Iñaki Viñaspre irabazle, Arabako Bertsolari Txapelketako azkenengo finalerdian

Bizkaie! 2013-03-04 09:58   Bertsolaritzea

Iñaki Viñaspre izan da garaile Arabako Bertsolari Txapelketako azkenengo finalerdian. Beraz, finala lotuta dago. Martiaren 16an Gasteizko Printzipal Antzokian ondoko seikoteak jardungo dau betsotan: Asier Otamendi, Manex Agirre, Iñaki Viñaspre, Ruben Sanchez, Oihane Perea eta Jagoba Apaolaza.

Iñaki Viñaspre izan da garaile Arabako Bertsolari Txapelketako azkenengo finalerdian. Beraz, finala lotuta dago. Martiaren 16an Gasteizko Printzipal Antzokian ondoko seikoteak jardungo dau betsotan: Asier Otamendi, Manex Agirre, Iñaki Viñaspre, Ruben Sanchez, Oihane Perea eta Jagoba Apaolaza.

Arabako Bertsolari Txapelketako hirugarren finalerdia, eta azkenengoa, Dulantzin jokatu zan. Irati Anda, Oihane Perea, Jagoba Apaolaza, Iñaki Viñaspre, Izar Mendiguren eta Ruben Sanchez izan ziran oholtza ganean.

Parte-hartzaileen agurren ostean, zortziko handian kantau eben bertsolariek. Iñakik eta Jagobak oporretara doazen, baina aireportuan langileen manifestazinoa topetan daben bidaiarien papelean egin eben saioa. Iñakik Jagobari proposau eutson bidaia bertan behera ixteko: Baina hobeto gera gaitezen/hemen haiekin batera eta Zuk esan berri duzun horixe / ez da horren arraroa / egin behar zaio enpresarioari / oraingoan hordagoa / eta porkulo hartzera doa / biaje todo inkluidoa / oraintxe bertan pankarta horren / atzean jartzera noa. Viñasprek halan erantzun eban: Zurekin noa joan gaitezen / ba manifan elkarrekin / ta entzun gaitzaten kaleetatik / oihu ozenei ekin / orain daukagun bide honetan / bizitzea ez dut atsegin / ze hemen zorra eurek daukate / eta euren herriarekin.

Zortziko txikian Izar eta Iñaki ederto ibili ziran, publikoari asko gustau jakon bertsoen umore puntua. Iñakik katua izan gura eban aspalditk, eta Izar bere bikoteak urteurren opari moduan portzelanazko katutxu bat ekarri eutson. Izarrek Iñakiri: Baina ez duzu ulert/ opari sensuala / miazkatuko zaitut katuak bezala, Benga tori bi muxu /… /ea txakur aurpegi hori / kentzen zaizun eta Iñakik tematuta: Katua ez dut aldatzen / ezeren truke / katu txiki gozo bat / nik hori nahi nuke.

Oihane eta Irati bikotea zira atzokoan, eta munduari bueltea emotea erabagi dute, 25. eguna dabe alkarregaz beste inogaz berba egin barik. Egunak etorri, egunak joan hau dinotso Oihanek Iratiri: Itsasoa da zabalegia /gure harremanarentzako eta Iratik erantzun Bada gu biok izan gaitezen / orain luzaroan lagun / bion onerako izango da ta/irla bat bila dezagun eta hartu-emionari bueltea emon nahian, Oihanek: Irla batera joan gaitezen bai / ta nahastu goi eta behe/elkar maitatu dezagun biok/ta inork epaitu gabe.

Iñaki eta Rubenen ofizioa hamarreko txikian nabarmentzeko modukoa izan zan. Iñakik umedun dagoenaren rola hartu eban eta Rubenek haren aitaginarrebarena, biak baserrian dagoz, baina edurra dala-eta ezin dabe baserritik urten. Iñakik erditzera doala sentiduten dau, eta Kalean elurra da/ bidea luzea / ta gertu sentitzen dut / nire erditzea / nahikoa arazoa ez al zen / zu aguantatzea, Senarraren aitatxo / zarenez zu Ruben / bera jaio zenean / zer egin zenuen?, eta Rubenek erantzun Sukaldean nengoan / purua erretzen / zuk zer egin zenuen / zuk hemen egoteko / esaiozu haurrari / berdin egiteko.

Saioan ofizio desbardina tartekatu zituen, ondoren banakako eta kartzelako lanari ekin eutsen bertsolariek. Puntu erantzunen ariketan Oihane Perea nabarmendu zan, ederto josten jakin zituan bi puntuak Aita Santuak utzi / berridu kargua / beste batek hartuko / du bere lekua / Baina berdintsu behar / da horko kontua / elizak galdua du / bai fundamentua eta Elizan ere badu / berri beharra / baina hortarako dauka / materia txarra / herri honentzat ere / hori zori txarra / ez dut horretan galtzen / alperrik indarra.

Bertso hunkigarriak bota zituan Jagobak, Amak esandakoarekin, zur eta lur gelditu zara gaiari eutsiz. Hemen, bigarren alea, amak minbizia dauka eta hilabetea geratzen jako, Hunkitu egin naiz bere hitz hoiekin aho hortatik irtetzean/momentu onak geratu dira gordeta oroimenean / bapatean malkotxo bat ageri da masailean /…/ Zainduko zaitut nerebarren barrenean / eta ez ahaztu beti maiteko zaitudala bihotzean. Bertsolariek alde sano desbardinetatik eutsi eutsen gaiari, martiaren hirua gogoratu eban Iratik, ama nor ete dauen Oihanek, amaren maitasun barria Rubenek, etxe desjaubetzeak Iñakik eta homosexualidadea Izarrek.

Behin finalerdietako lanak amaituta epaileek ondoko epaia jakinarazo eben: saioko irabazle eta finalera zuzenean sailkatuko dana Iñaki Viñaspre, 328 puntugaz; 321,5 puntu, Ruben Sanchez; Oihane Perea, 309,5 puntu; Jagoba Apaolaza 307,5 puntu; 299,5 puntu Izar Mendiguren; eta 297, 5 puntu Irati Anda.

Finalerdiak amaitu dira, beraz martiaren 16an Gasteizko Printzipal Antzokian Asier Otamendi, Manex Agirre, Iñaki Viñaspre, Ruben Sanchez, Oihane Perea eta Jagoba Apaolaza bertsolariak izango dira kantuan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu