Pakea Bizkaia ontzia hegoaldera eroango dau oraingoan Unai Basurkok, Antartikara

Dabi Piedra 2012-09-18 15:46

Portugaleteko marinela ez da bakarrik joango. Danetara, 19 lagunek osotzen dabe espedizinoa, baina batzuek etapa solteetan baino ez dabe parte hartuko. Esate baterako, Kepa Acero Ushuaian batuko jake. EHUko sei ikasle joango dira Pakea Bizkaian, gure lana zelan egiten dan transmitiduko deutsiet, beraz, erronka hori be badaukat, gazteei itsasoko sekretuak erakustea, adierazo dau Unai Basurkok.

Gizarte hezkuntzako proiektua hasi ebanetik, hirugarren espedizinoa egingo dau Portugaleteko itsasgizonak. Urriaren 7an abiatuko da Bilbotik eta, oraingo honetan, Ozeano Atlantikoa iparretik hegora zeharkatu nahi dau, Antartikaraino. Kepa Acero surflariak bat egin dau espedizinoagaz, Antartikako penintsulako ur hotzetan surfa probau gura dau eta, 5 itsaso egitasmoaren barruan. EHUko ikasleak, ikerlariak eta abar be joango dira ontzian.

Urriaren 7an urtengo dau Bilbotik Pakea Bizkaia ontziak. Hiru etapa nagusitan banatu dabe espedizinoa, baina geldialdi ugari egingo ditue bidean. Kanariar Uharteak, Cabo Verde uhartedia, Brasilgo kostaldea, Uruguayko Montevideo eta Punta del Este uriak eta Argentinako Plata ibaia eta Ushuaia herria bisitauko ditue. Helburua Antartikako penintsulan ipini dabe. Orain arte, iparraldeko itsasoak izan dira Pakea Bizkaiaren helmuga, 2010ean Ipar Lurmuturrera eta igaz Groenlandia eta Ternuara egindako bidaiakaz. Oraingoan, hegoaldera joko dau Unai Basurkok.

Portugaleteko marinela ez da bakarrik joango. Guztira, 19 lagunek osotzen dabe espedizinoa, baina batzuek etapa solteetan baino ez dabe parte hartuko. Esate baterako, Kepa Acero Ushuaian batuko jake. Euskal Herriko Unibersidadeko sei ikasle joango dira Pakea Bizkaian, gure lana zelan egiten dan transmitiduko deutsiet, beraz, erronka hori be badaukat, gazteei itsasoko sekretuak erakustea, adierazo dau Unai Basurkok. EHUren eta Pakea Bizkaia proiektuaren arteko alkarlanari esker eukiko dabe sei ikasleok ontzian joateko aukerea, askok emon eben izena geugaz etorteko, lastimea izan da aukeraketea egin behar izana, baina barkuaren tamainuak ez dau gehiagorako emoten, azaldu dau Basurkok, penatuta. Beste hamaika adituk be parte hartuko dabe Antartikako espedizinoan, biologoak, argazkilariak, nabigatzaileak eta abar. Gehien-gehienak euskal herritarrak dira, baina badagoz Menorka, Katalunia eta Galiziakoak be.

Halandabe, Pakea Bizkaiako kiderik ezagunena, Basurkogaz batera, Kepa Acero surflaria da. Inork surfik egin bako lekuetan olatuak hartzea da bere amesa, eta horretan dihardu 5 itsaso egitasmoan. Oraingo honetan, ederto baten etorri jako Pakea Bizkaiaren bidaia, Antartikako ur hotzetako olatuak zelakoak diran ezagutu ahal izango dauelako; izotzak izten badeutso, Unai Basurkok esan dauenez. Leku barriak bilatu, han surfa egin eta gizarteari esperientzia barri hori transmitidutea dira nire asmoak, azaldu dau Kepa Acerok. Basurkok ganeratu dauenez, Pakea Bizkaiaren ibilerak surfagaz lotzea aspaldiko pentsamendua izan da, beraz, Keparen proposamena etorri jakunean, ez genduan zalantzarik egin.

Pakea Bizkaiaren espedizinoak, beraz, urriaren 7an urtengo dau Bilbotik, Antartikara bidean eta helburu ugari buruan. Itsasoko bioaniztasuna aztertzea eta tripulazinoaren bizipenen barri emotea dira helburu nagusiak, baina ezin da ahaztu Hego Amerikako euskal diasporeagaz harremanak estutzeko asmoa be. Historiako euskal marinel handiei be omenaldia egin nahi deutsie, esaterako Elkano, Urdaneta eta Lopez de Legazpiri. Azti Fundazinoari, EHUko Itsas Ekologiaren Departamenduari, Plentziako Itsas estazinoari eta Malaspina ikerkuntza proiektuari laguntzeko erabiliko dabe espedizinoa. Proiektuaren ganekoak eta egunean eguneko kontakizunak, www.pakeabizkaia.com webgunean ikusi ahal izango dira eta sare sozialak be erabiliko ditue.

Era berean, ezin da ahaztu, Pakea Bizkaiaren jarduna ez dala urtean behingo espedizino luze batera mugatzen. Holan ba, Unai Basurkok eta bere taldeak ume eta gaztetxuei itsasoa ezagutzera emoteko jardun didaktikoagaz jarraitzen dabe. Dagoeneko, 9.000 ikasle inguru hartu ditue. Kantauri itsasoan bidaia laburragoak be egiten ditue. Ekintza guztiakaz aurrera jarraitzeko gogotsu dagoala adierazo dau Basurkok.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu