Rowlingen 'Eserleku hutsa' liburuaren itzultzaileagaz berbetan

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2012-12-21 19:10 J.K. Rowling Han eta hemen zabalduten dabil barria: J.K. Rowlling idazlearen (Harry Potterren bildumaren egilea) azkenengo liburuak euskeraz urten dau. Liburuaren euskerazko bersinoa Beste hainbategaz egin legez ganerako hizkuntzatan urten dauen une berean urten dau euskerazkoak be: euskal irakurleak biak eskura izanda euskerazkoaren alde egiteko aukerea emoteko egindako hautua da. Hautu horrek esfortzu handia eskatzen dau. Eserleku hutsa liburukotea (500 orrialdetik gora ditu) Erein eta Alberdania etxeek argitaratu dabe, Batera sailean. Hemen liburuaren aurkezpen-bideoa. Estibaliz Lizasok itzuli dau (eta Xabier Olarrak gainbegiratu). Esti Lizasogaz egon gara berbertan. Estibaliz Lizaso, itzultzailea Harry Potterren egileak helduak diren bere irakurleentzat idatzi omen dau… Izan leiteke, bai. Harry Potterregaz hazi diran gaztetxuak 20 urteren bueltan ibiliko dira orain. JKrekin aurrera egiteko bidea litzateke liburu hau. Dana dala, guztiz bestelakoa da liburua. Harry ezagutzen ez dabenek liburu honegaz emon leikioe autoreari lehen aukerea, atzean ezer itxi barik; eta, alderantziz, aztiaren jarraitzaileek autorea irakurten jarraitzeko aukerea izango dabe, baina ez dabe magiaren mundu haren ezelako erreferentziarik topauko. Herri txiki baten historia handia dala entzun dot... Handia, inondik be. Baina, aldi berean, munduko edozein herri txiki izan eitekean Pagford; azaltzen diran gorabeherak oso unibersalak dira, eta horrek be emoten dio holako gertutasun bat nobeleari: esamesak, maitasuna, gorrotoa, azpijokoak… agertokiz aldatuta be bardintsu funtzionauko leukeela esango neuke. 500 orrialdetik gora erlojuaren kontra… Akabau eta zein da sensazinoa? Oraindino amaitu dala sinistu ezinda nabil. Zeozelan, izugarri murgildu naz herri txiki horretan; itzulpenean buru-belarri ibili nazenean Pagforden bizi nintzala iruditzen jatan, Samantha eta Shirley bizilagun nituala, kale-kantoiko dendatxua Howarden gutizia-dendea zala… Kalera urtenda be, burua Pagforden neukan. Eta, amaitu bada be, guztiz joaten itxi nahi ez deutsadala iruditzen jat, oraindino pertsonaiak eta pasarteak darabildez buruan, esamoldeak… Geratuko jatan hutsunearen bildurra, errutinea aldatzearena, eta egindako lanek beti beste bueltaren bat, ukituren bat, behar dabenaren ezinegona ditut nahastauta. Euskeraz eta espainolez urten dau batera. Kontaiozu irakurleari zergaitik leidu behar dauen hau euskeraz... Irakurlea nahi dauen hizkuntzea aukeratzeko libre da. Horixe da, nik uste, abantaila handiena, oraingoan, nahi badau, zuzenean euskeraz be irakurteko aukerea izango dauela. Baina euskeraz egindako lanari begira, badu liburu honek irakurtea merezidu dauenik. Izan be, jatorrizkoaren idazkera eta kontakizuna bera nahiko plain Englishean eginda dagoz, eta euskeraz be hizkuntzearen lautasun hori mantendu nahi izan da. Euskerea erraz sartzen da, liburuaren irakurketea nahiko arina dala esango neuke; horren aldeko apustua egin dogu behintzat. Hau da, euskera jasoegia izateagaitik euskeraz irakurtea neketsuagoa dala eta jenteak halako alferkeria moduko bat izaten dauela iruditu izan jat askotan (kritika hori sarri entzun dot nire inguruan). Eta lan honetan kontrakoa frogatzen saiatu naz, hau da, euskeraz be erraz irakur daitekezala best sellerrak, eta beste hizkuntza guztiek legez, idatzizko euskerea be jasoa zein laua izan daitekeela, jagokonean jagokona. Zer izan da liburua itzultzeko bidea? Zer traba izan dira bitartean? Itzulpena talde-lana izan da. Xabier Olarragaz buru-belarri ibili gara. Hasierako erabagi guztiak alkarregaz hartu doguz: pertsonaia eta leku-izenak zelan agertu, hizkerak zelan bereizi, euskera-kontuak, erispide tipografikoak… Gero, talde-lanetan gertatzen dan moduan, bakotxak bere ekarpenak egin ditu. Ni jatorrizkoaren gorabeherez arduratu naz agian gehiago eta bera, berriz, arituagoa eta adituagoa danez, azken testuaren gorabeherez, gai juridikoez, euskera kontuez… Kilometro askok banatzen gaituen arren ia alkarregaz emon doguz hilebeteok, lankidetza estua izan da eta onuragarria oso, zentzu guztietan. Holako gainbegiratzailea lagun izanda, gusturago eta lasaiago egiten da lan, egokitasuna ziurtatzeko izugarrizko bermea da. Argi dago bi eskuk batek baino lan gehiago egin leikiela, lau begik bik baino gehiago ikusi. Bestelango itzulpen-beharretan ibilten zara, lokalizazinoan hain zuzen be. Literatur lanen itzulpenak, eguneroko lanaren aldean, zer emon deutsu? Itzulpenaren alorrak askotarikoak dira, ia ogibide desbardintzat hartzerainokoak. Lokalizazinoa eta teknologiak nire pasinoak dira, baina baita liburuak be. Bihotza erdibituta daukadala esan leiteke. Orain arte txipen artean ibili naz beti eta ahal nebanetan eskapadatuoak egin dodaz literaturearen mundura, ia neure buruari egindako opari bezela. Beraz, lan hau erronka bat izan da, egia bihurtutako ames bat, buruarentzako oporraldi bat… Eta, batez be, ikasteko, gozetako eta primeran pasetako aukera parebakoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu