Bizkaie!-k 10 urte beteten zituala ospatu eban egun berean bete nituan nik 28 urte. Neure bizimoduaren parte handi bat egin dot Bizkaie!-gaz batera. Biziaren heren bat baino apurtxu bat gehiago. Bizkaie! sortu zanean hasi nintzan euskerearen, bertsoaren, letren munduan murgilduten, eta ordutik aurrera dala webgunea bisitetan edo bertan idazten, hainbatean joan gara eskutik helduta.
Hatsaren poesia alkarteagaz bere egin izan dot bidearen zati bat. Bost urte edo izango dira alkar ezagutu genduanetik. Ezin izan neban aurtengo liburuaren aurkezpen-bazkarian egon (Bizkaie!-ren eta neure urtebetetze sasoi berean izan zan), ez eta beste hainbat olerkarigaz batera egon. Halan da bere, Sarako idazleen biltzarrean (“Iparraldeko Durangoko azoka txikia”) batu neban liburua, eta zelan ez gorazarre egin Hatsa elkarteari eta haren bihotza dan Auxtin Zamorari.
Bada, horreekaz bizi zati bat egin badot, amamagaz bizi osoa egin dot. Eta hain zuzen bere, amaren ganeko poemea da Hatsaren poesia-bilduma 2012 alean neure izenpean agertzen dana.
Aititaren gerra-kontuen ganeko ipuin bat idatzi neban umea nintzala. Aititak gerrakoak abentura legez bizi izan zituan oroitzapena daukat. Trenean iges egin eta bonbardaketea euki ebenekoak idatzi nituan ipuin haretan. Trena geratu egin ei zan, eta berak karraderari emon eutson. Astebete emon ei eban bertan hartu eban familia baten baserrian, ama atzera bila etorri jakon arte.
Amamaren gerra-oroitzapenak, barriz, idatzi barik nituan. Eta halango beharrizan moduko bat neukan idazteko. Aititak abentura legez bizi izan bazituan, amamak abandonu sentimenduagaz bizi izan ebala esango neuke. Izan bere, amama ume exiliatuen kanpamendu baten egon zan Frantzian.
Hona hemen, bada, olerkia. Liburuan gerrako umeen argazkiakaz batera dator.
Haur berriak jaiotzen ziren gela beroetan, non kontu handiz tapatu baitzituzten leihoak, kanpotik argirik ikus ez zedin, eta haien negarrak ahantzarazi egiten zizkien emakumeei sirena-hotsak eta gerra.
Irène Némirovsky, Suite Frantsesa
Itsasora!
Zapiak ez,
jakaren maukak batu ditu
agurren osteko anpuluak,
haur aro baterako umezurtzen uluak.
Bestaldeko lurrek jagongo zaituzte.
Etxeko seinok,
itsasora!
Seinak,
adindu dira
itsasoratzean.
Amondu dira neskak,
aitondu mutikoak…
ulertzeke,
aita-amek
ontziko ilaran
abandonatu zituzteneko
hura.
Jagon zituzten arren,
itzuli ziren arren,
etxean diren arren,
adindu diren arren…
ulertzeke,
ontziko ilaran
abandonatu zituzteneko
hura.
Zapiak ez,
hatz urratuak batu ditu
agurren osteko anpuluak,
halabeharrez umeak utzitako gurasoen uluak.
Bestaldeko lurrek jagongo zaituzte.
Etxeko seinok,
itsasora!
Aita-amak
bizirik hilotz
haurrak itsasoratzean.
Lanpetu ziren emakumeak,
gudutu gizonak…
euren buruei barkatzeke
umeak
ontziko ilaran
abandonatu zituzteneko
hura.
Jagon zituzten arren,
itzuli ziren arren,
etxean diren arren,
adindu diren arren…
beren buruei barkatzeke,
ontziko ilaran
abandonatu zituzteneko
hura.
Amama Benita,
Amama bendita.
Kontatu dizkidazu
itsasoratu zineneko oroitzak,
itsasoratu zineneko otoitzak…
Neba txikia
eskutik zenuela:
“Hara itsasoa”,
“hara ontzia”,
“hara eskola berria”
zenioela.
Ahazturik duzula, ordea,
lur berrien kolorea.
(Gerrakoak arrozten direnez…)
Amama Benita,
amama bendita.
Kontatu dizkidazu
itsasoratu osteko oroitzak,
itsasoratu osteko otoitzak…
Nik legez
Frantsesez egiten zenuela:
“Comment allez-vous?”,
“merci madame”,
“à la prochaine”…
Zenioela.
Ahazturik duzula, ordea,
eskola sasoian gordea.
(Gerrakoak arrozten direnez…)
Amama Benita,
Amama bendita
Ez dizkidazu esan
gerrako oroitzak,
gerrako otoitzak…
Etxeko gutuna
Jaso zenutela:
“Bonba-hotsek lokartzen gaituzte”,
“egin kasu nagusiei”,
“maite zaituztet”
zioela.
Ez duzu ahazturik, ordea,
herraren lerdea.
(Gurasoek utzi zintuztenekoak arrozten ez direnez…)
Ez diezu
aita-amei
oraindik barkatu.
(Hori ez didazu kontatu)
Ulertzeke,
ontziko ilaran
abandonatu zintuzteneko
hura.
Eta ama
zendu zen,
orduko damuz
(Ero gerrako mamuz)
Bere buruari barkatzeke
ontziko ilaran
abandonatu zintuzteneko
hura.
Amama Benita,
Amama bendita.
Ez oroitzak ahaztu,
ez otoitzak kantatu…
Zuen lurrek jagongo zaituzte,
etxeko seinok,
herrak itsasora!