Durangaldea bertsus Ipar Uribe

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2013-03-14 10:28   Bertsolaritzea

Talde gaztea eta balientea dauka Durangaldeak eta bertso-saio askoduna Ipar Uribek. Datorren astean, badakizue, tirozue Bilbora eta Kafe Antzokian batuko gara.

Tituluan leidu daikezuezanak izango dira BBK Sariketako finalean kantauko dabenak. Bertsusek ez dau parte hartuko, baina beste biek bai, seguru. Talde gaztea eta balientea dauka Durangaldeak eta bertso-saio askoduna Ipar Uribek. Datorren astean, badakizue, tirozue Bilbora eta Kafe Antzokian batuko gara.


Durangoko saioa

Harainegun, Durangoko Institutuan jokatu zan Durangaldea eta Arratiaren arteko finalerdia. 12:00ak inguruan hasi ziran 19 urtera artekoak kantetan. Durangaldetik: Garoa Angiozar, Iruri Altzerreka eta Txaber Altube; Arratiatik: Arrate Gaztelu, Aitor Asua eta Beñat Alonso. Gai-jartzailea: Zuriñe Iarritu.

Finalerdia zan eta bertsolariak normalean baino artegago igarri nituan. Denpora gehiago hartzen eben bertsoa pentsau orduan eta inork ez eban akats txikerrena egin gura. Kontu egizue, azkenean puntu bigaitik baino ez eban irabazi Durangaldeak.

Garoak eta Arratek oinakaz ederto osotu zituen euren bertsoak, eta akordetan naz, esate baterako, Aitor eta Iruriren ofizioko bertso pare bategaz. Eleji gitxi ez dago, baina, hasteko, Arrate Gazteluk oinakaz botatako bertsoa eta, segiduan, Txaber Altubek azkena emonda kantau ebana:

Arrate

Batzutan ikusten da
iragan iluna,
eta bihurtzen jaku
burua astuna,
baina guk gogor helduz
ondoko laguna...
hori baita azken baten
onena doguna.

Txaber

Orain sei urte hipoteka bat
hartu genduan aurretik,
ta ordudanik gogorra dala
hemengo dana badakit.
Orain etxea kentzera datoz
inungo arrazoi barik!
Eta guztia argitu arte
ez gara joango hemendik

25 urtera artekoetan, Arratiatik, Malen Amenabarrek, Irati Astondoak eta Illart Gumuziok kantau eben; Durangaldetik, Aitor Bizkarrak, Ander Gerrikabeitiak eta Ane Alegriak.

Gaia: Malen, lanbide heziketako ikasketak hasi zenduzan orain urte batzuk. Aurton zeure aitak, Aitorrek, emon dau izena zure ikastetxean. Sarritan ikusten dozue alkar. Gaur zeure lagun taldera hurreratu da.

Gustau jatan zelan hasi eban Malenek zortziko handiko ofizioa eta zelan borobildu eban bere hirugarren bertsoagaz Aitorrek, Malenek zure kuadrila hartu ta urtengo naz gaubean poteora kantau ostean.

Malen (lehenengoa)

Ondo ikusten dot gure eskolara
zuk be egitea buelta,
baie gugana hurbildu zara
ta ia galdu dot oreka...
Parkatu, baie gaurkoan nik ein
behar dotsut errieta:
gure etxean nahiko denpora
batera egoten gara eta!

Aitor (hirugarrena)

Nire kuadrila egia esan
dogu hondo bako potzu.
Jende barriak sarri askotan,
nahiz ta jokatu amultsu...
bataren zirri, bestean irri,
hirugarrenaren mosu...
hamen ezpozu asko ikasi
eurekaz ikasikozu.

Ander Gerrikabeitiak eta Irati Astondoak be sano ondo kantau eben zortziko txikerrean. Idea onagaz hasi eban ofizioa Anderrek eta Iratiren erantzuna... goitik behera, galanta. Gaia: Ikasle pisua alokatu zenduen irailean. Lehenengo hozkailua apurtu zan; gero, garbigailua; orain, dutxea. Halanda be, Ander, trankil zagoz bertan. Iratik bertatik joan gura dau.

Ander

Irati izan zaitut
nik beti gertuko.
Etxea uzteari
egin behar uko.
Probabilitatean
naizenez sartuko...
bosgarren aldi baten
ez da apurtuko.

Irati

Nik ezin dotsut aitu
dinotsut benetan.
Probalilidadea...
zetan zabiz, zetan!
Ia bonbilla danak
dabilzkuz soltetan...
Txarriek be ez dabe
hemen aguantetan!

Illartek eta Anek gorabehera bako bakarrekoa egin eben. Euren maileari eutsi egin eutsien eta, azkenean, puntu guztiak batuta, 19 urtera artekoetan 9 puntuko aldea lortu eban Arratiak eta, 25 urtera artekoetan, Durangaldeak irabazi eban 11 puntugaitik.


Algortako saioa

Bertsotan egiteko leku barria estreinau genduan atzo BBK Sariketan: Aixerrota Institutua. Eta estreinau be zelan! Akabuan kontauko deutsuet. Bertan kantau eben taldeak: Ipar Uribe eta Bilboaldea. 19 urtera artekoetan Ipar Uribetik: Unai Mendiburu, Aitzol Muruaga eta Paule Loizaga; Bilboaldetik, barriz: Mikel Aiartzaguena, Ander Anakabe eta Jon Larrabide.

Bilboaldeak jenteaurrean lehenengoz kantau eben bertsolari bi eroan zituan Algortaraino. Bildurrari aurre egin, eta Mikelek eta Anderrek asko lagundu eutsien taldeari. Hirugarrenak, Jon Larrabidek, bere ironia fina erakutsi eban atzera be. Ipar Uribekoek, Unai, Aitzol eta Paulek, aurreko saioan baino seguridade handiagoagaz kantau ebela pentsetan dot. Ander Elortegi eta Nahikari Ayo, saioa hasi baino lehenago, euren ikasleei lagun egiten egon ziran.

Mikel eta Unairen arteko ofizioan, berbarako, erantzun polita emon eutson Unaik Mikeli. Unai konturatu da Mikelek bere bizikletea eta liburuak interneten salgai ipini dituala. Mikelek Unairi kantau eutson, lehenengo bertsoan, aita behar barik dagoalako ipini dituala bere gauzak salgai. Unairen erantzuna:

Internetera konektatuta
segundamano.es,
gauza guztiak saldu nahi dozuz
horren lasai eta errez.
Baina gaurkoan lasaitu zaitez
ez naiz haserretuko, ez,
zu interneten saltzea ere
askotan pentsa dut berez.

Azkena emonda, Paulek holan osotu eban bertsoa:

Mutil eder bat izan dut beti
txikitatik gustukoa...
Begi urdinak dira, izan ere,
bere itxuraren gakoa,
eta gainera bertsotan dabil
horrekin badut nahikoa.
Ederra eta bertsolaria
etxerako modukoa

25 urtera artekoetan sano talde gaztea eukan Bilboaldeak: Peio Molinuevo, Andere Molinuevo eta Iker Garitagoitia. Ipar Uribekoa: Inaxio Vidal, Peio Arondo eta Imanol Uria. Edadean diferentzia egon arren, ondo eutsi eutson Bilboaldeak: 3 puntuko diferentzia baino ez eban lortu Ipar Uribek.

Andere Molinuevok oinakaz ederto osotutako bertsoa:

Bertso bat kanta eta
ofizioak oraindik...
honaino etorri naiz
lasaigarri barik.
Flipatzen zaudetela
ondotxo badakit.
Lehenbailehen honekin, ba,
bukatu nahi dut nik.

Ofizio bizi eta entretenigarriak entzun genduzan Aixerrotan, eta bakarrekoak be, kalidadekoak. Gaia: Bertso-eskoleak kilometroa erosi dau aurtengo Korrikarako eta zeu elejidu zaitu, Iker, lekukoa eroateko. Hementxe daukazue arrigorriagarraren bertsoa:

Eguna heldu da ta altxatu naiz,
baztertua dut izara.
Nahiz furgoneta, nahiz ta musika
ez ditudan nire traba.
Hizkuntzan alde aurrera goaz
kantu, barre ta algara.
Indarra egin, jarrai dezagun
gu euskaldunak baikara,
sasi artetik altxa dezagun
guk mendi gailurretara!

Azkenean, Ipar Uribek 388 pilatu zituan eta Bilboaldeak 343. Saioa akabauta, luncha be prest-prest euki genduan. Finalaren aurretik, lehenengoz prestau deuskue holango zeozer. Mila esker Aixerrotakoei.

Finala, datorren asteko barikuan, martiaren 22an, Bilboko Kafe Antzokian, arrastiko 19:00retan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu