XXI. menderako hizkuntza politikea

Joan dan astean Euskerearen Aholku Batzorde barria eratu zanean, datorren hilean hogeita bost urte beteko dituan Euskerearen Erabilerea Normalizatzeko Legea hizpide izan zan eta, besteak beste, Legea ahalbidetu eben zenbait printzipio, askotarikoen arteko adostasuna, malgutasuna, eta abar aitatu ziran. Hogeita bost urteotan, euskerearen indarbarritzeak aurrerapauso sendoak emon dituala zalantzarik ez dago, esate baterako irakaskuntzan, administrazinoan, hedabideetan eta abarretan. Hiztun kopurua be dezente handitu da.

Hau da, euskerak inoz izan dauen hiztun kopururik zabalena ez eze erabilera-eremurik ugariena be dau eskuartean. Bide luzea egin da, halan da be, bide are luzeagoa dogu ibilteko. Izan be, sasoi bateko hiztunekin alderatuta, zein dira egungo hiztunen ezaugarri nagusiak? Zein da oro har erakusten daben hizkuntza-gaitasuna? Zein dira euren komunikazino-beharrak beteteko lehentasunez jorratu beharreko jardun-eremuak?

Euskereak gazte-belaunaldietan egin dau aurrera, batez be. Zein da belaunaldi honeen pentsamendua euskerearen ganean? Euskerea aukera bat gehiago balitz lez ez ete dabe ikusten, erakargarri eta erabilgarri suertatzen jaken heinean, erabili beharrekoa, soil-soilik. Eta zer esan, komunikazino-jarduera sinple batzuk baino ez burutzeko gauza diran gazte zein heldu andanari buruz, euskerearen bidean segi daien zer egin geinke, zelan balorau eta autortu geinkean egin dauen esfortzua, euskeraz eginez segidu daien, apur baten bada be?

Eta euskerearen preminarik, euskeratik urrin sentiduten diranentzat edo dagozanentzat zelan egin euskera eta euskeraz ekoizten dana erakargarri? Urrin dagoan jente horren kasuan, ze pauso emon geinke galtzen ari diranaz jabetu daitezan, zeozer galtzen ari badira bederen, eta euskerara eta haren indarbarritze ahaleginera gehitu daitezan?

Erantzun bi “XXI. menderako hizkuntza politikea” -ri

  1. etxepel:

    Kaixo Erramun! Ondo etorria barriro txoko honetara!
    Harian sartuta, zuk planteatzen dozuzan itaunon inguruan, aspaldion gogoan darabilguzanak, egia esan, oso kontuan hartzekoa eta erreferentziala da Topagunea erakundea. Bere barrutik eta berau osatzen edo dinamizatzen dabenengandik urteten diran gogoeta eta eritxiak oso kontuan hartzekoak dira. Danetan nabari da euskerearen aldeko diskurtso barri bat. Bertan konpromisoak, eskariak, erreibindikazioek … toki apalagoa betetzen dabe; eta gozamenak, ostera, askozaz ere handiagoa.
    Adi egotekoa da datorren hilabeterako antolatu dauan jardunaldia kontu honein guztien inguruan.

  2. Panoramix:

    Neu be aspaldiko itaun eta kezkak diranagaz bat nator. Euskararen egoerarekiko sensibilidade eta ardura apur bat daukanarentzako aspaldiko galderak (eta gaur egungoak, oraindino…) Eta aspertzen hasita nago. Aspertzen hasita euskaraz bizi gura dogunok eten barik geure barrua astintzen ibili behar izateaz, euskararekiko loturarik sentitzen ez dabenei hizkuntzarekiko maitasun gar hori biztutzeko (zer dinot “maitasun gar”, sensibilidade txingar (txinpart) xumeena biztutzeko). Lurazo ez dala, internet-en mintza-praktika bultzatzeko webguneren bat be sortu barri dala entzun dot, euskara perfilik ez eben irakasleei euskara maila egokia lortzeko -eta ez dinot “behar dan bestekoa”, bakar-bakarrik “egokia” baino- urte beteko (ala bi ziran???) eszedentzia emoten jaken soldataren %100-agaz, eta gaur egun be ez da diru gitxi izango gitxiengo euskara maila bat -eta azpimarratu egin nahi dot, “gitxiengo maila bat” baina ez “behar dan bestekoa” sarritan-erakundeek eralgitzen dabena. Bakarrik falta jaku oliotan bustitako oilo-lumagaz tutuzuloan tatana egiten joatea…

    Nire ustez, eta beti uste apalean, erreztasunak exijentziekaz uztartu behar doguz, eta batez be, beharrizana sortu. Ez nabil hizkuntzaren inposaketaz, erabileraren beharrizana sortzeaz baino, ez bakarrik erabilera bultzatzeaz, batzuk bultzakadak emonda be, mando setatia bera baino kaskagogorragoak dira-eta. Eta beharrizana zelan sortu? Aaaaamigo! Ez da itaun erreza hori, batez be hartu beharreko neurriak baztertzailetzat jo ez daitezan… baina akaso “gitxiengo hizkuntza maila” baino “behar dan bestekoa” eskatzetik hastea egon leiteke… Hona hemen itauna beste irakurle batzuk busti eta erantzun dagien.

    Beste alde, gazteak be aipatu dozuz. Mintza-praktika, mintza-praktika eta mintza-praktika, eta internet-en bidezkoa baino, aurrez-aurrekoa hobeto. Egundo baino ikasle gehiago euskarazko adarrean ikasten, eta lortutako emaitzak, hizkuntzaren erabilerari dagokionez, ez dakit proportzioan ez ete diran sekula baino kaskarrenak. Benetan bultzatzen da eskoletan mintza-praktika? “Learning by self-doing” askorik aplikatzen ez ete dalakoan nago ni… Gazteek zer adierazi gura jakin bai, zelan esan ostera ez… Eta landarak txiki-txikitatik, kimuak botatzen hasten diranetik, arteztu behar dira, behin okertzen hasi ezkero, zuzentzea gatxagoa dalako, eta okertu ezkero makurragaz hasten direlako.

    Tira, eta amaitzeko, “azkenean be! agertu garala” esatea baino ez. Ia-ia turroia be zenbait elikagai-denda eta zentro komertzialetan gabon garairako etortzen jakun moduan… Edozelan be, pozteko modukoa! turroia be gustura jaten dogu-eta… Ale, hurrengo batera arte,

    Panoramix

  3. Zaratas:

    Ondo etorri Erramun, bai, baina, aittu, zer edo zer idatzi, ez?

Erantzun bat jarri

E-Posta

Idatzi laukian alboko letra eta zenbakiak: