Julen Erezuma: 'Saio haretan sentidu nintzan bertsolari lehenengoz'

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2012-12-17 10:46   Barriketan

Busturialdeko txapelduna

Txapeldun barria daukagu zapaturik hona, Arkaitz Estiballes, eta txapeldun baten berbak leiduko dozuez artikulu honetan. Julen Erezuma Arzanegi (Gernika, 1980) aspalditik ezagutzen dot eta baneukan beragaz kontu-kontetan ibilteko gogoa. Aurten, Busturialdeko txapela jantzi dau eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalerdien ateetan parau da. Segiduko hiru Txapelketa badaroaz honezkero, ez da asko, eta ha-ta guzti be, parte hartu dauen bakotxean erakutsi dau bertsotan sano ondo egiten dakiena eta urtero-urtero hobetzen doana. Bertsoa goitik behera josita dakarren bertsolaria da, teknikoa eta berezko sensibilidadea daukana: gustura entzuteko modukoa. Hiru-lau aste badira alkarrizketa hau egin neutsana, baina arean atzeratzea pentsau genduan. Bizkaie!tik besarkada bat Juleni. Hementxe daukazuez bere berbak:


1.- Badakit bertsotan gaztetxutan hasi zinala. Zergaitik hasi zinan? Nogaz egiten zenduan bertsotan?

Umetarik hasi nintzan bertsozaletzen. Ez neuke esaten jakingo, baina... nik pentsau, zortzi edo bederatzi urtegaz, ordurako, afizinoa neukala bertsotara, nahiz eta orduan, artean ez neban bertsotan egiten! Gero, nire edade bueltako gehienen antzera, Jon Lopategik euki eban ni bertso munduan murgiltzearen erru handia. Ikastolara etorten zan astero eta matematikako eskolatik ateraten gintuen eta bertsotara eroan. Orduan, nire gelako lagunakaz egiten neban bertsotan.


2.- Zati baten bertsoak itxi eta geroagogarrenean atzera be hasi zinan... Zer dala-eta geldialdi hori? Hurretik segiduten zenduan bertsolaritzea?

Ba bai, zati baten baino gehiago izan zala esan geinke. Uste dot hamahiru urte izan zirala. Bizkaiko Eskolarteko Umetxuen final batek euki eban errua. Bermeoko Artza Frontoia bete-bete gogoratzen dot eta oholtzan horren txarto pasau neban... Ume bat nintzan artean eta nerbioak majo traizionau ninduen! Han bildurra hartu neutsan oholtzari.

Baina sekula ez nintzan bertso-mundutik guztiz urrundu; alderantziz. Amaren etxeko kamaran kaja baten berrogei bat VHS egongo dira Hitzetik Hortzerako saioakaz! Bertso-frikia bihurtu nintzala esan neike. Edadean aurrera joan ahala, lagunakaz parrandan edo beste bertsozaleren bategaz alkartzean be joaten ziran bertsoren batzuk.


3.- Ze motibazino topau zenduan barriro be hasteko? Nogaz hasi zinan eta nogaz egiten dozu bertsotan gaur egun?

Motibazino printzipala Lilibertsoren sorrera izan zan. Ibon Ajuria eta Xabier Enbeita etorri jatazan bertso-talde bat osotuko ebela esanez, Gernika aldeko bertsozaleok bertsotan egin ahal izateko eta... talde horretara batu nintzan.

Baina aurrezdik nire barruan koko-harra sortzen hasia egoan. Orain hamaika edo hamabi urte Uxue Alberdi neskato gazte bertsozalea ezagutu neban eta beragaz Internet bidez edo Elgoibarren topo egiten genduan aldiro bertsotan egiten neban. Ordurako igarten jakon dohain berezi bat. Noraino iristen ebilen ikusi nebanean, hasi zan nigan barriro be koko-har hori esnatzen.


4.- Bizkaie!-n aitatu genduan, baina azaldu, mesedez, zer dan Lilibertso. Nortzuk zabize orain? Zeintzuk izan dira edo dira zuon azkenengo ekimenak?

Lilibertso bertsotan egiteko alkartzen garen talde bat da. Ez gara bertso-eskola bat, nahiz eta batzuk holan ikusi. Esan deutsudan moduan, nire inguruko gehienen antzera, Jon Lopategiren eskola zaharrekoak gara. Bertsotan egiteko abilidadea bertsotan eginaz lantzen dala ikasi neban eta hori da egiten doguna: lagun batzuk batu, gaiak jarri eta Txapelketan edo saioetan antzera egin bertsotan. Gero bakotxak bere aholkuak emoten deutsoz besteari, bere ikuspuntuak... baina gure taldea ez daukagu bertso-eskolatzat. Gainontzekoa (errimak, doinuak eta abar) bakotxak bere kontu lantzen dau etxean.

Orain talde polita daukagu osotuta. Besteak beste: Ibon Ajuria, Xabier Enbeita, Ander Elortegi, Gurutz Uruburu... Baina ahal dabenean, Iñaki Basterretxea, gaztetan txapelketetan ibilitakoa, Oihane Enbeita, Antton Gorriño... be etorten dira. Gero lilikumeak modura bateatu doguzan gaztetxuak be badagoz eta hor bost-sei gazteko koadrila polita dago. Esan dodan moduan, taldetxu polita osotzen dogu.

Eta ekimenen kontua... Urtero-urtero ahalegintzen gara hiru edo lau ekimen egiten. Besteak beste, urteko lehen asteburuko bertso-afariak eta lilitopekak kalendarioan ez dabe hutsik egiten. Lilitopeka da Lilibertsoko eta inguruko bertso-eskoletako zein bertsozale huts direnek bertsotan egiteko sortu genduan ekimena. Gernikako tabernetatik bertsotan joaten gara, bertso-trama moduko zeozer sortuz. Urtero antolatzaile batzuk egoten dira, baita goi-mailako edo, behintzat, gure mailatik gora dagozan bertsolari pare bat be, ekarten ahalegintzen garanak. Bertan abestu dabe, besteak beste: Beñat Ugartetxeak, Oihana Bartrak, Jone Uriak, Gorka Ostolazak, Onintza Enbeitak, Iñaki Iturriozek... Giro ederra egoten da eta arratsaldea bertsotan pasetan dogu!

Aurten beste ekimen bat be sortu dogu eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketearen atxakiagaz, bertan parte hartzen ebenek eta parte hartzen dogunok jente-aurrera apur bat ohitzen joateko liligirotze saioak sortu doguz. Bertso-afariak dira, 10 euroan, baina menua hortik gorakoa da eta Bizkaiko Txapelketan parte hartu dogun bertsolariok goi mailako bertsolari bategaz abesten dogu.


5.- Bertsozale moduan, akorduan daukazun bertso-saio bat... Zein da zure bertsolaririk gogokoena eta zergaitik?

Pufff. Gogoan daukadan bertso-saio bat... Egon nazen edozein Euskal Herriko final, batez be, BEC-en egin diranak. Pentsau hutsagaz uleak be tente jarten jataz han sortzen dan giro, euskal jai, sentimenduagaz...

Eta bertsolaririk gogokoena... ez neban bategaz geratzen asmauko. Seguruen Andoni Egaña, Amets Arzallus edo Maialen Lujanbiorengana joko neuke, baina danakaz pot-pourri bat egitea gustauko jatan. Gogoratzen dot bertsotan hasi aurretik nire bertsolaririk gustokoena Jon Sarasua zala: harek eban gozotasuna! Edo Lazkao Txiki! Gero aparte beti izen naz Silveirista hutsa! Igor Elortza eta Aitor Mendiluzeren teknikak flipauta ixten nau, Unai Iturriagaren kapazidadeak bertsotan berba egiteko, Jose Agirreren edo Jose Lizaso zanaren puntua erantzuteko erreztasunak, Estiballesen eta Julio Sotoren lotsabakotasuna, Sustrai Colinaren toke berezi hori... Ikusten dozuen legez, ez dakit bategaz geratzen. Eta aitatzen ez dodazanak gehiago ez luzatzeko...


6.- Bertsolari moduan, akorduan daukazun bertso-saio bat... Jente-aurreko bertigoa kentzea lortu dozu?

Aurtengo danak daukadaz gogoan. Lehen kontau moduan, umetxutako eskolarteko finala. Bigarren debuta Errigoitin...
Baina aurtengo bigarren girotze-saioagaz geratuko naz. Belendizen izan zan eta niri ez jatan abestea toketan. Gure girotze saiotik, Errigoititik, burumakur urten nintzan. Handik aste batera, Amaiurren 500.urteurrena zala-eta, bertso-saio bat antolatu zan Gernikako Gaztetxean eta hango saioagaz be gogo barik geratu nintzan. Egia esan, morala lurretik neukan eta Belendizko girotze-saiora eskualdeko finala azken plaza izango nebala pentsaurik heldu nintzan. Baina Oihane Enbeita eta Iker Belaustegi ez ziran azaldu eta Xabi Enbeitak eta biok egin behar izan genduan bertsotan.

Saio haretan, lehenengo bider nire bizitzan, gozau egin neban bertsotan jente-aurrean: bertsolari sentidu nintzan lehenengoz. Esan neike han irabazi nebala, benetan, Busturialdeko txapela. Saio ha beti gogoratuko dot. Txapela beti da txapela eta, lehenengo txapela izanda, gehiago, baina Belendizko saioa beti gogoratuko dot.

Bertigoa... ez dakit kentzea lortu dodan. Gustuko dot bertigo hori. Nerbioen sensazino hori, baina gainez egiten ez dauenean. Aurten, Bizkaiko kanporaketan, arduratuta egon nintzan, ze saioetan zehar ez nituan nerbioak sentiduten. Ez nebazan tripak nahastuta igarten eta tensino puntu hori behar neban. Azkenean, saioa baino egun pare bat lehenago hasi ziran agertzen eta hor bai lasaitu nintzan. Lagun batek esan eustan Zornotzan etxeko dutxatik biluzik urtetan danaren moduan abestu nebala, neure etxeko egongelan egongo banintz lez. Hori transmitiduten badot, seinale ona da.

- Abeslari/talde bat: Gatibu
- Abesti bat: Argoitia neba-arreben Amets, amets
- Liburu bat: Winston Churchillen biografia.
- Jateko bat: Txuletoi bat brasan gitxi eginda edo amaren patata-tortillea!
- Bidaiatzeko leku bat: Beti joan nahi izan dot Mauricio Uhartera, baina... Euskal Herriko edozein txoko.
- Biziteko leku bat: Gernika.
- Mania bat: Txapelketako saioaren aurretik kirola egin eta siestea bota behar dot derrigor.
- Bizio bat: Itsasmendi 7 bat.
- Gorroto dozu: Prepotentzia eta guzurra.
- Hobby bat: Asko. Kirola, lagunakaz egotea, bertsoa bera hobbya da niretzako...


Bota bertso bat:

Horrenbeste lagun egin dodaz
bertso bidietan ziher,
han ta hemengo bertso-eskoletan,
parrandan bazterrik bazter.
Margaritak eiten erakutsi
eustan hareri be zeuzer!
Zuontzat danontzat da bertso hau,
nahiz ta esan mila bider...
Bihotz-bihotzez mila esker!
besterik ezin dautsuet esan:
"Zuek barik ez naz ezer!"(bis)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu