Martutene: ohar batzuk liburua irakurri ez dabenentzat

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2014-07-29 14:49

Martutene liburukotea euki dot eskuartean, Saizarbitoriaren azkena, 782 orrialdekoa.

Ez dot akabuko hamabostaldian blogean idatzi, baina ez naz alpertuta ibili, ez eta aspertuta bere: Martutene liburukotea euki dot eskuartean, Saizarbitoriaren azkena, 782 orrialdekoa.

Ez deutsat irakurraldia zapuztu gura inori, eta post honen helburua liburua irakurri ez daben horreek (edo luze eretxita daborduko itxi dabenak) animetea da; ez dot liburuko istoriorik ekarriko, ez eta bertako irudirik, ez dot akabua kontauko.¦

Labur-labur, film bat balitz legez kritikea egin behar baneuskio, hauxe esango neuke: akzino gitxiko pelikulea da, geldoa-edo (bigarren partean dagoz gertakariak, edo gehienak, edo halan iruditu jat) baina garaitiko dan-dana dauka: musika-banda aberatsa, personaien karakterizazino bikaina, gazaporik ez, paisaia ederrak… Martutene sinfonia bat da: musikala, gastronomikoa, politikoa, maitasunezkoa, psikologikoa, soziologikoa, literaturazkoa.

Bai, egia da, hemen egiten dot aitormena: egin behar dodan lan hori egiteko ez bada, beharbada lehenengo 300 orrialdeak irakurrita lagata legoke, baina eskerrak eutsi deutsadan, merezidu dau-eta. Halandaze, ixtekotan bazabilz, eutsi, irakurle, ez zara damutuko.

Hasikeran batez bere akzino apur bat falta dauen arren, lan biribila da Saizarbitoriarena. Oinarria bi bikoteren eta euren ingurukoen istorioa da, eta neska kanpotar baten etorrerak bikoteon patuetan eragiten dau. Norbanakoen azterketea da, zeozelan esateko; izan bere, ia-ia egunez egun eta ikaragarrizko sakontasunagaz ezagutarazoten deuskuz pertsonaiak Saizarbitoriak: zer pentsetan daben, zer esaten daben (eta zein hizkuntzatan), zelan jokatzen daben, zein dan lehendik dakarren motxila sentimentala, zer musika entzuten daben, zer irakurten daben, zein dan euren beharra, zer lankide daukien, zer bazkaltzen daben eta zelan preparetan daben jatekoa, zein kaletatik ibilten diran, zer janzten daben. Detailerik txikerrena bere hantxe dakar idatzita Saizarbitoriak. Eta norbanakoek taldea egiten dabenez gero, lan hau Euskal Herriaren interpretazino bat dala irakurri deutsat baten bateri, eta bat nator. Geure herria eta geure buruak hobeto ulertzeko balio leiken liburua, zalantza barik.

Literaturea literaturearen barruan: beste nobela bat dauka oinarrian (Max Frish-en Montauk), eta haxe be agertzen da eleberrian, eta eleberriko idazlea beste nobela bat idazten dabil, eta hango personaia nagusiak Frish idazlearen antza ei dauka, eta fikzinozko idazlearena… eta halan, personaia dan-danak dagoz alkarregaz lotuta eta, akabuan, puzzleko pieza danek bat egiten dabe. Eta lan biribila dala esan dot lehen, hain biribila eze, norberak, liburua akabetan dauanean, liburuaren hasikerako esaldiak (14. or.) gogoratuten ditu: Unamunoren Lo verdaderamente novelesco es cOmo se hace una novela eta Ricardouren Le racit nest plus lecriture dune aventure, mais laventure dune criture.

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu