2011

Lapurretea (II)

Barikua, Abendua 30th, 2011

Bigarren bider etxean sartu eta lapurretea egiten deutsuenean inor zeure atzetik ete dabilen pasetan jatzu burutik…

Baina kasualidadeak izaten dirala halangoak esaten deutsue, eta  atean ipini zenduan giltz-molde horretarako giltz-amak lortu ei dituela eta halango ateak daukiezan etxeetara sartzen dabizala aspaldion.

Orduan zelango suberte txarra daukazun jatortzu burura.

Beharreko ordenadorea eroan deutsue, eta dan-dana galdu dozu; bai, bazeunkazan kopiak be, baia disko gogorra bere eroan deutsue… Zertarako eta lau ogerlekoan saltzeko… Zuk ostera zelan errekuperau lan guzti hori… Ordenadoreak baino gehiago balio dau zure beharrak…

Eta orduan esaten deutsue txarrenean zeu ondo zagozala, ez zarala lapurrakaz batu eta ez deutsuela ezer egin…

Denuntzia ipini ostean aseguruagaz hasten zara burrukan atzera. Eta ordenadorean galdu dozuna errekuperau ezin bada, ordenadoreak balio dauena be ez dozu lortuko, orain dala urtebete erosi zendualako eta daborduko gitxiago balio dauelako.

Eta hori ordenadorearen kasua da, kontuizu orrialde-bete gauza eroan deutsuezela. Denuntziari begira zagozala ikusten dozu zer eroan deutsuen. Eroan daben intimidadearen zatia, baia, ez dago han idatzita.

Itzulpenak lau eskutara (II)

Astelehena, Abendua 19th, 2011

Bi itzultzaileren artean egindako itzulpenen barri gehiago jakin guran, oraingoan Jakobian eraikina izeneko nobelea itzuli daben Xabier Olarrarenera eta Arantzazu Royorenera jo dogu emaila bete itaun:

- Zelan erabagiten da itzulpen bat lau eskutara jotea?

Bada euskerazko esaera bat holan dinoana: “Besteren umeak poliki jo”. Eta, jakina, lau eskutara jo behar badozu, are polikiago. Izan be, itzulgaiak normalean besteren umeak izaten dira. Kasu honetan Alaa Al Aswaniren premua, eta kuttuna, bidenabar esanda.

Beraz, komenidu da lau esku horreetako bi behintzat emakumezkoarenak izatea… Danok dakigu trebetasun batzuk generoari dirala atxikiak –ez berez, baina bai kulturaz–. Halaxe gertatu da aurrean doguzan kasu batzuetan be, Elurra, Stylesko gertaera misteriotsua…

 - Zelan banatu dozuez atazak? Zelakoa izan da lan-prozesua?

Bi itzultzaileon akordioz, holan banatu dogu lana: oinarrizko itzulpena (edo hasieratik “asto-lana” deitu genduana Olarrari egokitu jako, arrazoi logistikoakaitik funtsean: denporea batez be baina baita beste bitarteko itzulpenak erabilteko aukerea be; frantsesezkoa, ingelesezkoa eta gaztelaniazkoa. Gainbegiratze lana, barriz, Arantzazuri, eta horrekgaz batera, jakina, jatorrizkoagazko konparaketa zehatza, puntu ilunen kontsultea, Wordreferenceko foroetako eztabaidak begiratzea etab. Lehen bersinoaren emoitzea Arantzazuk irakurri eta zuzendu dau, ez bakarrik jatorrizkoargazko egokitasunaren aldetik, puntuazino, perpausaren antolamendu, hitzen aukera… eta beste zenbait aldetatik zorrotz begiratuta baino.  Beste bi irakurle ere izan ditu lehen bersino horrek, eta horreen iradokizunei kasu eginez franko hobetu da hasierako testua.

Jakobian eraikinaren kasuan, horrezaz gan, baegoan beste arrazoi bat, hori holan egiteko –fintze-lana Arantzatzuren esku ixteko–, arabieraren ezagupen sakonagoa eta Egiptoko dialektoari (denporaldi batez bertan bizitakoa izanik) tankera emoteko gaitasuna. Izan be, eleberri honetan narratzaileak estandarra erabilten dau, baina alkarrizketa ia guztietan dialektoa erabilten da.

 - Zertan da aberasgarria? Zertan laguntzen dau itzulpenean bi izateak?

Alde guztietara da aberasgarri alkarlana, holako kasu batean: jatorrizko hizkuntzearen ezagupen mailea hobetzeko, batetik, eta, batez be, arabieratik euskerara egiten dan bigarren itzulpena izanik, dan-dana dagoalako finkatzeko: hasteko eta behin, musulmanen jainkoaren euskerazko izena zein dan –Allahu, Allah, Alahu, Alah ala Ala, besterik barik–; edo profetaren izenak Muhammad, Mohamed, Mahoma ala Mahomet behar dauen. Gero, arazo xeheenetatik larrienetara mailaketa bat egiteko, transliterazino kontuak dagoz, orokorrak eta Egiptoko estandarrari djagokozan puntu batzuk. Eta horren ondoren dator –eta ondoren jarteak ez dau esan nahi garrantzi gitxiagokoa danik– hizkera maila desbardinen bereizketea: herri xehearena, jente ikasiarena, Koranarena (aipamen franko egiten baitira liburuan zehar), xeikh musulmanen diskurtso hanpatuak etab. Horreek guztiak kontuan hartuz erabagi behar izan dioguz, esate baterako, alokuzinoaren gorabeherak: nork-norekin-zertan; hau da, hika, zuka ala berorika.

Horreek guztiak eztabaidatu behar izan doguz, eta azkenean erabagi salomoniko, edo erdibidekoak hartu.

 - Eta zein izan dira zuen zailtasunak?

Zailtasunik nabarmenena, segurutik, hain gitxi ibilitako bidean, erabagi batzuk arian-arian hartuta lan egitearen nekeza (idazlearen izena bera, esate baterako, hasieran Asuani zan, eta gero Aswani). Guk, behintzat, egindakoaren gainean lehen emoitza aztertuz hartu doguz erabagi gehienak, transliterazino, hizkera-maila eta alokuzionari jagokozanak eredurik izan bagendu –edo Koranaren euskerazko bersino bat bagendu, esate baterako— puntu batzuetan bederen bidea egina geunkean. Baina, kasu batean baino gehiagotan geuk urratu behar izan dogu bidea.

- Kultur hitzak bere horretan emon ala ez erabagitea be ez da erraza (oin-oharra ala glosarioa amaieran? Zein bere horretan, zein euskaraturik?).

Estandar/dialekto bereizketak behar al eban paralelismorik itzulpenean? Ezetz erabagi genduan. Joko hori aztertzea eta bestelakoak bigarren argitalpenerako itxi doguz…

- Zeozer gehiago aitatu gura zeunkie?

Debile principium melior fortuna sequatur. Gure hasiera apal honi, fortuna hobea jarrai dakiola.

Itzulpenak lau eskutara

Astelehena, Abendua 12th, 2011

Piano piezak ezeze, itzulpenak be jo leikez lau eskutara: bi itzultzaileren lana izaten dira askotan.

Horren adibide da, kasurako, orain dala gitxi argitaratutako Suite Frantsesa lanaren kasua. Mikel Garmendia eta Joxe Antonio Sarasolak itzulitako Irene Némirovskyren lana da.

Mikel Garmendiarenera jo dogu esperientziaren barri emon daizkun:

“Itzulpen-lan bat beste norbaitekin partekatzearen esperientzia bitan izan dut, eta biak oso diferenteak izan dira.

Lehenengoan Itziar de Blas eta biok elkarrekin itzuli genuen “Marizipriztinek ez du zorioneko galeperrik nahi”. Egundoko esperientzia izan zen. Itziarrek jatorrizko ipuina irakurri eta berehala kutsatu zidan entusiasmoa eta testu hura euskaratzeko irrika. Hasiera-hasieratik egin genuen dena elkarrekin, behin eta berriro irakurri, eztabaidatu, landu… Oso kontent gelditu ginen emaitzarekin.

   

“Suite Frantsesa” lanaren kasua desberdina izan da: denboraz larri ikusi nuen neure burua bete beharreko epea betetzeko, eta Inazio Mujika editorearekin hitz egin ondoren, erabaki genuen hobe genukeela bitan zatitzea. Ni lehenengo parteaz arduratu nintzen eta Joxe Antonio Sarasola bigarrenaz. Esan beharra dago nahiko antzeko irizpideak ditugula, nik uste, bi itzultzaileok literatur itzulpenean. Horren jakinaren gainean, Inazio Mujikak hartu zuen bere gain bi parteak bateratzeko eta koherentzia emateko lana eta ardura.

Bi egoera desberdin, bi esperientzia desberdin… emaitza onekoak biak ala biak hala ere, nik uste.

Itzulpena biren artean egitea erabakitzen denean, bat baino gehiago izan daitezke formulak:

- pauso guztiak (irakurri, berrirakurri, aztertu, eztabaidatu…) elkarrekin egin, itzultze-lana erdibanatu eta batak besteari bere itzulpena pasatu, oharrak egin, orraztu, zuzentzeko…

- bat lehen bertsioaz arduratu eta bestea zuzenketaz…
- …
Asko dira konbinazio posibleak, hain zuzen ere, irakurketa bakoitza esperientzia diferentea delako (baita, beraz, itzultzea ere).
Hauxe da burura datorkidan irudia: xake-jokoan oso zaletuak diren bi pertsona elkarrekin xake-jokoko ebazkizun zail baten soluzioaren bila. Elkarrekin haserretuko dira, eztabaidatuko dute, poztuko dira soluzioa aurkitzea… baina motz samar gelditzen da irudi hori ere. “Maniatiko” samarrak gara, oro har, itzultzaileak, eta ez dira soilik zuzentasun edo gramatikaltasun irizpideak kontuan hartzen ditugunak edo, bestela esanda, jokoan jartzen ditugunak. Itzultzerakoan ere (idazterakoan bezala) hautuak egiten ditugu, arriskuak hartzen, transgresio txikiak eta keinuak egiten, eta, jakina, horiek guztiak naturaltasun minimo batez egiteko handia behar du bi itzultzaileren arteko konpenetrazioak, konpenetrazio linguistikoa, estetikoa eta are ideologikoa.”

Badagoz aitatu dogun kasua baino gehiago be itzultzaileak tamdemean ibili osteko fruitua emon dabenak, halan da ze, besteren baten gaiaren ganeko beste zeozer ekarteko asmotan geratzen gara, irakurleak halan gurako daualakoan…

Durangoko azokea

Astelehena, Abendua 5th, 2011

Lehengo eguneko Sautrela saioan galderetako bat zan ia euskal literatureak Durangoko azokea behar ete dauan. Kontua da ze azokeak literatureagazko loturea galdu ete dauan eta erromeria bat ez ete dan komentau zala bertan.

Nire ustez euskal literatureak behar dauana irakurleak dira; eze, beste kontu bat da irakurleak berak Durangoko azokea behar izatea (edo gura izatea) idazleak liburua firmau dagion, liburudendan ikusi ez dauan liburu hori erosi dagian, zein ezagututen ez dauan sortzailearen alkarrizketea Ahotsenean ikusita haren diskoa, liburua zein dokumentala erosketen zerrendara gehitu dagian; eze, beste kontu bat da itzultzaileak azokea behar izatea bere editoreari aurpegia ipinteko (ordura arte email bidez baino ez diralako hartu-emonean ibili)…; eze sano ezbardina da euskaltzaleak meka bat euki behar izatea, alkarleku bat…

Euskal literatureak, berez, ez dau azokea behar. Euskal literatureak irakurleak behar dauz, duda barik. Baina, beharbada, irakurleak (eta liburuak erosi arren irakurten ez dituanak) zein literatura- eta kultura-sistemak (publizidade-arloak, editorialek, prentsaak…) bai, behar ditu lantzean azokea eta era horretako bestelango ekimenak.

Nik neuk gustura egiten dot bisitea Durangora, eta ahal dala egun bqten baino gehiagotan, ganera.

Euskararen ofizialtasunari buruz (Iparraldean)

Barikua, Abendua 2nd, 2011

Asteburu honetan izango dugu euskerearen eguna, egun danek behar badabe be euskerearen eguna, bai.

Han eta hemen hainbat ekitaldi egingo dira… Beharbada horren harira etorri zan joan zan eguazteneko euskerearen jatorriaren ganeko dokumentala etb-1 katean (gomendagarria ikusi ez dauanarentzat, eitb-ren webguneko nahieran atalean daukazue ikusgai)…

Baina Biriatutik haragoko lurraldean oraindino ofizialtasunik be ez dauka euskereak, han ez da euskerearen egun ofizialik, euskerea bera be ez da-eta ofiziala.

Liburu-azokea be badator Durangora, eta euskerea normalizaturik dagoala jatorku askori gogora, asko aurreratu dogula, esperantzatsu gagoz halakoetan… Baina atzera dinot: besterik da iparraldean.

Asteon, testu bat igorri deutsegu frantses prentsari, eta horixe dakartzuet; hain zuzen bere euskerearen egunean eta haren inguruan hegoaldeko egoera baino egoera larriagoa bizi dauan iparraldeko euskereaz akordau zaitezien:

Euskararen ofizialtasunari buruz

 

Europan, Frantziaren auzo diren herrialde guztietan, historian mintzatu izan diren hizkuntzek, estatuko hizkuntza ofizialak ez izanagatik, legezko ofizialtasun zerbait badute, modu batean edo bestean. Adibidez, 1978ko Espainiako Konstituzioak, 3. artikuluan, dio: « Espainiako gainerako hizkuntzak ofizialak dira dagozkien erkidego autonomoetan, betiere euren estatusari jarraikiz », argiki adierazten duelarik, beraz, euskara euskal herrialdeetan hizkuntza ofiziala dela gaztelerarekin batean.  Frantziak, haatik, betiko jarrera bera du: “eskualdeetako hizkuntzak” delakoei ukatzen die egiazko ezagutza ofiziala. Konstituzioko 75-1 artikulua, « Eskualdeetako Hizkuntzak Frantziako ondarearen parte dira » errateko aldatu zena, ez da hitz hutsezko adierazpena baizik, batere ondoriorik eta indarrik gabekoa, hala nola garbiki baieztatu baitute azken urteetan izan diren auzitegietako jujamendu guziek. Frantziako hizkuntza ofizial bakarra frantsesa da, eta Konstituzioko 2. artikuluak (1992), bai eta frantsesaren erabilerari buruzko legeak (1994) ere, harrian zizelkatu dituzte eskualdeetako hizkuntzak ukatzen dituzten hitz horiek.

 

Altabada, eskualdeetako hizkuntzen ofizialtasunaren eskaera behin eta berriz agertzen da gizartean. Euskaltzaindiak, 1994an, euskararen ofizialtasuna galde egin zien Frantziako agintariei, baina ez zitzaion galde horri segidarik eman. Korsikako Bilzarrak, bere aldetik, 2011ko uztaileko Fogliu di strada lingua corsa 2011-2014 txostenean, jakinarazi du korsikeraren ofizialtasun-estatusa erdiesteko urratsak abiatzen dituela.

 

Bizi dugun bozen aitzineko testuinguruak parada egokia ematen du ofizialtasunaren eskaera entzunarazteko. Oraingo gobernuak beti ezetz erran dio eskualdeetako hizkuntzen edo hizkuntza gutituen Europako Karta indarrean jartzeko galdeari, eta, berdin, ez du onetsi hizkuntza horiei dagokien ofizialtasun estatusaren emateko eskaera ere. Are gehiago, 2008an hitz eman zuen legearen beharrik ez dela dio orain. Ezkerra irekiago ageri da: 2012ko presidente bozetako hautesle sozialistak jakinarazi du hautetsia balitz, Konstituzioaren aldaketa gogoan erabil lezakeela, ondotik Europako Karta onargarri izateko gisan. « Haatik, frantsesa hizkuntza ofizial bakarra » (Corse-Matin, 2011-09-15) dela azpimarratzen du.

 

Esperantza izateko da gai honetaz kezkatuagoak bide diren hemengo hautetsiek jarrera tinkoago bat erakutsiko dutela auzi honetan eta bururaino eraman nahiko dutela. Frantziak erakusten duen salbuespen « linguistikoa » guziz anakronikoa da, funtsean oinarri ideologikoak besterik ez dituena, eta egungo Europako testuinguruan arras desordukoa. Zenbait politikarik Euskaltzaindiaren eskutik bideratzen den euskararen arautzeak dakarren ofizaltasuna aipatzen dute, hizkuntza akatsen zuzentzeko eta izen berezien finkatzeko araugintzak euskarari izaera ofiziala ematen balio bezala. Baina, argi da lan horrek ezin eman diezaiokeela euskarari gizartean eta bizitza publikoan beharrezkoa duen legezko ezagutza, ez eta geriza gutieneko bat segurta liezaiokeen estatusa ere.

 

Gutun honen izenpetzaile garen euskararen alorreko ikertzaile eta ikertzaile-irakasleek dei egiten dugu euskararen ofizialtasunaren eskaera entzunarazteko ondoko hilabeteetan, bai eta halaber ongi azaltzeko zein presa eta premia handikoa den galde horren bururaino ekartzea.

 

 

Ur Apalategi, Charles Videgain (UPPA, IKER)

Aurélie Arcocha, Jean Casenave, Irantzu Epelde, Miren Ibarluzea (Bordeaux 3, IKER)

Urtzi Etxeberria, Ricardo Etxepare, Aritz Irurtzun, Bernard  Oyharçabal (CNRS, IKER)

Jean-Baptiste Coyos, Jasone Salaberria (IKER)

Aiora Jaka doktoreagaz berbetan

Astelehena, Zemendia 21st, 2011

Aiora Jaka itzultzailea da, eta abenduaren 4tik itzulpengintzan doktorea; Gasteizko Letren Fakultatean defendidu eban bere tesia, hain zuzen bere Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan izeburua daukana.
Defensearen ganeko kronika txiki bat argitaratu zan EIZIEren webgunean.

Guk Aiora Jakagaz beragaz berba egiteko abagunea euki dogu, bai eta hari galdera batzuk egiteko aukerea be, zeozelan, gure jakinmina asebeteteko-edo. Zorionak emonaz bat (ekarri ederra egin deutso Euskal itzulpengintzeari), bere berbak dakarguz bertora:

- Zelan hartzen dau batek Itzulpengintzari buruzko tesia idazteko hautua?

Gasteizko Letren Fakultadean itzulpengintza ikasketak amaitu ostean, gehiago jakiteko gogoz gelditu nintzan. Itzulpengintza eta interpretazinoa lizentzian gauza praktiko asko ikasi neban: hizkuntza mordo bat nahikoa ondo berba egiten, hainbat hizkuntza-konbinazinotan itzultzen eta interpretetan, mota askotako testuak itzultzen… Baina alderdi teorikoa nahikoa mugatuta gelditzen zala begitandu jatan. Nik gehiago jakin nahi neban itzultzeko moduei buruz, itzulpenak hizkuntzen eta literaturen bilakaeran dauen garrantziari buruz, sormenaren eta itzulpenaren arteko hartu-emonei buruz… Eta tesia idazteak gauza horreetan guztietan sakontzeko aukerea emongo eustala pentsau neban.


- Zergatik aukeratu zenduan Sarrionandia?

Uste dut Gidor Bilbaori (gerora nire tesi-zuzendari izango zanari) bururatu jakola Sarrionandiaren itzulpenak aztertzeko ideia. Bagenekian Sarrionandiak bazituala sasi-itzulpen batzuk bere itzulpenen artean argitaratuta, eta joko horren atzean zer gordeten zan ikustea interesgarria izango litzatekeela iruditu jakun. Hortik tiraka, gero, beste makina bat gauza deskubridu genduzan.


- Zein izan dira, oro har, tesia idazteko faseak?

Tesiari ekin aurretik egina neban ordurakoe ikerketa txiki bat Sarrionandiaren itzulpengintzaren inguruan, Birminghamen emon nituan bi urteetan egindako master batean. Eta, ikusitakoak ikusita, hasieratik erabagi neban tesiak hiru zati izango zituala: itzulpen-teoriari buruzkoa, euskal itzulpenaren historiari buruzkoa eta Sarrionandiaren itzulpengintzeari buruzkoa. Zati bakotxari urtebete eskaintzea erabagi neban, eta, esan eta egin: lehen urtean teoriaren atala idatzi neban, bigarrenean historiarena eta hirugarrenean Sarrionandiarena. Azken urtean hasieran idatzitako hainbat gauzatxu aldatu nituan arren, oro har nahiko ondo errespetau dot hasieran zehaztutako plana.


- Tartean hainbat buruhauste izango zenduzan… Zer izan da gatxena, neketsuena…

Gatxena, beharbada (baina baita liluragarriena be, neurri batean), Sarrionandiaren itzulpenen jatorrizkoak bilatzea izan da. Lan horri lehen urtean bertan ekin neutson, nahiz eta hirugarrenean idatzi dodan Sarrionandiaren itzulpenei buruzko zatia. Hainbeste testu itzuli dituanez, eta danak be hain desbardinak diranez, orduak eta orduak emon behar izan dodaz hango eta hemengo liburutegietako liburuetan bilatzen. Internetek be asko lagundu deust, egia esan, ikerketa horretan. Lan nekeza izan da, baina oso polita, eta askotan sorpresa asko hartu dodaz, batez be hasieran sasi-itzulpentzat joten nituan hainbat testuren jatorrizkoak benetan existiduten zirala jakitean.


- Zelan deskribiduko zeunke tesiaren defensa eguna?

Lauzpabost urtean ia bakar-bakarrik egindako lana azkenean jentaurrera atarateko momentua izan zan. Bostehun orrialde berrogei minutuan azaltzea ez da lan makala, eta gauzarik garrantzitsuenak baino ezin izan nituan aitatu. Dana dala, egun horretako gauzarik interesgarrienak epaimahaikideek egindako kritika eta iruzkinak izan ziran, nire ustez. Oro har oso kritika eta gomendio politak egin eustiezan, zintzilik gelditutako hainbat hari-mutur lotzeko eta zenbait gauza sakonago aztertzeko gogoa piztu eustienak.


- Eta orain zer? Aurrerako ikerketa-planik bai?

Horixe ba, hari-mutur solteak lotu, hutsuneak bete, hainbat gauza zuzendu… Horrezaz gan, interesgarria litzateke Sarrionandiaren itzulpengintzeak euskal literaturan eta euskal itzulpengintzan izan dauen eragina ikertzea, beste euskal itzultzaile batzuen lanak aztertuz eta egungo euskal literaturea eta itzulpengintzea zertan diran ikertuz. Ikerketa-plan zehatzik ez daukat oraindino, baina pentsetan dot bide horretatik jarraituko dodala.

Lekuak

Eguena, Zemendia 3rd, 2011

Aspaldion lekuek geugan daukien eraginaz egin dot gogoetea. Halango hausnarketetara eroan nau, kasurako, Aurelia Arkotxaren Septentrio liburuak. Ez da, baina, lekuak eta lekuen indarra berbagai dituan euskarazko liburu bakarra, izan be, molde horretako pentsarazle izan daitekez Atxagaren Lekuak zein Harkaitz Canoren Bizkarrean tatuaturiko mapak, kasurako. Badagoz egon gehiago bere, baina momentuan horrexek jatortaz. Ur Apalategik emon euskun eskolea be ekarri dot neurera gaiaren ganean pentsetan nengoala: uriek Euskal Literaturan euki daben lekuaz aritu jakun gogotsu euskadi saria irabazi barri dauen idazle eta irakaslea.

Tirozu ba, kontua da ze neurri baten behintzat, lekuek be eregiten gaituela gu. Bizi izan garen lekuek, bisitau doguzanek, irakurri doguzanek zein gure iruditerietan sortu doguzanek, geure barruko geografia osotuten dabe zeozelan esateko. Non egon garen, non gagozan, nora bidaiatzen dogun (modu fisikoan zein mentalean)… garrantzitsua da geure izakerea horniduteko. Zelango kontuak ezta?

Eta lekuez nabilela… irakurketek ez eze bidaiek bere eragin deustiez gogoetok. Orain urte batzuk bisitautako uriari kuku egin deutsat joan dan astean. Irudipena euki dot uria ez dala horrenbeste aldatu: neu aldatu nazan sentimendua euki dot, eta hain zuzen bere horren arabera egin nebala (eta egin dodala oraingoan) uriaren irudia. Kuriosoa da lekuez zer oroituten dogun… lotu-lotuta dago bisitau genduzan momentuan geunkazan sentipen personalakaz. Iruditu jatan lekuak baino gehiago han bizitako sentimenduak gogoratzen doguzala.

Kasualidadeak zer diran

Martitzena, Urria 18th, 2011

Seguruenik bide bardintsua egiten dabenen gurutzatze bat da kasualidadea, baia, halan izanda bere, zer diran, gero, kasualidadeak:

Atzerrian ikasten zengozala egin zenduan bere ezagupidea: bera hizlari egon zan Montrealen. Zu hizkuntzaminez eta herriminez joan zinan harenera; berak, ostera, hainbeste hegazkin-ordu emon ostean, oporraldi legez hartuko eban haixe, eta euskaldunakaz barik hango jenteagaz egon gura eban.

Zer diran, gero, kasualidadeak… Gerora hizlari haixe irakasle izan zenduan, handik hona etorri eta urte batzukarrenean.

Eta, zer diran, gero, kasualidadeak… lankide be badozu orain…

Eta haren testuak irakurten zagozala, berak idatzi deutsuz ikasle zinaneko gogorapenak, berak idatzi ditu zure (zuen) barne-toposa osotu daben lekuen deskribapen poetikoa. Atzera eroan zaitu neguan izoztutako uren ganetik joanda azeriek bisitetan eben irla haretara, euskal balea-arrantzaleek udabarritik aurrera bisitetan eben haretara; eta atzera eroan zaitu amerindiarren konferentzia haretara, eta ikusarazo deutsuz lurralde hareetako jatorrizko biztanleak euren arteko soinu-jolasean; eta esan deutsuz orduan deskubridu zenduzan euskal toponimoak; eta gogoratu deutsu oraindino han dirala hil ziran euskal arrantzaleen erropetako partikulak zientzialarien azterketarako… Zuk unibersidaderako lantxu bat idatzi zenduan horregaz guztiagaz; berak, ostera, liburu bateko pasarte bat ondu eban.

Eta, zer diran, gero, kasualidadeak… liburuko beste pasarte baten keinu egin deutso hamaseigarren mendeko literatureari, zegaz eta joan dan astean ikasleeri banatu deutsazun poema horrexegaz.

Eta, zer diran, gero, kasualidadeak… zeuk legetxe maite-maite dau bulegoa landarakaz apaindutea.

Eta, badaezpada, ez zara kasualidade gehiago topetan hasi… badaezpada…

Bitxia iparraldekoa?

Eguaztena, Urria 5th, 2011

Euskera irakasle legez Baiona eta Bordele artean saltoan nabilela kontetan dodanean, danetariko erantzunak eukiten dodaz.

Uriak ederrak dirala-ta ha edo bestea esaten dabe batzuk. Eta halantxe da, bai: politak dira bi uriak bere. Badaukie zer ikusia eta zer gozatua. Kultur eta arte ondare nabarmena gordeten dabe bai Baionak eta bai Bordelek. Bi uriak paseorako ezin egokiagoak dira (edo bizikletea hartuta bueltea egiteko).

Iparraldeko jentea bitxi samarra ez ete dan dinoe beste batzuk, euren ustea ziurtatuko dodalakoan-edo. Egia esan behar badot, amorru apur bat bere emoten deust: Arraroak dirala?, Zegaz konparauta, gure bizimodu espainolagaz konparauta? Horixe esateko gogoa eukiten dot… Ala Europako garaitiko herrialdeko bizimodua egiten daben biztanleen aldean dira ba, bitxiak, mugaz bestaldekoak? Uria ez ete dagoan hutsik… halan segiduten dabe, ez ei dabe-eta kalera urteten. Guzurra galanta pentsetan izaten dot, baia bai, lasaitasuna dago eupelakoa erantzuten. Izan bere, nor topau gura dogu guk hango karriketan hamabietan paseoan urteten dogunean? Aiko, bazkalordua da-eta! Eta zelan ez, guk tabernetan topau gura geinkez, eta bestelako lekuetan bere alkartzen dira eurak: bisitau izan dozuez inoz ibilbideak, hondartzak, kirol-guneak eta parkeak? Kontua non eta noiz ibili behar dan jakitea da, halan bere esaten dot akabuan.

Baionan egongo dira euskera-ikasleak, baina Bordelen? Beharbada familia euskalduna daukienak izango dira ezta? Aiii… Hizkuntza-politikea pentsetan dot, baina ez dot halangorik aitatuten. Ikasle gehien Bordellen daukadaz ba, 28 dira aurten lehenengo mailan. Baten batek, bai, badauka aitatxi edo amatxi euskalduna, baina garaitikoek ez, beste edozein hizkuntza ikasten daben arrazoi beragaitik hautatu dabe euskerea: hizkuntzak ikastea aberastea dalako. Kasu baterako, arabiar ikasketak egiten dituan Kazajistango ikasle bat daukat, Txekieraz ganera euskerea bere ikasten dauena. Eta hori adibide bat baino ez da. Bitxia dala dinozu? erantzun behar izaten dot: Bitxia dana gurean euskerea ikasten ez dabenak egotea da…, eta abar.

Jatea plazera da

Eguena, Iraila 29th, 2011

Zurtz eginda geratu nintzan uda honetan gure ezagun batek esan euskunean berak derrigorra zalako eta jan egin behar zalako jaten ebala. Etxean euki genduan laguna apopilo, ia preparautakoo platera gustetan jakon galdetuten geuntson, edo merkatuan ia zeozer berezia gura eban itaunduten. Berak ezetz, ez eutsola jatekoari hainbesteko garrantziarik emoten…

Eta neuretzat hain da lehentasunezko kontua! Beharbada etxean bazkaltzen gagozala hurrengo eguneko menua pentsetan ibilteko ohiturea euki izan dogulako izango da… Baia, zein mahaitan ez da ba berba egiten jatekoa zelan preparau dan, modu honetara edo bestera jan ebala harek edo honek, hurrengoan beste haretara preparau behar dala…

Hain da gozagarria ganera! Neuretzat jatearena plazera da, ba.

Zer esanik ez, orain, ortuari gustua hartu deutsagunean, eta errezeteaz ganera osogaiak bere geuk ondo doguzanean.

Robin Food eta Menu estres telesaioetako bideo danak ikusi doguz, eta inora goazenean, han zer jateko dagoan, zelan preparetan daben… beituten dogu.

Koadrilan bere jatekoak leku handia dauka gurean. Mahaiaren bueltan askotan batzen gara, eta, halako bazkaria antolatu behar dala-eta txokoan batzartxua egiten da, merienda-afari baten bueltan. Esan izan dot inoz tortila-txapelketatan egon izan garela; ez hori bakarrik, abonatuta gagoz eskualdeko sukalkietara, eta, zer esanik ez, inguruko txoko guztiak ezagututen doguz. Pentsau, hurrengoan koadrilako pintxo-txapelketea egin behar dogu!

Eta beste koitadua… berak jan behar dalako jaten dauela… sniff…