Bertso Korrikak 25 bertso-eskola eta makina bat bertsozale lotuko ditu

Bizkaie! 2013-03-01 15:34   Bertsolaritzea

Bertso-eskolek, AEK-k eta Bertsozale alkarteak Korrikagaz batera joango dan bertso zirkuitua aurkeztu dabe Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Euskera ikasleen neurrira egindako saioak izango dira. Euskal Herriko 25 herri lotuko ditu Bertso Korrikak.

Bertso-eskolek, AEK-k eta Bertsozale alkarteak Korrikagaz batera joango dan bertso zirkuitua aurkeztu dabe Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Euskera ikasleen neurrira egindako saioak izango dira. Euskal Herriko 25 herri lotuko ditu Bertso Korrikak.

Edurne Brouard AEK-ko Korrika arduraduna, Iñaki Murua Bertsozale alkarteko presidentea eta Beñat Vidal Algortako Bertsolari Eskolako kide, AEK-ko Mintzapraktika egitasmoko arduradun eta Bertsozale alkarteko kideak aurkeztu dabe Bertso Korrika.

Euskera ikasleak bertsolaritzara hurreratzea da Bertso Korrikaren helburu nagusia, horregaitik ikasleen neurrira egindako saioak prestauko ditue. Askorentzat bertso saio bat entzungo daben lehen aldia izango da, hori dala eta saioko azalpenak eta bertsolarien jarduna egokitu egingo dira, euskera ikasleek ulertzeko moduan. Edozelan be, bertsozaleentzat be saio honeetako ateak zabalik dagoz, publikoan bertsozaleek eta euskera ikasleek bat egitea nahi dogu eta.

Bertso saioaren aurretik, euskaltegian aurre-lanketea egingo da, gai-jartzailearen eskutik. Horretarako, bertso saioko gai-jartzailea etorriko da eskolara, eta saioaren barri emongo dau: bertsolaria aurkeztu, saioan egingo dituen ariketa muetak azaldu, eta bertso baten sorkuntza prozesua aztertu. Osteak, euskera ikasleek, gai-jartzailearen laguntzinoagaz ,saiorako ariketa edo gai batzuk atonduko ditue.

Bertso Korrika zirkuituan 25 herrik hartuko dabe parte. Durango, Zornotza, Derio, Bilbo, Barakaldo, Algorta, Erromo eta Markina, Bizkaian; Kanpezu, Agurain, Gasteiz eta Laudio, Araban; Astiz, Iruñea, Lizarra eta Elizondo, Nafarroan; Azkaine, Itsasu eta Hendaia, Lapurdin; Donostia, Larraul, Andoain, Lazkao, Arrasate, Lasarte, Gipuzkoan.

Danetara 25 bertso-eskolak hartu dabe euren herrian saioa antolatzeko ardurea. 100 bertsolarik jardungo dabe kantuan, plazaz plaza asko ibilten diranak, eta gitxiagoa dabilzanak alkarregaz. Eta 20 gai-jartzailek emongo ditue euskaltegietan eskola didaktikoak.

Beñat Vidalek bertsotan emon dau ekimenaren barri:

Euskaltegian lantzen ditugu
aditza eta baldintza
baina jolastuz bertsolariek
nola darabilte hitza?
Bertso Korrika iritsi zaigu
da zuretzako ekintza
euskara ikasten zabiltzan horrek
behar zenuen argi printza
denek ulertu eta gozatu
dezagun bertsolaritza

Astegoienean hiru saio egongo dira. Martiaren 1ean, barikua, Aguraingo Herri tabernan; eta, martiaren 2an, Kanpezuko K18 tabernan eta Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu