Arkaitz Estiballes: 'Euskal Herriko finalean bizkaitarren bat egotea espero dot'

Koldo Isusi Zuazo 2012-12-21 14:45   Barriketan
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 2012ko txapelduna

Bizkaiko txapela irabazi dau galdakoztarrak 2012ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketan eta dagoeneko bigarrena da. Aurten, buruz-burukoan Igor Elortzagaz kantau ostean, Jon Lopategiren eskutik jaso eban txapela. Miribillan, Bilbao Arenan, jokatu zan finala lau mila lagunen aurrean eta saio ederra osotu eben Arkaitz Estiballesek, Igor Elortzak, Fredi Paiak, Jone Uriak, Onintza Enbeitak, Miren Amurizak, Iratxe ibarrak eta Etxaun Lekuek; ordena horretan sailkatu ziran bertsolariak, historian lehenengo aldiz launa gizonezko eta launa emakumezko.


1.- Txapela irabazi osteko ospakizuna zelakoa izan zan? Finalean izan zinien danak batzen zarie holako okasinoetan?

Batzuetan egin izan doguz afariak Fredin koadrilakoak neuregaz eta, oso ondo ponkontzen gara eta badaukaguz alkarregaz lagunak Frediren zein nire koadrilakoen artean, baina oraingoan pentsau genduan Bilbon izanda finala eta berandu amaituko zala jakinda, Bilbon berton jarraitzea parrandea. Alde Zaharrean ibili ginan trago batzuk hartzen eta tarteka-marteka Fredigaz eta lagunekaz topau ginan. Ni neu goiz erretirau nintzan, goizaldeko 03:00rak aldean edo, etxean arrautza prijiduak preparau eta ohera.


2.- Esperantza larregi barik joan zinan finalera eta akaso, patxada hori sano lagungarria egin jatzun txapela irabazteko...

Bai. Inoizkorik lasaien joan nintzan finalera. Aurreko egunetan ardurea neukan eta ahotsagaz be baragarri ibili naz, orain aste bi edo guztiz galdu neban eta hor ibili naz, ahotsa errekuperau, barriro galdu. Bezperan eta sano arduratuta nengoan eta gozatzeko aukera larregirik ikusten ez nebanez, nahiko trankil joan nintzan. Hori igarri neban, finalaren sarrerako paseoan, lagunak agurtu nituan, jentea ikusi, oso trankil sartu nintzan Bilbao Arenan.


3.- Hiru puntuko aldea atara zeuntsan azkenean Igor Elortzari...

Tarte txikia bai. Oso gustora kantau neban Igorregaz buruz-burukoan, pentsaizu Igor Elortza eta Unai Iturriaga gure erreferentzia izan dira eta pozgarria izan zan beragaz jokatzea txapela. Azkenera arte uste dot atzetik ninoiala eta azkenengo bakarkakoagaz bueltea emon neutsala. Holan subertetan dira gauzak. Gogoan daukat Xabi Paiak irabazi ebanean, buruz-burukora Etxahun Lekuegaz heldu zan eta horixe bera izan zan aldea, hiru puntukoa.


4.- Buruz-burukora nor pasuko ez zan egon bape seguru eta Fredik gehiago merezidu ebala entzun izan da bazterretan...

Egia esan, ez neukan bape argi buruz-burukora nortzuk pasauko ziran, neu kanpoan geratu eta beste batzuk sartu izan baziran be, ez neban sorpresarik hartuko. Kontua da ze, Fredi eta biok komunean gengozala, aholkua emon neutson zuhur ibili eta tensino puntuari eusteko, normalean buruz-burukora pasetan zarenean, ohikoa izaten dalako lasaitzea. Fredi oso indartsu, oso komunikatibo ikusi neban, ikus-entzuleakazko hartu-emonetan eta neuk be asko disfrutau neban beragaz.


5.- 2010ekoagaz konparauta, zertan izan da desbardina aurtengo finala?

2010eko lehenengo txapela berezia izan zan, lehenengoa beti izaten da berezia baina bigarren txapela be oso gustora hartu neban, hunkigarria izan zan, gauza, egoera eta persona asko etorri jatazan burura baina balantza batean jarri eta desbardintasunik ete dagoan ez dot pentsau. Zeozer esatekotan, aurtengo finalera oso lasai joan nintzala nabarmendu neike.


6.- Emozinoari ezin eutsita ibili zinan txapeldun zinala jakin zenduanean. Joxe Agirre hil zan finalaren egunean, txapela Lopategik jantzi eutsun... Zer etorru jatzun burura?

Sentimendu asko etorri jatazan burura; betiko lagunak, joan jakuzan lagunak, pena, bertso-eskolako kideak, Etxahun eta Fredi, azken urteotan egiten gabilzan ahalegina... Dana pilatu jatan eta momentu oso hunkigarria izan zan. Ganera, finalaren egunean, goizean jakin genduan Joxe Agirreren heriotzearena eta saio osoan zehar oso presente egon zan.

Eta, duda barik, gure maisu Jon Lopategik txapela janztea be ederra izan zan.


7.- Bizkaiko bertsolaritzearen osasuna oso ona dala erakutsi zenduen zortzirok finalean. Plazak dira bertsolarien eskola eta indargarri baina zerenbesteko garrantzia izan dau Jon Lopategik zure ibilbidean?

Sekulakoa. Gure maisua izan da baina azpimarratuko neuke gu alkar ezagutzen egindako lana, talde lana erakutsi deusku Jonek. 14-15 urtegaz Kanpantxura joateko konbita egin eustan eta han ezagutu nituan gaur bertsokide eta lagun dodazanak; horixe azpimarratuko neuke geure bertsokeran izan dauen eragina baino gehiago dala sortu eban lagun taldea.


8.- Finala hotz hasi baina polito berotu zan gero eta zeuk be behetik gora egin zenduan. Onena buruz-buruzko kartzelakoan emon zenduan?

Ez dakit. Nik ez daukat holako sentsazinorik, behetik gora joan ete zan finala... Ofizioetan, Gazan geratzen dan kazetariaren papelean, Iratxe Ibarragaz kantau nituan hiru bertsoakaz oso gustora geratu nintzan; errima txukunak erabili nituan eta arrazoiak eta detaileak be sartu nituan; hango kale bat edo egoera bat irudikatzen saiatu nintzan eta pozik geratu nintzan botatako bertsoakaz.

Kontua da ze, jentea, entzuleak eurak azkenerantza joaten dirala berotzen eta egia da bakarkako lanak jenteak adi-adi jarraitzen dituela. Bakarkakoan be oso seguru ikusi neban nire burua eta gustora lotu nintzan. Azkenengo bakarkakoan aurrekoaren ideia etorri jatan eta modu literarioan lotu nituan bi historiak eta azartau nebala esango neuke. Antza azken bakarkako horretan hartu neutson aurrea Igorri baina horrek gauzok saioa pasau ta gero jakiten doguz normalean. Igorrek bakarkakoan bota zituan bertsoak nik ez dodaz entzun baina neure lanagaz pozik nago.


9.- Agurra -ari errimau zenduan orain urte bi egin zenduan legez. Autortu izan dozu, aurrez preparau bako agurra izan zala baina kosta egiten da hori sinistutea... Finala irabazi ez bazendu, agurra bestelakoa izango zan?

Ez dakit. Aurten, hasierako agurra be Miribillan bertan pentsau neban eta azken agurra be bai. 2010eko finalean legez -ari errimea erabiltea erabagi neban eta badakit batek baino gehiago pentsauko ebala: honek daukaz arrautzak, honek!!! Azken agurrean argi neukan txapela jente askori eskaini gura neutsola, entzuleei, Karmelo Ikastoleari, Santutxuko Bertso Eskoleari, Etxahun eta Frediri, joandako lagunei... eta misteriorik barik hor joan zan bertsoa.


10.- Bertsolari gazteak oso indartsu datoz. Berbarako 22 urteko Jone Uriak sekulako lana egin eban eta beteranoen parean edo hortik gora egoteko gaitasuna eta indarra daukala erakutsi eban. Miren Amuriza be hor dago eta txapelketan aurrera egin ezinik geratu diran beste asko...

Bai, Jonek saio dotorea egin eban eta esan behar dot 2010eko txapelketan eta Euskal Herrikoan be maila handia erakutsi izan dauela. Duda barik, urte askotarako bertsolaria daukagu. Miren Amurizaren kasuan beste horrenbeste eta aurrera egin ezinik geratu diranen artean, Julen Erezumari besarkada bat bialduko deutsat hemendik


11.- Datorren urtean jokatuko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketea. 2009an, Andoni Egañaren urteetako nagusitasunaren ostean, Maialen Lujanbiori jantzi eutson txapela oraintsu hildako Joxe Agirrek. 2013ko hitzordu horri begira zelan ikusten dozu zeure burua?

Bueno, ba, momentu honetan ez dot ikusten... Zorionez edo zoritxarrez egunerokotasunak harrapatzen nau bere sarean, egunez egun bizi gara eta Euskal Herriko Txapelketea urruntxu ikusten dot. Baina badakit Etxahun Lekue, Beñat Ugartetxea eta Fredigaz barriro alkartuko nazela hitzordu garrantzitsua hori ahalik eta ondoen preparetako. gero ikusiko da zelako maila, puntu eta zelako gogoagaz heltzen garen... Finalean bizkaitarren bat egotea espero dot eta txapela janztea beste kontu bat da, hori ez da erraza; atara kontuak, azken 30 urteotan 4 bertsolarik baino ez dabe jantzi txapel hori eta ez da bape erraza izango.


12.- Plaza faltarik behintzat ez dou izango datozen hileotan...

Bai, aurten be plaza askotan ibili naz kantuan, ehundik gora saio izango ziran eta badakit hemetik aurera be makinatxu bat aukera izango dodala kanturako. Edozelan be, txapelketea eta plazea gauza diferentea dira; txapelketeak holako exijentzia maila handia eskatzen dau eta norberaren buruagaz be lasaitasuna behar da. Plazak lagungarriak dira, jakina, ez herdoiltzeko eta aitatu ariketa mental horreek egiteko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu