Aspaldiko partez, Arratia aurrera

Gorka Intxaurbe 2013-02-27 17:48   Bertsolaritzea

Igorreko goizeko freskureagaz hasi zan atzo XXI. BBK Sariketea. Eta halantxe ibili ziran bertsolariak: fresko ideatan eta bertsoa botateko orduan. 18 urtera artekoetan kontua estu eta Busturialdekoen alde egon zan arren, aldea 18-25 urtera artekoetan lortu eban Arratiak.

Igorreko goizeko freskureagaz hasi zan atzo XXI. BBK Sariketea. Eta halantxe ibili ziran bertsolariak: fresko ideatan eta bertsoa bota orduan. 18 urtera artekoetan kontua estu eta Busturialdekoen alde egon zan arren, aldea 18-25 urtera artekoetan lortu eban Arratiak.

Lasarte Aretoa neskatxi-mutilakaz josita egoan. Leku elegantea da publikoarentzat, bertsotan egiteko eta epaitzeko be bai: atzean eta ezkutuan egon ginan Juanjo Respaldiza, Arkaitz Estiballes eta hirurok. Geugaz batera, Joserra Bilbao, Ione Narbaiza eta Eli Arostegi.

Zuriñe Iarrituk 11:30ean batu zituan gazteenak oholtza ganean: Arrate Gaztelu, Aitor Asua eta Beñat Alonso Arratiako taldetik eta Lurdes Ontaro, Eneko Aldana eta Eneko Gezuraga Busturialdekotik. Zuriñeren gaiak: aproposkoak.

Behar ederra egin eben Arrate Gazteluk eta Lurdes Ontarok. Oinakaz bertsoa polito osotu eben eta zortziko handian be fin-fin ibili ziran. Oinakaz hau bota eban Lurdesek:

Mara-mara ibili da
lehengoan edurra...
kanpora begitzean
zelako bilurra!
Topatu ezinean
sutarako egurra...
baina zer eingo (do)tzegu,
horrela da lurra!

Zortziko handiko lehenengo bertso bietan oso-osoan azertau eben neskato biek. Arrate gaur be sofan nasai-nasai irakurten zagozala, Lurdes etorri eta telebisinoa biztu dau. Hementxe daukazuez Arrateren goitik beherako bertsoa eta Lurdesen erantzun patxadazkoa, sano ona.

Arrate

Salara sartu ta piztu dozu
telebisinoa jada...
gaur betiko lez etorri zara
izorratzera bertara.
Zuretzako hau pozgarria da,
baina niretzat da traba.
Niri itxi trankil eta joan zaitez
zure gelako plasmara!

Lurdes

Apurtuta dau gure plasmaren
entxuferako kablea,
ta libre deket nire etxean
nahi dodana egitea.
Zeure onerako, dinot benetan,
ondokoa esatea:
lo egiteko hobeto dozu
zeure gelako ohea.

18 urtera artekoen erregulartasuna aitatu gura neuke. Edade horregaz normala da artega egotea, baina bertsoa osotzerako orduan seguru ikusi nituan bertsolariak. Horren adibide onak dira Aitor Asua, Eneko Aldana, Beñat Alonso edo Eneko Gezuragaren bertsoak.

Akorduan daukat, berbarako, Enekok oinakaz botatako bertsoa. Ogia, egia, begia, argia errimakaz polito azaldu eban dana karu dagoala, begia ixten dauela gauzak erosi gurean eta atzoko ogia be karutu egin dala. Zorionak danei be.


18-25 urtera artekoetan, Arratiak gora

Arratiako taldetik: Malen Amenabar, Irati Astondoa eta Illart Gumuzio. Busturialdekotik: Mikel Retolaza, Asier Galarza eta Jone Larrinaga.

Fase honetan lortu eban Arratiak aurrera egiteko behar eban aldea. Mikel Retolaza, Asier Galarza eta Jone Larrinaga polito ibili ziran, baina atzokoan igarri zan Malen Amenabarrek Arratiako taldeari emon deutson indarra. Irati Astondoa eta Illart Gumuziok be, akatsik egin barik, txiri-txiri puntu arloa batu zituen.

Malen Amenabarrek oinakaz ondo josita osotutako bertsoa:

Badekogu gogoa
badogu ganora,
horretxegaitik igo
gara oholtzan gora.
Jakin eizue etorri
nazela bertora,
ondo kantatu eta
joateko gustora.

Malen Amenabar eta Mikel Retolazaren arteko ofizioa entretenigarria izan zan. Lehengo barikuan San Mamesera alkarregaz joan ziran Malen eta Mikel, eta ordurik hona burumakur dago Malen. Lehenengoan, Reala zuri-gorrien parera inoz ez dala helduko bota eutsan Mikelek Maleni. Malenen erantzuna: Baina Realak irabaztea, ezingo dot inoz jasan. Malenen hirugarren bertsoa sano ona izan zan eta, hau eskribiduten hasi nazenean baietz pentsau arren, ez neban grabau.

Apurka-apurka artikulua akabetako saioan pasau zan kasualidade bat: Iratik hasierako agurrean kantau euskun edurtzea dala eta baserrian inkomunikauta egon dala egunetan. Igorrera be traktorean etorri zala esan eban. Traktorean ez, baina oinez egin eban Zeanuritik Igorrerako bidea: hori dok eta bizikletea! Kontua da Asier Galarza eta Iratiren ofiziotako gaia erara etorri jakola zeanuriztarrari: Bikote gaztea zarie. Baserrian bizi zarie oin dala gitxi. Edurtea dala eta baserritik urten ezinda daroazuez lau egun. Fazil kantau eban Iratik testuinguru horretan.

Azkenean, txikerretan Busturialdeak 10 puntuko aldea atera eutsan Arratiari, baina nagusietan, 73 puntu kendu eutsazan Arratiak Busturialdeari. Kontu asko eta karaktere gitxi aurretik. Gustura hasi dot BBK Sariketea eta datorren hilean be kontauko deutsuet zeozer.

Hurrengora arte,

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu