Iñaki Gaminde: 'Ahozko Hiztegia beharrizan batek eragindako proposamena da'

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-06-17 11:33   Barriketan

Hizkuntzalari eta ikertzailea

Euskerazko lehenengo Ahozko Hiztegia aurkeztu dau oraintsu EUDIA euskerearen bariazinoa aztertzeko ikerketa taldeak. Bostak Bat alkarteak sareratu barri dauen 5000 Hiztegia hartu dabe oinarri euskerazko 62.303 sarrerak ahoz emoteko. EHUgaz egindako hitzarmenari esker, erabilgarri dago daborduko hiztegia www.bostakbat.org/azkue helbidean.

Iñaki Gaminde ikertzaile eta hizkuntzalaria proiektuaren bihotz eta zutoina da, Xabier Etxaniz EHUko Euskera Errektoreordeak aurkezpenean nabarmendu ebanez. Eta Bizkaie!-ri Gamindek berak azaldu deutsoz Ahozko Hiztegiaren zehaztasun guztiak.


1.- Ahozko Hiztegia lehenengo hiztegi entzungarria da, eta zer da ba hiztegi entzungarri bat?

Ba, berbeak berak dinoan lez, ahozko berbak dituan hiztegia da. Hiztegi bat hartu eta ahotsa sartu deutsagu, ahots sintetikoa. Sarrerak entzun ahal izango dira, holan. Adorez taldeagaz hitzarmena egin dogu, eta aurkeztu barri daben 5000 Hiztegia erabili dogu Ahozko Hiztegia osotzeko.


2.- Zerk bultzatuta hasi zinien proiektu honegaz?

Urte askoan gabilz euskal prosodia lantzen ikerketa proiektu baten, eta orain beren beregi intonazinoa jorratzen gagoz. Badaukagu prosodia erakusteko alde praktiko bat. Beti egiten dozu topo erabagi ezagaz, eta zer da erabagi behar dana? Zati hau errazena da, azentuaren atala, hain zuzen be.

Ahozko Hiztegia estandarrari begira egitea erabagi dogu. Baina hau proiektu oso bat da, gure idea da euskerarako ToBI antzeko sistema bat sortzea da. ToBI nazinoartean erabilten dan sistema bat da, testuak transkribiduteko. Gu euskerearena egiten gabilz, hortik sortu zan idea.


3.- Nortzuk izango dira Ahozko Hiztegiaren erabiltzaileak?

Hizkuntza guztietan dagoz holango hiztegiak. Edozein hiztegitara sartu, ingelesezko batera, esaterako, eta han, berbearen ondoan, sakatu eta entzun egin daiteke. Ingelesez, akaso, euskeraz baino justifikatuago egon daiteke, baina gure hizkuntzan be badira arazo franko irakaskuntzan eta ikaskuntzan. Orduan, erabiltzaile potentziala edozein izan daiteke, baina gehienbat euskerara hurreratu diranak, hazten dabilzanak, ikasten dabilzanak dira. Hitz bat topetan dabe hiztegian, begiratzen dabe esanahia, berbeak zelan funzionetan dauen aztertu, baina ahoskerea zelan dan falta jake. Horretarako da Ahozko Hiztegia. Ohitura ona izan daiteke apurka-apurka ahoskerea lantzeko.


4.- Eta ikertzaile eta filologoentzat?

Horreentzat bere bai, baina bersino honetan ahotsa ez da naturala, makina batek egiten dau. Injineruekaz behar egin dogu ahots sintetikoa garatzeko, Aholab laborategiagaz. Ahots sintetikoa aukeratu dogu, alde batetik, gehiketak egiten doguzanean errazagoa izango dalako, bestela berbak sartu zituan personea barriro topau beharko geunke. Eta bestetik, jenteak ia zer dinoen ikusteko, zer eretxi daukien.

Ikertzaileek nahiago izaten dabe ahots naturala sintetikoa baino, esatarako, r bat esateko modu desbardinak aztertzeko. Ahots sintetikoak arazoak daukaz ikertzaileentzat.


5.- Euskera estandarraren alde egin dozue, euskalkietako azentuak ez dozuez kontuan hartu orduan?

Euskalkietan sartu ezkero, euskereak arazo konplikauak daukaz prosodian. Azentu aldetik oso konplikaua da, ia edozer topau daiteke. Bizkaierearen barruan, esaterako, azentu molde oso desbardinak dagoz. Hiztegia egiteko molde bat behar da, erabagi bat hartu behar dozu. Azentua izan da gure erronkea lan honetan. Hurrengo pausua intonazinoa izango da, behin ebatzita azentua non dagoan, horren ganean eregiten da eta. Adibideak be sartu ahal izango dira orduan, baina hori beste prozesu bat da.


6.- Zeuok erakutsi behar izan deutsazue makineari euskeraz berbetan?

Guk arauak proposatu doguz, azentu arau horreekaz arau molde koherente bat egin dogu. Baina, zelan erakusten jakon ordenagailuari, ba idearik be ez. Hori injineruen kontua da, eurek aplikau ditue euren tresnetan behar ziran formulak. Euren lana izan da hori.


7.- Denpora asko emon dozue Ahozko Hiztegia garatzen?

Lehenengo proposamena aspaldikoa da. Euskal Herrian, neurri baten, gauzak astiro joan baino esan geinke gauzak joan ez doazela. Azentuaren inguruko lehenengo proposamena estandarrari begira 1984an egin eban Txillardegik, datorren urtean 30 urte. Bigarren proposamena orain ia 20 urtekoa da, Jose Ignacio Hualdek egin eban, 1994an.

Gurea hirugarrena da, eta orain artekoetan oinarritzen da. Guk beste ikerketa batzuk egin doguz gauzak zehazteko. Beharrizan batek eragindako proposamena da hau; erabagi batzuk hartu behar dira, nik hau bihar behar dot eskolan, ez zortzi urte barru.


8.- Prosodiaren arloa, beraz, ez da asko jorratu, ezta?

Prosodia arloan gauzak baztertuta dagoz. Zorionez, euskaldunak oraindino bizi dira, eta berba be egiten dabe, eurek garatzen dabe hizkuntzea. Hori aztertu dogu guk, horren arabera ikusi dogu zein dan eredurik estandarrena, edo euskaldunek maila horretan ondoen onartzen dabena, eta hori aplikau da.

Badakigu kritikak etorriko dirana, ba betoz kritikak. Egingo doguz moldaketak, ezin doguna egin da beste 30 urte itxaroten egon ia zer pasetan dan begira. Urte askoan gabilz honetan lanean, talde moduan ez hainbeste, baina bakarka edo bakotxa bere kontura aspalditik. Orain ikerketa taldea eratu dogu, eta talde lez osotu dogu Ahozko Hiztegia.


9.- Hiztegia ugaltzeko asmorik daukazue, sarrerak gehitzen joango zarie?

Osasuna lagun, segiduko dogu, ze edade txarra be badaukagu eta zer egin be ez dakigu bestela. Ikertzen segiduko dogu, arlo oso garrantzitsua da. Prosodiaren arloak aplikazino asko daukaz. Zelan irakurri behar dira testuak euskeraz? Hori ez dakigu, kazetariok, adibidez, ez dakizue zelan irakurri behar diran albisteak irratian edo telebistan.

Badagoz ideak, baina bakotxak gura dauena egiten dau, batek gauza bat dino, besteak beste bat... Baina benetako eredurik ez dago. Akaso, berez sortu da esatarien artean zeozelango eredua. Beharbada orain erabilten diran ereduen artean egokiena aukeratu, eta horren ganean teoria egin beharko geunke.

Nik ez dakit kazetariek beharrizan hori sentiduten daben, baina nik neuk entzule moduan, sarritan dinot, zer esan dau? Nork egin dauela zer, eta non? Prosodia horretarako be bada, gauzak nabarmentzeko berba egiten dogunean. Kazetariez gan, irakasleek, ikasleek, gurasoek, umeek eurek... danek daukie beharrizana. Gurasoek umeari ipuin bat irakurten deutsienean, zelan irakurten dabe? Ba, ez dakie, pentsetan dot bakotxak egingo dauela ahal dauena, ahal dauen ondoen.


10.- Beste hizkuntza batzuetan eredua landu dabe?

Bai, beste hizkuntzetan eredua dago. Gure ikerketak oso lehorrak dira, ez dakit ailegetan diran ailegau behar diran lekuetara. Ez dakit aplikazinora heltzen diran, Kazetaritza fakultadera, berbarako. Beharbada ez da beharrizanik ikusten; euskeraz berbetan badaki, moldatuko da halan edo holan.

Eskolan be erabili daiteke. Irakasle Eskolatik gatoz gu, niretzat Ahozko Hiztegia pautsutxu bat da, beharrezkoa zan pausutxua. Prosodiaren ikuspuntua ezinbestekoa da eskolan. Prosodiaren bidez, gauza asko adierazoten dira, afektibidadea, emozinoak, jarrerak eta abar. Hizkuntza bakotxak bere baliabideak daukaz, maisu-maistreak zelan konsolau edo trankilduko dau haserratuta dagoan ume txikia, ez badaki zelan egin? Zer esango deutso? Ta zuri zer pasetan jatzu? Hori da erakutsi deutsiena, baina badagoz tonu eta molde batzuk. Ikerketea ezinbestekoa da. Maisu-maistrek eredu izan behar dira, baina dudak eukiten ditue, ez dakie zelan esan, ez daukie segurtasunik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu