Gabriel Arestiren lana ezagutarazoteko alkartea aurkeztu dabe

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-06-12 15:35   kulturbiz

Gabriel Arestiren ondare literarioa eta giza balioak ezagutarazo, batu eta eguneratuko ditu Bilbon aurkeztu daben Gabriel Aresti Kultura Alkarteak. Zenbat Gara alkarteak eta idazle bilbotarraren ondorengoek sortu dabe ekimena. Daborduko beharrean dabilz, eta urrian Gabrielen lekua ikuskizuna estreinauko dabe.

Gabriel Arestiren ondare literarioa eta giza balioak ezagutarazo, batu eta eguneratuko ditu Bilbon aurkeztu daben Gabriel Aresti Kultura Alkarteak. Zenbat Gara alkarteak eta idazle bilbotarraren ondorengoek sortu dabe ekimena. Daborduko beharrean dabilz, eta urrian Gabrielen lekua ikuskizuna estreinauko dabe.

Bilboko Kafe Antzokian egin dabe alkartearen aurkezpena, eta bertan izan dira Zenbat Garako Xabier Monasterio eta Gabrielen lekua lanaren egile Andoni Egaña bertsolaria, Oier Guillan antzerkigile eta idazlea eta Rafa Rueda musikaria.

Gabriel Arestiren lana ezagutarazoteko haren euskalduntasuna, unibersaltasuna eta justiziaganako maitasuna izango ditu ardatz kultura alkarteak, Xabier Monasteriok azaldu dauenez. Bost lan arlo atondu ditue: idazlearen ondare idatzia sailkatzeko eta antolatzeko lanak; idazlanen berrargitaratzea; euskera ikasleentzako lanen moldatzea; egilearen ekarpenak lehenalditik etorkizunerantz eroateko mueta guztietako beharrak egitea; eta, idatziak papeletik ikus-entzunezko euskarrietara pasetako lanak.

Ekimen honegaz, Arestigaz eukien zorra kendu dabela eresten deutso Monasteriok. Alkartea herritar eta erakunde guztiei zabaldu gura deutsie, horretarako Gabriel Arestiren Lagunak saila sortuko dabe, alkarlanerako proposamenak egiteko modua izan deien.

Gabriel Aresti personea bera eta haren lana eguneratzea dau Gabrielen lekua sentikariaren helburu nagusia, belaunaldi batzuentzat gogora ekartea izango da, eta beste batzuentzat deskubrimendua. Lauko lantaldeak sortu dau ikuskizuna, Oier Guillanek, Andoni Egañak, Rafa Ruedak eta Alain Urrutiak. Arestiren lekuak dira sentikariaren ardatza, Bilbo, Baiona, Arantzazu, Ea eta abar.

Proiektuan parte hartzeko deiak ezustean atrapau eban Egaña, tentagarria begitandu jakon eta segiduan emon eban baiezkoa. Urte hasieran ekin eutson taldeak beharrari. Lan prozesua bera izan da gauzarik bereziena, bertsolariaren berbetan. Prozesu zabala izan da, laurok batera berdeskubridu eta interpretau dogu Arestiren lana, azaldu dau.

Osogai nagusi bi izango ditu sentikariak, batetik Arestiren lanaren ezagupena -poemak, gutunak, bizipenak...-, eta bestetik, gure sormena, lau artistok erantsi geinken sormena, ganeratu dau Egañak.

Gabriel Arestik sekulako gaurkotasuna dauka Guillanen eretxiz, haren konpromiso literarioa eta soziala izan ditu gogoan. Idazle bilbotarra erreferente izan dau antzerkigile oreretarrak, markau egin gaitu, literaturea biziteko moduagaitik, bere jarrera bitalagaitik. Arestiren poesia, ilun, gris, bilbotarra-ri beste ikuspegi bat erantsiko deutso Rafa Ruedak, alde samurragoa azaleratuko dauela aurreratu dau. Musikea zuzenean izango da, eta akaso inprobisazinorako tartea egongo da.

Gabrielen lekua Bilboko Arriaga antzokian estreinauko dabe, urriaren 29an, eta aurrestreinaldia Donostian izango da, urriaren 12an, Intxaurrondoko kultur etxean.

Gabriel Aresti Segurola Bilbon jaio zan, 1933ko urriaren 14an. 80 urte beteko zituan aurten, biziko balitz. 1975an hil zan, 41 urtegaz. Poesia eta antzerkia landu zituen batez be. Haren lanen inguruan informazino gehiago, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu