Hemen da Bizkaiko Bertsolari Txapelketea

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-10-03 15:20   Bertsolaritzea

Domekan, hilaren 7an, hasiko dau martxea Bizkaiko Bertsolari Txapelketeak, Berriatuan. Bost kanporaketa eta hiru finalaurre jokatuko ditue 38 bertsolari parte-hartzaileek. Finala Bilboko Miribillan izango da, abenduaren 15ean.

Domekan, hilaren 7an, hasiko dau martxea Bizkaiko Bertsolari Txapelketeak, Berriatuan. Bost kanporaketa eta hiru finalaurre jokatuko ditue 38 bertsolari parte-hartzaileek. Finala Bilboko Miribillan izango da, abenduaren 15ean.

Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Alkarteko buruak, Miren Dobaran Bizkaiko Foru Aldundiko Euskerea Sustatzeko zuzendariak eta Maddi Ibaibarriaga txapelketako komunikazino taldeko kideak txapelketearen zehaztasun guztiak eskaini ditue prentsaurrekoan.

BaDaGara da aurtongo txapelketearen lemea. Txapelketea mundu oso baten erakusleihoa da, hor askoren lana eta jolasa dago. Hori azaldu gura izan dogu leloagaz, adierazo dau Asier Ibaibarriagak. Letrek alkarren beharra dauken lez, bertsolaritzeak be danon beharra daukala azpimarratu dau, scrabble joko handi baten antzera. Bizkaiko Bertso Txapelketearen atzean transmisinoa eta talde lan handia dagoz, alkarteko buruaren esanetan.

Bertsolaritzearen transmisinoa gogoan izan dau Miren Dobaranek be, eskualdeko bertso-eskolak eta eskolateko bertsoaren ganeko ekimenak aitatu ditu. Diputazinoak zaindu eta aberastu beharreko arloak dira, euskerara erakarteko bidea da-eta bertsolaritzea. Bizkaiko txapelketea bertsoaz gozetako aukera parebakoa da Dobaranen ustez, eta aurtengo lehia interesgarria begitandu jako.

38 bertsolarik hartuko dabe parte txapelketan. 2010eko zortzi finalistak zuzenean sailkatuko dira finalaurrekoetara, hau da, Arkaitz Estiballes, Beñat Ugartetxea, Eneko Abasolo Abarkas, Etxahun Lekue, Jone Uria, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Peio Ormazabal.

Horrezaz gan, 2010. urtea baino lehenago nozonoz finalista izandakoek be parte hartzeko aukerea izan dabe. Eurotako lauk emon dabe izena, Igor Elortzak, Fredi Paiak, Iratxe Ibarrak eta Ibon Ajuriak, hain zuzen be. Lehiakide barriek lehiari lagunduko deutse, Asier Ibaibarriagaz ustez, eta aukerak zabalduko ditu.

Udabarrian jokatutako Eskualdetako txapeldunak be zuzenean sailkatuko dira kanporaketetara: Aitor Arrutia (Enkarterri), Oihana Bartra (Hego Uribe), Gorka Lazkano (Durangaldea), Iñaki Iturriotz (Arratia), Gorka Ostolaza (Lea-Artibai), Arrate Illaro (Uribe Kosta), Peru Vidal (Uribe Butroe) eta Julen Erezuma (Busturialdea).

Webguneak eta sare sozialek garrantzi berezia izango dabe aurtengo txapelketan. Gunea barriztu egin dabe, baina, barrua, arimea orain arteko bera dala nabarmendu dau Maddi Ibaibarriagak. Facebooken, Twitterren, Vimeon eta Berriketan.info gunean parte-hartzeko makina bat aukera eukiko ditue bertsozaleek. Bizkaikotxapelketea.biz bertsolaritzearen, bertsogintzearen topaleku izan gura leuke esan dau Ibaibarriagak. Horretarako, Plazatik izeneko atala sortu dabe, bertsozaleen barri, eretxi, argazki, bertso eta bideoak plazaratuteko.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketeak sintonia eta bideoklipa estreinau ditu gaur. Abestia Audience taldeak sortu dau, jolaserako konbitea, Ibaibarriagaren esanetan. Bideoklipa, hemen, ikusgai.

Berriatuako kanpoaraketearen ostean, beste lau jokatuko dira: urriaren 14an, Balmadesan; 27an, Mungian; 28an, Sopelan; eta, zemendiaren 4an, Zornotzan. Hiru finalaurre egongo dira: Basaurin zemendiaren 18an; Durangon, 25ean; eta, Gernikan, abenduaren 2an.

Finala, Bilbon egingo dabe, abenduaren 15ean. Daborduko salgai dagoz sarrerak, finalekoak bere bai, www.bertsosarrerak.eu webgunean.

Iñaki Aurrekoetxea, Mirari Azula, Jurgi Fuentes, Ander Txakartegi, Jon Jaio, Gorka Intxaurbe, Nahikari Ayo, Josu Telleria, Moises Enbeita, Asier Ibaibarriaga, Andoni Larrea eta Xemein Larinaga izango dira epaimahaikoak. Gai-jartzaile taldea Maite Berriozabalek, Zuriñe Iarrituk, Leire Bilbaok, Leire Aurrekoetxeak eta Bernar Mandalunizek osotuko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu