Leire Lopez Ziluaga: '121 diskori buruzko 121 testu topauko ditu irakurleak'

Koldo Isusi Zuazo 2012-10-29 12:02   Barriketan
Kafe aleak liburuaren argitaratzaileak

Kafea eta galletak ekimena 2008an sortu zan Gernikan gustuko diskoak lagunartean entzuteko asmoz. Ordutik hilean behin batzen dira musika zaleak Gernikako gaztetxean eta musika-talde batek aukeratutako diskoa entzuten dabe, kafea hartu eta galletak jaten dituen bitartean. Horren ostean, diskoa aukeratu dauen taldeak joten dau. Lehenengo saioa Slint eta Xabier Montoia buztartu zituaneakoa izan zan eta ordutik makinatxu bat saio izan dira. Orain pare bat urte, barriz, aitatu ekimeneko sustatzaile Leire Lopez Ziluaga eta Ibon Rodríguez Kafe Aleak liburua sortzeko asmoagaz hasi ziran beharrean; oinarrian, 121 disko dagoz eta horreei buruz 121 lagunen testuak, bizipen personalak gehienak baina ipuinak, olerkiak, musika kritikak, zein kritika soziala edota iruzkin politikoak be agiri dira.

Hona hemen, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodríguezek kontau deuskuezanak:


1.- Nondik nora sortu zan Kafea eta galletak ekimena?

Leire Lopez Ziluaga: 2008ko zemendian sortu genduan Ibonek eta biok musikea alkarregaz entzuteko eta musikearen ganean berba egiteko asmoagaz; gure gusto horreek asetzeko gune bat sortzea pentsau genduan eta zinemaren kasuan zine-forumak dagozan moduan, disko-foruma abiarazo genduan holakorik ez egoalako Euskal Herrian.


2.- Xabier Montoiagaz abiatu zan ekimena baina hortik aurrera pilo bat pasau dira Gernikako Gaztetxetik. Zelako erantzuna izan dau ekimenak?

Bai, lehenengo saioan Xabier Montoiak kantau eban diskoa berak aukeratu ez arren. Hortik aurrera erabagi genduan joko eban taldeak berak aukeratuko ebala disko-forumean entzuteko diskoa.

Ekimenaren erantzunari jagokonez, Kafea eta galletak defizitarioa da, askotan zazpi bat lagun baino ez gara egon saioetan eta batez beste 20 bat lagun egoten gara. Gustora egiten dogun gazuzea dalako eusten deutsagu baina saio bakotxean 100 bat euro galtzen doguz. Hurreratu dan jentea oso gustora joan da etxera bueltan baina saio jentetsuak ez dira izan gureak, jente gehien erakarri ebana Anari izan zan eta orduko saioan 90 lagun inguru sartuko ziran lehenengo zatian eta kontzertuan 300 lagun edo batu ziran.

Akaso, saioak arratsaldez diralako, proposamenagaz ez dogulako asmau baina kontua da ze jente gitxi hurreratzen dala saioetara.


3.- Musikea eta gaua buztartzea izaten da ohikoena baina alkartze hori indarbakotzeko asmoz antolatzen dozuez saioak arratsaldez...

Bai. Musikea gauez eta edozein momentutan entzutea asko gustetan jaku baina egia da geure buruari be erakutsi gura geuntsala gau giro horretatik kanpo be musikea entzun daitekela. Ganera, Kafea eta galletak ekimenak entzunaldiak beste patxada edo lasaitasun bategaz egitea dakar, gauaren zurrunbilo eta bestelako eraginak baztertuz.


4.- Orain, barriz, Kafe aleak liburua plazaratu dozue, 121 disko irakurketa. Zer topauko dau irakurleak liburu honetan?

Ondo esan dozun lez, 121 diskori buruzko 121 testu dira. Kafea eta galletak ekimenean testu bat banatzen da disko entzunaldi bakotxaren aurretik, diskoa aukeratu dauen taldeak aukeratzen dauena eta momentu batean pentsau genduan bestelako jente bategaz be kolaborau gura genduala. Saioek ez eben horretarako lekurik ixten eta, beraz, jente horreri proposatu geuntsan disko bat aukeratu eta horren ganean idazteko. Horixe da irakurleak liburuan topauko dauena. Karaktere batzuen barruan, modu librean idatzeko esan geuntsen eta, beraz, danetariko testuak dagoz, esperientzia personaletan oinarritutakoak, kritika periodistikoak, ipuinak, poemak, kritika soziologikoak, testu politikoak, beste asko dagoz aitatu gai horreetako batzuk edo danak nahasten dituenak... danetarik dago. Bitxikeria lez, persona batek argazki bategaz adierazo dau disko batek eragiten deutsona. bakotxak bere bidea hartu dau.


5.- Musikarien testurik ez dogu topauko liburuan baina bai, ostera, besteak beste, Igor Elortza, Carlos Tena zein Slavoj Zizek-en testuak...

Bai. Musikariek berez badaukie Kafea eta Galletak ekimenean parte hartzeko aukerea, izan be, disko-forumean bertan diskoa eurek aukeratzen dabe. Gure asmoa zan holako aukerarik ez dabenei luzatzea konbita, musika kazetariak, kulturgintzan dabilzanak, gure inguruan dabilzanak.

