48,3k (hamahiru puntutan egin dau behera).
Gainerako eskaintza publikoetan, batez be osasun zerbitzuakaz eta hezkuntzeagaz lotura daukien horreetan, antzekoa gertatuko dala aurreikusi leiteke, besteak beste, ezagutzeko kopuruak ez eze euskereari baremoetan emoten jakon pisua be murriztuz.
Tori ‘aldaketea’.
Jarri Izioqui dugu...-an | Iruzkin 1 »