'Ardi txikia beti bildots'

Kristalezko begi bat Maiatzen 29. solasaldietan

Eguena, Maiatza 16th, 2013

Baionako Euskal Museoan batu ginan Maiatz alkartearen 29. solasaldien inguruan joan zan eguaztenean. Jende gitxi batu ginan (hamar lagun), halangoetan ohi legez, baina giro ezin goxoagoan. Protagonistak ur sentiduteak berbak eta testuak jasotea erraztuten dau, eta osteko afaritxura alkartzeak jaiak segitzen dauan gozamena emoten.

Luzien Etxezaharretak Maiatz aldizkariko azken alearen aurkezpena egin eban, eta harpidetzarako deia egin; Itxaro Bordak akuilatu eban Miren Agur Meabe, bere azken liburuaren ganeko solasaldian; eta, akabetako,  Oier Guillan olerkariaren Elkartasun basatia izeneko errezitaldi-ikuskizuna euki genduan.

Miren Agur Meaberen berbak dakardaz hona. Lehenago bere egin izan dot berba liburuaz hemen. Solasaldietarako bide oparoa emon dau liburuak eta kritikak be ugari izan dira komunikabideetan.

Adi baina! Personea kontraesankorra da berez (horixe da gure ezaugarrietako bat), eta idazle batek, persona batek, solasaldi baten edo alkarrizketa baten dinoazanak ezin dira orpoz orpo segidu. Izan leiteke gaur bat esan eta bihar bestea esatea, unearen arabera. Sinesgarri egiten jat aitortza hori, bai eta egileak egin zituan beste batzuk be. Halan da ze, esan legez, hartu berbok dirana legez: maiatzeko solasaldiek emon ebena dira, ez dira autopoetika, ez dira biografia, ez dira aitortzak, ez dira topikoak, ez dira legeak… Eta, badira, era berean.

Liburuaren ezaugarrietako bat literatur-molde anitz alkartzearena da, eta gatxa da genroren baten sailkatutea. Zer da ba, nobela bat? Koaderno pribatu bat? Bietako bat bere ez? Aikor Angel Lertxundik egiten dauan gogoetea: Nobela bat da? Nobela gisa irakurri nuen nik, nahiz Meabe hurbilegi daukagun testuarekin distantzia hartzeko. Jarraitzekoa izango da liburuak izango duen harrera beste hizkuntzetan eta Meabe ezagutzen ez duten tokietan. Testua egongo da biluzik, testua baino ez. Baina adituek baliote ere ez dela nobela bat, irakurleoi bost. Literatura da. Letra larriz.”

Liburua idazteko tarteetako bat kanpoan egin eban Miren Agur Meabek. Erretiroa bakardade sinbolikoa dalako, zeozelan. Kanpoan egoteak probetxu hori dakar, hain zuzen bere: bakartuta egotearena eta sozializatu behar ez izatearena, idazteko tartea hartuta. Eze, geure inguruetan “hortxe” egon behar dogu, familian, lagunartean, herrian… jagokuzan posizinoetan. Liburuan bertan sozializatu behar  hori purrustaka egiten da kapituluren batean. (Personea soziala da, bai; baina, askotan bakardadea be behar dau. Parentesi hartekoa neure gogoetea da).

Idazketa prozesuagaz jarraituta: ez ei eban egileak hasikera baten nork irakurriko eban pentsatu, norbere buruarekin zintzoa izateko modu bat izan zan. Gerora agertu zan testuan ageri dan “zu” hori: batzutan laguna, bestetan kritikari zorrotza, eta beste batzutan ezezaguna…  “Zu” hori izan daiteke konfidentzien tonoa bilatu gura izanaren arrazoia, edo irakurleak erakartzeko modua.

Autofikzinoa egiten dau Miren Agur Meabek honakoan. Baina aitortzen dau  ezebe ez da la  %100ean egia edo gezurra. Intimitatearen muga erlatiboa da. Pasarte batzuk fantastikoak emon leikie, eta egiatik beste askok baino gehiago dauke. Eta alderantziz. Autofikzinoaren etiketa orain nabarmendu da batez bere, baina lehenagokoa be bada kontua: aurreko poesia-lanetan ni poetikoa eta ni biologikoa oso hurbil  egoazan baita be.

Eta hizkera poetikoaren ganean: Miren Agur Meabek aitortu eban berak ahalegina egin ebala barruko poeta hiltzen liburua idatzi bitartean, baina ezin izan ebala erabatean lortu. Liburuak badauka tonu lirikoa bere esanetan, baina ez poema-liburuek beste. Autokontrola da horren arrazoia.

Izenburutik bertatik ondo dakigu, jakin, kristalezko begiak garrantzia daukala. Bada, liburuaren leitmotif modukoa da, eta hortik irradiatzen dira gogoeta guztiak. Egilearen esanetan, kristalezko begiak hiru balio daukaz bere azken lanean: batetik, balio erreala (erreferentziazkoa); bestetik, balio sinboliko (interés literarioak eragindakoa, atzera begiratzekoa, galdutakoen sinboloa da begia); eta, azkenik, balio literarioa (izan be, sarri agertzen da Kristalezko begia Literatura Unibertsalean, dala purutasuna adierazteko, dala izarrak adierazoteko…).

Itxaro Bordak nabarmendu eban orain arte euskaraz irakurri ez ditugun bizi-esperientziak agrtzen jakuzala liburuan, berbarako, emazteen zahartzeaz. Emakume idazleak irauten ari diren seinalea da.

Emakumearen gaiari helduta, liburuko emakumea gizona eskas daukan emakumea ete zan galdetu eutsan. Eta Miren Agurrek baietz, kasu horretan halaxe dala. Liburuko emakumeak gizon bat behar dau, haragitik jatorkon afektibidadea behar daualako. Baina halan da be, kontraesanak daukaz, eta ez dau afektibidade hori edozein preziotan lortu gura. Izan be, zer da, ba, maitasuna? Ba, norberak maiatsuna dala uste dauan hori. Liburuko emakumeak ahaleginak egiten ditu maitasuna apasionatua izanda be gerarkiarik egon ez daiten harremanean (eta oso zaila da hori, maiatsunean be ez da orokorrean bardintasunik egoten). Labur esanik, maitasun erromantikoaren beharra dauka liburuko protagonistak, baina, beste alde batetik, matxinatu egiten da, maitasun erromantiko hori edozein preziotan ez lortuteko.  Nola bizi nahi dot nire autonomia hau?  galdetzen deutso bere buruari protagonistak. Baina, argi dago: aukerak ez dira debalde.

Autoerretratua, gogoetea… izan zan solasadia, liburuaz eta pertsonon izaeraz akabu baten. Eta akabura orduko esaldi handi horreetako bat bota eban Miren Agur Meabek, kontu eginda topikoa emon leikeala, baina bere kasuan halaxe dala: “idazteak laguntzen dit nire existentzia dominatzen”.

Gastronomia & Literatura

Astelehena, Maiatza 6th, 2013

Umeentzako menuak dagoz gaur egun ia jatetxe guztietan (normalean kroketak, pasta, solomoa, patatak, mantekaua…). Sasoi baten halakorik ez ei egoan, eta jatetxeetan umeentzako eta nagusientzako elejia bardin-bardina zan. Horixe zan jaten ikasteko modu bat, danetarik probetan hastekoa, gauza barriak ezagututekoa… Umeeri beti umeen menua eskaini ezkero, beti ume, nagusitan be umeen menua eskatzen segidutea baino ez da lortzen.

Kasua da ze literatur arlora eroan leitekela aurreko hori. Halantxe hasi eban  joan zen astean Isaac Fernandez irakasle eta idazleak (Corkeko unibertsitatea) Parisen emon eban berbaldia.

Baia horixe ez da literaturearen eta gastronomiaren arteko lotura bakarra. Isaac  Fernandez literatura, identitatea eta gastronomía ardatzen inguruko tesia lantzen dabil. Persona guztiek daukagu elikatu beharra, baina unean uneko posizinoaren arabera elikadura-ohiturak be aldatu egiten dira. Eta ohitura horreek (kasu honetan jatekoaren ohiturak) pentsagai bihurtzen dira. Halan sortzen da gastronomia, eta halan sortzen dira testu gastronomikoak. Literatur genero bereizia osotzen dabe, ganera, halango testuek.

Hortik harago be, sarri agertzen dira gastronomiaren aztarnak liburuetan (eta ez bakarrik kafe-tanta orrialde ganera jausten danean…). Lantzean-lantzean pertsonaiak jan-edanean agertzen dira tintazko berben artean. Eta zer jaten dabe? Zelan aurkezten da janari hori? Zelan lotzen dira jateko horreek pertsonaien zein idazlearen indentitateagaz eta kultureagaz?

Oso gai interesgarria iruditu jatan, eta horrexegaitik ekarri dot hona.

Interneten bilaketa azkar bat egin ezkero, gaiaren inguruko orrialde kuriosoak agertzen dira: gurean gaiaren inguruan egindako jardunaldiak, idazleek eta sukaldariek alkar hartuta egindako lanaksukaldaritzaren ganeko literatur testuen datu-basea, literatura gastronomikoari buruzko liburuak, eta liburu gehiago….

On egin!

Xerezaderen artxiboa

Domekea, Apirila 28th, 2013

Tren bidaia luzeetako lotarako orduak joan diranean, begiak gehiago irakurteko nekatuegi dagozanean, leihotik begira parauta joateko ilunegi dagoanean… halangoetan, kasurako, kontetan deustaz kontuak Xerezadek.

Izan bere, Xerezadek artxiboan testu ederrak daukaz, eta gura dauanari kontetan deutsoz.  Zenbat bider ez ete dan aurten neugaz batera etorri hara-hona, kilometroetan eta kilometroetan.

Eta, azkenean be, ausartu egin naz: berba egin ot beragaz, itaunak egin deutsadaz, tren bidaia luzeetako lotarako orduak joan diranean, begiak gehiago irakurteko nekatuegi dagozanean… ondoan jarrita daroazun bidaiari horregaz egiten dan legetxe.

- Zelan sortu zan podcastaren ideia?

Ikaragarri maite dodaz liburuak eta bereziki ipuin generoa, eta, bestalde, asko gustetan jat irakurketa dramatizatuak entzutea. Orain dala urte batzuk ipod bat erregalau eustien. Literatur podcastak entzuten hasi nintzan, batez be ingelesez, eta bizitza aldatu eustan, modua emon eustalako literaturaz gozetan jarraitzeko irakurteko modua ez neukanean be, adibidez paseoan nenbilenean edo etxeko lanak egin bitartean. Herrialde anglosaxoietan sano normala da audioliburuak erabiltea, baina gurean ez dago horretarako batere ohiturarik, nahiz eta gure aitita-amamak irrati nobelakaz hazi ziran. Euskerazko literatur testuen audioen faltea ikusita, hasi nintzan literatur podcastaren ideiari bueltak emoten eta lagunei azaltzen, taldetxu bat eratzeko asmotan. Jasone Larrinagari hasieratik gustau jakon asmo hori, eta grabazinoak editetako prest agertu zan.

Hasiera, ez dot esango gogorra izan zanik, baina bai konplexua. Ez genkian zelan egiten zan podcast bat edo zelan eskegiten zan blog batean. Interneten bilatu genduan; informatikearen arloan guk baino gehiago dakiten lagunei konsultak egin geuntsezan, eta gure kabuz gauza asko deskubridu doguz. Gure asmoa etxean grabetea zan, eta nik mikrofono polit bat erosi neban, baina konturatu ginan inguruko zaratea be grabetan ebala, eta zarata zuri handia egoala grabazinoetan, eta gatxa eta neketsua zan hori garbitzea eta editetea. Hori ikusita, argi egoan zeozelako estudioa erabili behar genduala. Irrati libreren bati baimena eskatzea okurridu jakun, baina gure inguruan ez egoan horrelakorik. Lagun batek gomendatuta, Bilbo Hiria Irratira jo genduan. Gure proiektua azaldu geuntsen eta estudioa erabiltearen truke, gure grabazinoak euren esku ixtea eta gure blogean irratiaren webgunearen loturea egitea eskaini geuntsen. Pozik hartu eben gure proposamena eta bertan grabetan hasi ginan, eta igarri genduan aldea. Esan beharra dago irratiko teknikarien laguntza eskaini euskuela grabazinoak editetako, baina gurago izan genduan geuk egin. Gure proiektuaren partea zan lan hori be geuk egitea, eta ausartu egin ginan.

Halanda ze, Bilbo Hiria Irratiko estudioan egiten doguz grabazinoak, etxean editetan doguz, eta Xerezaderen Artxiboaren blogean eskegiten doguz aste bitik behin, astelehenez. Gainera, Bilbo Hiria Irratiak astelehen arratsaldetan emitiduten dau (FM 96.0) gure grabazinoa, eta gero bere webgunean jarten dau. Ikaragarri ondo hartu gaitue Bilbo Hiria Irratian, poz-pozik gagoz eurekaz, etxean bezela.

- Zergaitik Xerezade izena?

Bada, izen polit eta esanguratsu bat ipini gura genion podcastari eta oso metodo demokratikoa erabili genduan: proposamen zerrenda bat egin eta gure ingurukoen artean botazino bat antolatu genduan, eta Xerezaderen Artxiboak irabazi eban! Egia esan, asko gustetan jaku izena, Xerezade ipuin kontalaria izan zalako, eta bere zuhurtziaz eta hitzaren trebeziaz narrazinoen sare batean harrapatu eban sultana, eta holan lortu eban bere bizia eta ahiztena salbetea. Ziria sartu eutsen sultanari eta Heriori. Gustetan jaku pentsetea bere kontakizunen artxiboaren jagoleak garela gu.

- Egileak: Jasone Larrinaga eta Ana Isabel Morales. Bidelagunak be bai, kolaboratzaileak… talde-lana da? Zelan batzen dira kolaboratzaileak? Eskariz, euren borondatez?

Hasieran, Saioa Gabikagogeaskoa be alkartu jakun. Saioak eta biok grabetan genduan eta Jasonek editetan eban. Gero, beharreko kontuakaitik Saioak itxi egin eban ataza hau, baina konbidatu nahikotxu euki doguz grabazinoetan: Iñigo Roque, Jaione Agirre, Oihenart Garai, Luistxo Fernandez, X10, Harkaitz Cano, Meli Perez, Maialen Unanue… Geuk eskatu deutsegu irakurteko eta eurak jator-jator etorri dira estudiora geugaz grabetan, zero patatero euroren truke. Eta ahotsaz edo testuez kolaboratzeaz gan, blogerako aholku oso onak emon deuskuzan lagun bat be aitatu gura dogu bereziki: Edu Lartzanguren.

Edozelan be, egunerokoan bi lagun baino ez gara Xerezaderen Artxiboko taldea: Jasone Larrinaga eta ni neu. Ai… horregaitik ibilten gara batzuetan hain itota eta heldu ezinik! Baina honenbesterik behin topa be egiten dogu Xerezaderen omenez.

- Zelan egiten dozue ipuinen/testuen hautaketea? Zelangoa izaten da grabazino-prozesua?

Lehenbiziko aukerea gustuen araberakoa da: maite doguzan testuak irakurten doguz, gehienbat ipuinak (helduentzako narrazinoak, hain zuzen), guk geuk ezagutzen genduzanak edo bateren batek gomendatutakoak. Batzuk euskeraz idatziak dira jatorriz, eta beste asko itzulpenak. Askotan gertatzen da literatura unibersaleko lan bikainak euskeraz zoragarri euskeratuta dagozala eta irakurleek jakin be ez dakitela hor dagozanik, aspaldi itzuli ziralako edo behar bezelako zabalkunderik ez ebelako izan (edo aurreretxiakaitik, ohitu garelako klasikoak beste hizkuntza batzuetan konsumiduten). Gure ustez oso garrantzitsua da entzuleei lan horreek ezagutzera emotea. Benetako altxorrak dagoz gure hizkuntzan, bai jatorrizko lanak, bai itzulpenak, eta merezidu daben zabalkundea emon nahi deutsegu. Bestalde, guk asko maite dogun piezaren bat euskeraz ez badago eta guk jatorrizko hizkuntzea baldin badakigu, itzuli egiten dogu, biok gara eta itzultzaileak.

Jatorrizko lanei jagokenez, edo copyrightik bakoak dira edo egileen baimenagaz plazaratu doguz, eta gauza bera itzulitakoak diranean: beti eskatu deutsegu baimena itzultzaileei, gure proiektuaren barri emonez. Inork ez dau ezetzik esan eta, oro har, sano ideia polita iruditzen jake eta animoak emoten deuskuez. Oso jator dabilz itzultzaile guztiak eta bihotzez eskertzen deutsegu. Batzuek propio egin ditue itzulpenak gure podcasterako, eta azpimarratzekoa da podcastean daukaguzan testuetako batzuk ez dagozala beste inon euskeraz, eta, areago, baten batzuk ez dagozala gaztelaniaz be.

Podcastaren beste alderdi interesgarri eta positibo bat beste medio batzuetan izan dauen jarraipena edo emoitzea da: esaterako, guk audioan plazaratutako primizia batzuen testu idatziak (John Cheeverren ‘Igerilaria’, Ursula K. LeGuineren ‘Legez kanpokoa’, biak Jasone Larrinagak itzuliak) Armiarma.com-en argitaratu dira gero. ‘Hormako paper horia’ (nik neuk itzulia) Edo! argitaletxeak argitaratu eban liburu moduan. Iñigo Roquek gure podcasterako itzulitako Pessoaren poemak be liburu gisa argitaratu ziran, Poemak pluralean izenagaz.

Grabazino prozesua dala eta, lehen esan dogun moduan, gehienbat Bilbo Hiria Irratiko estudioan grabetan dogu, tarteka etxean be zeozertxu grabetan badogu be, denporaz oso estu gabiltzanean. Gero, audio artxibo hori editau egin behar da, hau da, zaratak eta errakuntzak garbitu, eta soinuak (ate baten zaratea, trenaren burrunbadea, tiro-hotsa…) eta musikea jarri. Hori guztia, Audacity izeneko dobako programa bategaz egiten dogu. Denporagaz asko ikasi dogu arlo horretan be. Hasieran nahiko behar izaten genduan ahotsaren bolumena ondo ipinteagaz eta errakuntzak kentzeagaz, efektu batzuk ipini eta ez ginan beste ezer egitera ausartzen. Orain danetarik ipinten dogu, efektuak eta musika asko.

- Zelango harrera izan dau zuen ekimenak? Zer gogoeta jaso dozue jentearengandik?

Guk uste dogu harrena ona izan dauela, baina apur bat kostau da. Blogean dagoan kontagailuaren arabera, 8.000 bisitari euki doguz orain arte; gainera, iTunes-en be badago eta hortik be jente asko sartzen da.

Eretxi onak jaso doguz, oro har, baina entzuleen feedback gehiago gura geunke. Entzuleen gustuak zeintzuk diran jakingo geunkez, zer egiten dogun txarto eta zer ondo, zer gustetan jaken gehien, zer gitxien… Batzuetan Twitterren bidez heltzen jakuz komentarioak, eta asko eskertzen doguz, baina horreek haizeak daroaz, eta edozein entzulek atal bakotxari jagokozan iruzkinak ikusi ahal izateko, onena litzateke blogean bertan ixtea.

2012ko zemendian jai bat antolatu genduanpodcastaren lehen urtemugea ospatzeko. Hainbat testuren zuzeneko irakurketea egin genduan jentaurrean, konbidatu entzutetsuakaz (Iban Zaldua, Goizalde Landabaso, Luistxo Fernandez eta Iñigo Roque), eta aukerea izan genduan gure irakurle leialetako batzuk zuzenean ezagutzeko eta eskerroneko besarkadea emoteko. Espero dogu zuzeneko holako saio gehiago egitea, oso bizigarria baita ipuin on bat entzutearen plazerra maite daben beste lagun batzuekaz alkartzea.

Dokumentala eta nazinoa

Astelehena, Apirila 15th, 2013

Euskal Herritik Josu Martinez, Galiziatik Margarita Ledo, eta Kataluniatik Issona Passola izan genduzan Sorbonne Nouvelle Paris 3 unibersidadean joan zan barikuan. Euskara-, katalan- eta galego-lektoreok antolatu genduan, eta hainbat ikasle eta interesdun bertaratu ziran Documentaire et nation jardunaldietara.

Apunte batzuk baino ez dakardaz, gogoetarako edo, koadernoan idatzi legez, batari eta besteari entzunak:

-       - Zinema nazionala eraikuntza nazionalerako proiektuaren baitan kokatzen da, eta ideia nazionalak adierazteko bidea da.

-        - Sortzean, posizioa hartu beharra dago, hau da, beti dago ideia personal bat erakusten duzun horren atzean. Irudia ez da hartzen, produzitu egiten da, eta norberak errealitate batzuk agertzen ditu, kontrastatzeko modukoak, jendeak kontrastatu eta interpretatu ditzan modu librean.

-        - Zinema nazionala egitean, garrantzia dauka aurreko tradizioa berreraikitzeak.

-        - Espazio errealak filmatzea ondarea berreskuratzeko modua da.

-        - Nazioaren kontzeptu modernoa hauxe da: etorkizuna erabaki gura duen kolektibitatea.

-        - Ikus-entzunezko arteak nazio ikusezinetan bizi diren pertsona ikusezinen istorioak eta historia kontatzeko modu onak dira.

-        - Guk egiten dugun zinemak bakeari buruzko eztabaidarako aportazio bat izan gura du.

-        - Hiru gonbidatuen pelikuletan presentzia nabarmena dauka emakumeak.

-        - Dokumentalaren bidez pertsonaien bizitza kontatu ordez pertsonena kontatzen dut.

-        - Zinema nazionala estatuaren marka gabekoa al da?.

-        - Zinema nazionala proiektu politiko bati lotzen zaio?.

-        - Zer daukagu nazio txikiek munduari emateko zineman? Zer eskatzen dute kanpoan? Bada, errealitate lokalak (ezen ez folklorikoak), emozio unibertsaldunak.

-        - Baina, batez ere, filmek onak izan behar dute.

-        - Dokumentala indar handiko generoa da.

Hizkuntza saltsan

Eguena, Apirila 4th, 2013

Lengua en salsa, hizkuntza saltsa: horixe izan zan Itzulpengintza eta interpretazino karrerako lehenengo promozinoko ikasleek ikasbidairako kamisetetan ipini eben leloa. Horixe edo antzeko bat, artean hasibarriak ginan gu eta ez nenduan berbaz berba ikasi… Ez jat izenburu aproposagorik otu lehengo baten jazotakoa ekarteko.

Kokatzeko: Baiona, L’autre cinema aretoa. Bernardo Atxagaren Bi anai liburuan oinarritutako izen bereko filma (Imanol Rayok zuzendutakoa): euskeraz, azpitituluak frantsesez. Ostean, Atxagaren ganeko dokumentala (Joxe Angel Arbelaitzek zuzendutakoa) euskeraz, azpitituluak frantsesez. Halango baten, eten egin zan proiekzinoa; antza, txarto grabauta egoan frantsesezko azpitituluak eukazan zintea, eta, une batetik aurrera, euskerazko soinua eta espainolezko azpitituluak.

Eta dokumentala akabaukeran, hainbat lagun mahai bueltara: moderatzailea, itzultzailea, Bernardo Atxaga eta dokumentalaren zuzendaria. Moderatzailea, frantsesez; dokumental-zuzendaria, euskeraz; itzultzaileak azken horren bersinoa frantsesez; Atxaga, frantsesez.

Atxaga frantsesez, batzutan kostata… behinola ikasitako frantses horretan, gu lako frantses-hiztun barriok egiten dogun halako baten. Total: kostata ebilela bera, eta kostata ulertuko ebela frantses elebakarrek (halan uste dot nik). Entzuleen artetik euskeraz egiteko eskatu eutson ahots batek, eta kasu egin eutsan idazleak: halan bai, bere hizkuntzan moldatzen zan! Baina, orduan, moderatzaileak komeriak, antza! Eta itzultzaileak! Zelan jokatu jakin ez!

Nik neure artean ia benetan ekarri ete eben itzultzailea filma zuzendariaren berbak itzultzeko bakarrik… (deformazino profesionala…)

Moderatzailearen eskaria: arrazoi praktikoak zirala-eta hobeto zala frantsesez egitea. Atxagak amen. Frantsesez segidu. Arrazoi praktikoak! O là-là!

Saio akabuan entzule batzuk hasarre antzean, Atxagak euskeraz egin behar ebala eta; beste batzuk bardin, baia ia zertan egin behar ete eban Atxagak euskeraz frantsesez jakinda; beste batzuk, ostera, pozik, horixe dala hain zuzen be hizkuntzen aniztasunaren paisaia, batetik bestera salto egiteko erea eukitea. Nik neure barrurako: erea eleanitzek baino ez daukie. Elebakarrek ez daukie aukera handirik.

Zenbat akordetan jatazan karrera sasoiak! Akordetan jataz izenburu legez ipinitako leloko berbak. Eta irakasle batenak: egunero-egunero hospitaleko sarreran norako asmoa eukan itauntzen eutsen, egunero egunero: zaintza berezien gelara, ¿a donde?, a la sala de cuidados intensivos errepikatu behar izan ei eban sasoi baten. Sekula betiko barruratu dot irakasle haren gogoetea: elebidunen kasuan, batek euskeraz eta besteak erderaz egin leikie, eta alkar ulertu. Elebakarrek daukie arazorik handiena. Arazoa ez ete da, ba, elebakar izatea? Aikor, hizkuntza saltsan.

Atzerriko ikasleen oharrak euskal literaturearen ganean

Barikua, Martia 29th, 2013

Parisen euskal literaturearen ganeko eskolak emon ostean, irakurritako testuek zer inpresino eragin deutsen itaundu deutset ikasleai, feedback eskean; zeozelan be, orde eskean, frantsesera itzulitako euskal literatura garaikideko testuak batu, aukeratu eta landu ostean. Eretxiak, gogoetak eskatuta halangoak eta bestelangoak esan deustiez.

Ba ei daukie euskal idazle garaikideek intsektuakaz zer edo zer. Mariasun Landaren txingurriak, Miren Agur Meaberenak… Unai Elorriagaren libelula… Sarrionandiaren armiarma…

Nabarmena ei da, antza, euskal munduaren eta naturearen arteko lotura estua, intsektuak ageri dira sarri, baia bestelako piztiarioa be beti hortxe: muskerrak, behiak, txoriak…

Bolibian luzaroan bizi izandako andrak loturea egin dau Koaderno gorria liburuko protagonistearen eta euren lehengusina gerrillari sartutakoaren artean…

Beste batek ulertu ei dau inoz ikusi bako euren amama euskaldunak zergaitik ez ei eban besarkatu, bere orduko harridurarako. Euskaldunaren hoztasun estereotipikoa bere larruan bizi izan ei eban, eta Atxagarenean topau ei dau idatzizko ispilua.

Eta beste bat: garaipenik bako herriak heroirik ez. Pertzepzino hori be ba ei dauke irakurle paristartuek. Euskal literaturako pertsonaia asko eta asko galtzaileak dira, zaurituak, deserriratuak, gerraren biktimak, gaixoak…

Azken horrek pentsarazo deust Kirmen Uriberen berbetan.

Hauxe esan zidan Aitzolek:

– Heroi baten istorioa kontatu behar duk.

– Baina niretzat ez zagok heroirik. Pertsonen alde hauskorra gustatzen zaidak niri, ez balentriak. Beldurra ematen zidatek heroiek.

– Ez nauk halako heroiez ari. Jende arruntaz ari nauk. Heroiak zaudek hor zehar, lehen eta orain, hemen eta mundu zabalean; heroi txikiak, jendea laguntzen dihardutenak.

Isildu egin nintzen orduan. Gaur egun arrazoia ematen diot. Heroiak daude hor zehar, lantzean behin hil egiten zaizkigunak.

Bada, hementxe duzu heroi baten istorioa, nire bihotzeko laguna.

(Kirmen Uribe, Mussche)

Pentsarazo deust haren berbetan eze… badaukaguz bestelango heroiak, heroi handiak, geure literaturan?

Kristalezko begi batek azaleratutakoak

Astelehena, Martia 18th, 2013

Neuk bere, Elena Lakak lez, lau orduan iruntsi dot Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat. Trenaren urtekereak eta aillegeukereak emon deustiez erreferentziak, irakurketeak berak denporea geldituarazo deustelako. Liburua iruntsi ostean mamurtzeko ordua dator, eta horretan nabil. Izan be, hainbeste dira azaleratutakoak…

Neuk bere, Hasier Etxeberriak lez, atzera be egin gura eta behar izan dot libururu-txangoa: hitzezko harribitxien eta perlen bila: bezatu, patari, kalipu, kibaldu, artagabe, damisela, tuntuxa, zarakarra, alderoka, korkox, tita, hotsitz, eskuar, saroi, ekortu, areka, miragune, sarramuska, lauskitu, argizagi, urkuldu, arol, kantal, potxua, txanbelin, tril egin, kurkuilu, tretxu, jabaldu, joranez, pipiatu, zirrimizkatu… Horreek bere edertzen dabe egilearen testua, sorginkeriaren berba magikoak dira danak be.

Neuk bere, irakurle danek legez, gogoeten kaxara jo dot, Xerezaderen artxibategira. Virginia Wolfen arabera, emakume idazlea izateko bi honeek egin behar dira: batetik, etxeko aingerua hil; bestetik, emakumearen esperientzia fisikoen barri emon. Virginia Wolfek lehenengoa baino ez ei eban lortu. Baina Miren Agur Meabek biak lortu dituala esango neunke.

Neuk bere, egileak legez, begiko gatxa daukat, testuagazkoak daukadaz langai, neure gorputzari erreparau deutsat, familiaren ganeko gogoetak egin dodaz, ahuluneei aurre egitea lortu dot, atzera bere harri beragaz egin izan dot estropezu… Eta bai, une askotan identifikauta sentidu naz. Identifikauta sentidu naz ez bakarrik narratzaileagaz behar egin izan dodalako, ez bakarrik Landetako pasierak neuretzat be ezagun diralako… ezpada sentipen batzuk unibertsalak diralako. Eta zer eskatzen deutsagu literatureari? Bada, besteak beste, sentipen unibersal horreen jakitun egin gaizala, identifikazinoak lagundu egiten daualako bakardadean ez jausten.

Hitz magikoduna eta zintzoa da, Hasier Etxeberriak dinoan lez.

Maite-lagunagaz harremana eten osteko ahulunean eta ahuluneaz idazten dau Kristalezko begi bat laneko protagonistak. Baina, adi, liburua ez da emakume negartiaren autortza-liburu bat (bakarrik). Ahulune batetik urten artean egindako erreflexinoa da. Terapeutikoa da.

Terapeutikoa da, eta objektu artistikoa. Alkarrizketa batean esaten eban Miren Agur Meabek etekin literarioa atara gura eutsala egileak biluzteari. Lortu dau, nire eretxiz, behintzat. Eta, idazleak berak emoten ditu gako batzuk liburuan bertan jasotako oharrakaz.

Hitz magikoduna, terapeutikoa, artistikoa… Hitz magikoduna, terapeutikoa, artistikoa… eta jolastia. Izan bere, emakume-idazleagaz, sufritzen dauan andreagaz, paraje daukazun emakumeagaz bat egin dozula uste dozun unean bertan autortzen deutsu sorginkeriaren azken osogaia: jolasa. Emakume-jokoa ete da? Irakurlea limurtu, jolas egin eta akabuan: Aitorpen biografiko egiazkoa bezain iruzurtia eraiki dut, hain da meharra gertatuaren eta asmatuaren arteko bana-lerroa (…). Ez gaitezen engaina. Hitzez hitz sinetsiko al duzu kontatu dizudan guztia?

Atzerriko ikasle bat, euskalgintzeari opari bat

Eguena, Martia 7th, 2013

Atzerrian euskerea eta euskal kulturea irakasten dozula aitatzen dozunean, zenbat ikasle daukazuzan itauntzen deutsue,  ia euskal jatorrikoak diran, ia ze lotura daukien Euskal Herriagaz edo hizkuntzeagaz, ia zelan otu jaken euskerea ikasten hastea…

Galdera batzuk harritu egiten nabe, nork egiten dituan ikusita… Eze, zertan hasi ginan ba, besteok, geure unibersidade-sasoian italiera, errusiera edo turkiera ikasten? Ba horixe.

Halan da bere, ez garela errespetu txarrekoak edo hotzak izan behar eta azalpenak barra-barra: danatariko ikasleak dagozala, arabiera ikasketak egin dituan kazajstandarra, euskerea ederto ikasi dauena, espainol apur bat baekiala eta antzeko zeozer izango ete zan eskoletara kuriosidadez etorritako ikasle txekiarra, erasmus dabilen galiziarra, gurasoak iparraldean bizi dituan frantziarra, euskaldunen ganean zeozer entzun dauen zientzia politikoetako ikaslea… tutti gli classi.

Eta azalpen gehiago: horreen artean bere danatarik egoten dala, espedientea betetera datozanak dirala batzuk (eta ezin jake ezer leporatu, geuri be ikasgai danak ez jakuzan-eta interesetan eta bere sasoian), eta benetako interesa daukienak beste batzuk. Udan barnetegira joateko asmoa daukiela ikasleetako batzuk. Eta azken horreek emoten deutsela indarra irakasleari, azken horreekaitik deutsola gogoari eta grinari irakasleak.

Eta gehiago: ikasle horreetako bat maite-maite dozula, berezi-berezia dala, Bolibian jaio eta bizi ostean Parisen amaitu dauen andra jubilatua, amama euskalduna eukana. Andra horrek bai interesa bai jakin mina. Liburu bat aitatu eskolan, eta hantxe doala liburu-dendara enkargua egitera; musikari bat aitatu eskolan, eta han doala CDa ekarrarazoteko gestinoak egitera; bardin pelikulakaz…

Baina, frantsesezko eta espainolezko itzulpenak, edo euskal materiala Parisen lortzen ez dala kontu erreza izaten eta… errekadista eta postari lanetan ibilten nazela neu, irakasle lanaz harago. Maletea kargauta bueltetan nazela beti hurrengo eskolara. Baia ilusinoz egiten dodala, bizi dogun krisi sasoian euskalgintzeari, euskereari, euskal kulturgintzeari, euskal merkatuari… opari txiki-txiki bat egiten deutsodala.

Pixka bat es mucho dala eta irakurle, entzule, ikusle bat gehiago dagoala modu horretan Parisen, euskal kultur produktuak (euskeraz, espainolez zein frantsesez) konsumiduten dituana.

Euskal Kantagintzearen Historia

Astelehena, Zezeila 25th, 2013

Batekoa dala, bestekoa dala, aspaldion ‘euskal’ adjektibodun historia piloa kontau behar izan dot (eta entzun), gurean eta atzerrian. Ez da erreza izaten ‘euskal historiak’ ordu baten edo ordu eta erdian labur emotea… Baina, tirozu, harako harek esaten eban gauza errezak egiteko ez garela mundura etorri, eta kontua, antza, gauza gatxak egitea, eta ondo egitea, da.

Bada, lehengo baten Euskal Kantagintzaren Historia emonaldiaz, Mikel Markezek eta Eñaut Elorrietak abian ipinitako proiektuaz, gozetako erea euki nenduan Baionako Euskal Ikasketetako fakultadean. Eskolarik eskola ibilteko asmoa daukie bi kantariek, gaztetxuai geure kantagintzea zer izan dan eta egun bizi dogun egoerara zelan aillegau dan azaltzeko.

Halan da be, edonorentzat da aproposa emonaldia. Batzuk hamarkada jakin bategaz egiten dabe loturea, beste batzuk, ostera, kontetan dan historia osoaren lekuko dira. Kassetearen hamarkadakoa nazela kontuan hartuta (hamarkada bakotxa musika-formatu bategaz lotzen da modu oso grafikoan emonaldian), ederra izan zan irratira deitu eta ipini osorik, grabetako da-ta esaten genduzanekoak gogora ekartea, eta mix, max-mix eta re-mix izendun etxeko kasseteak han-hor-hemen eukiten genduzala akordarazotea.

Hamarkadaz hamarkadako bidaia da eskaintzen deuskuena 60ko hamarkadatik hona: testuingurua kokatu (gizarte eta historia zertzeladak emon, baita garaian garaiko drogena be), formatu jakin bategaz loturea egin (diskoa, kassetea, CDa, MP3a…) garaiko kantagintzearen barri emon (bideoklipak, grabazinoak, argazkiak, diskoen portadak, kantak, taldeak…) eta, zelan ez, Markezek eta Elorrietak abestutako kantak.

Parisen egindako lehenengo grabazinotik gaur arteko ibilbide ederra.

Hemen Mikel Markez bera ekitaldiaren ganekoak azaltzen.

TGV

Eguaztena, Zezeila 20th, 2013

Ordu onean esan deutsut trenean ederto noala bija luze honetan. Beti legez egin dot gaur. Eupala maletea gora. Neure jarlekuaren bila. Piketakoak prest eta beharrak prest. Lo apur bat. Zeozer jan. Irakurketa. Lana. Horixe izaten da plana. Gaur ez jat betiko lekua suertau. Gaurko jarlekuak ez dauka oinak deskantsuan ipinteko oinarririk. Eztentxu bat. Mahaitxua txikiagoa dauka, lau bidaiderentzat. Eztentxu bi. Aurreko emakumeak hankartean ipini dau bere maletea. Hirugarren eztena. Zetan ez dau maletak ipinteko apaletan gorde? Maletea hankakaz besarkatuta daroa eta horrek lekua ostuten deutso aurrez aurre daroan bidaiariari. Niri. Ezin dodaz oinak mobidu be egin.

Laugarren eztentxua. Picknika atara dau. Bija osorako. Mahai ganean ipini dau boltsea. Eta nik ordenadorea ipinteko lekurik ez. Beste ezten bat. Akabo trenean behar egitea. Isiltasuna egoten dala esan deutsut? Aikor ba, “hegoaldeko” lau gazte, bagoi osoarentzat berbetan. Eta beste bat. Eta karta-jokoan. Beste bagoi batera egin dot.  Han lau gazteen gurasoak. Hareek tren osoarentzat berbetan, bagoiarentzat baizen, eurentzat baizen. Grrr. Hurrengo bagoira ni. Kafetegira. Hara joateko esaten deustazu. Hankak luzatu daidazan. Zeozer hartu daidan. Zeozer beroa neguan. Zeozer freskoa udan. Gaur ez dago kafetegi-zerbitzurik.  Beharginak huelgan dagoz. Gaur ez da neure eguna ba. Tirozu, ez ditue jarlekuak kendu. Burukomina egin jat ordurako. Lorik ez gaur trenean. Lanik ez gaur trenean. Zarata piloa. Ailegau naz.

Urten dot trenetik. Sartu naz metroan. Eta, orduan, orduan konturatu naz atzera zer atsegina dan trena… Lurrazpiko trenaren bagoian ezin sartuta. Gurabako bultzadak dira danak. Maletea eskutik galtzeko bildurra. Garaitikoen artean erdi itota. Bai, gurago dot TGVa.