Testuak idatzi dituenak gehienak Euskal Herrikoak dira baina badira bai Patricia Godes eta carlos Tena lako lagunak eta beste batzuk be bai. Zizek pentsalari esloveniarraren kasua desbardina da, ze Imanol Galparsororen bitartez lortu genduan. Imanolek proposatu euskun haren testu bat hartu eta gitarreagaz musikatzeko. Baimena eskatu eutson egileari eta haren oniritziagaz testua itzuli eta hortxe dago liburuan. Testu ederra da izan, baina guretzako kontzertuetatik ezagutzen dogun edozeinek besteko garrantzia dauka.


6.- Kafea eta galletak saioetara hurreratzen diranen artean emakumeak izaten dira gehiengoa baina liburuan emakumeak % 25 baino ez dira. Zergaitik?

Ibon Rodríguez: Bai, holan da, saioetara etorten diran ikus-entzule, parte-hartzaile gehienak emakumeak izaten dira eta errealidade horretan larregi sakondu barik, musika-gaua buztarketeagaz apurtzeko edo gu beti saiatu gara ohiko ordutegitik kanpo antolatzen saioak, arratsaldez zehatz esateko eta leitekeana da hori izatea arrazoietako bat. Hori bai, Kafea eta galletak ekimenak helburu feministea izan dau beti jarreratan eta liburuan be islatu gura genduan hori, ez bakarrik zenbakietan baina guretzat inportantea zan emakume asko egotea liburuan, dagozanak baino gehiago, hori geure buruari egiten deutsagun kritikea da. Liburuan parte hartzeko eskaintzak egin geuntsezan emakume gehiagori baina arrazoi bategaitik edo besteagaitik ezezkoa emon izan deuskue eta emoitzea hor dago.


7.- Liburua autoedizinoa da eta banaketea ze zeuok egiten zabizie...

Bai. Gure lana beti izan da autogestinoa eta, beraz, geu izatea egiten dogun guztiaren jaube. Antolatzaileon parte hartze aktiboa sustatu gura dogu eta, beraz, geuk erabagiten dogu ze talde ekarri eta hortik aurrerako guztia. Kasu honetan, liburuaren edizinoa geuk egin dogu eta liburudendetara, liburudenda txikietara liburuak eroaten be geu gabiz. Webgunean liburua erosi dabenei be geuk bialtzen deutsegu, bialketa gastuak erdibana eginaz. Lan nekeza da gustora gabiz. Liburua 15 euroan dago salgai eta azpimarratu gura neuke copyleft filosofiagaz argitaratu dogula, liburukoe duki guztiak modu librean banatu eta zabaldu daitekez, beraz, iturria aitatuz eta copyleft lizentziaren menpean egiten bada.


8.- 121 disko, 121 testu dagoz liburuan baina danetara 140 bat lagun inplikau dira egitasmoa honetan...

Bai. Berbarako euskerarik jakin barik Ana Carlotak egin dau diseinua eta maketazinoa eta gero geuk egin doguz egin beharreko zuzenketa guztiak. Horrezaz gan, hiru marrazkilarik ilustrau ditue testuak (Jon Martinek, Alots Arregik eta Joseba Agirrezabalagak). Aukeratutako disko originalaren azalik ez genduan gura ze hor tartean copyright arazoak dagoz eta ganera askosaz erakargarriagoa begitandu jatan marrazkilarien lana. Testuak zuzentzen eta orrazten, estiloari buruzko parametroak zehazten, barriz, Gorka Erostarbe eta Borja Goñi ibili dira.

Bestetik, esan gura dot edizino gastuak karuak izan dirala eta joandako bagilean hasi ginala aurre-salmenteagaz; 600 ale atara genduzan eta dagoeneko 300 bat saldu doguz, sano pozik gagoz eta beraz, liburua erosi dabenei be gure eskerrona adierazo behar deutsegu ze horri esker aurrera egin ahal izan dogu.


9.- Aurrera begira, Kafe aleak liburuak jarraipenik izango dau, bestelako proiekturik badaukazue buruan?

Liburuak lan handia eragin deusku, pare bat urte egin doguz horretan eta oraingoz ez dakigu besteren bat atarako dogun ala ez, epe laburrean ez behintzat. Aspaldi geunkan gauzak atarateko plataforma bat eratzeko asmoa eta 'Kafe arrastoak', Kafe aleak liburua argitaratzeko sortu dogun zigilua be hortxe dago inoiz erabilteko.

Bestetik, buruan badaukaguz proiektu batzuk bai, berbarako, musikeari buruzko dokumentalak hartu eta euskerazko azpitituluakaz jarri, batzuk eginda daukaguz ganera; holako dokumentalakaz ziklo bat egin gura geunke baina oraingoz ez dago ezer zehaztuta.


10.- Kafea eta galletak datorren abenduan edo urtarrilean abiatuko da. Zeozer aurreratu zeinke?

Bai. Gernikako Gaztetxetik Astrara eroango doguz saioak, Astraren inaugurazinoa abenduaren 22an izango da, eta oraindino saioakaz hasteko data zehatzik ez daukagun arren, segurutik urtarrilera arte ez gara hasiko baina protagonistetako batzuk bai aurreratu geinkez. Ainara Legardon izango da lehenengoa eta Iparraldeko talde bat, Soano izango da bigarrenerako protagonista.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu