Natur Zientzien I. Topaketea aurkeztu dau UEUk

Bizkaie! 2013-10-10 15:03

UEUren Natur Zientziak Sailak eta EuskalNatura taldeak antolatuta, datorren zemendiaren 9an eta 10ean Natur Zientzien I. Topaketea egingo da Donostiako Eureka! Zientzia museoan. Bilkura honen helburua naturearen inguruan lanean dabilzan aditu eta naturazaleen alkargune bat sortzea da.

UEUren Natur Zientziak Sailak eta EuskalNatura taldeak antolatuta, datorren zemendiaren 9an eta 10ean Natur Zientzien I. Topaketea egingo da Donostiako Eureka! Zientzia museoan. Bilkura honen helburua naturearen inguruan lanean dabilzan aditu eta naturazaleen alkargune bat sortzea da. Gai eta partaideen artean diziplinartekotasuna eta dibersidadea bilatu dabe. Euskal Herri mailako alorreko aditu esanguratsuak batuko ditu topaketa honek.

Prentsaurrekoan Karmele Artetxek, UEUko Zuzendariak; Antton Alberdik, Topaketearen koordinatzaileak eta Jose Ramon Etxebarriak, injinerua eta zientzia dibulgatzaileak parte hartu dabe.

Karmele Artetxek UEUren izenean berba egin dau: Hiru helburu nagusik bultzatzen dabe UEU bere jarduna egitera egunero-egunero. Lehena, goi-mailako kalidadezko euskerazko formazinoa eskaintzea da; bigarrena, eskaintza hori gure tokian tokiko gizarteak dituan beharrei buztartzea; eta hirugarrena, ezagutza hori konpartiduteko foroak eskaintzea da. Gaur aurkezten dan topaketa hau helburu horreen adibide ezin hobea dala nabarmendu dau Artetxek: Nahiz eta gero eta gehiago izan, oraindino ez dagoz gune asko arlo akademiko konkretu batean alkarlana garatzeko, are gitxiago esparru horretan euskeraz dabilzanentzako.

Ondoren, Jose Ramon Etxebarriak hartu dau berbea. Bere esanetan, Hizkuntza biziek hiztun-talde bizi eta dinamikoak behar ditue arloan arloko gaiak hizkuntza horretan landu eta garatzeko. Horregaitik, funtsezkoa da hiztun-komunidadeak antolatzea hizkuntzea bizirik egon daiten. UEUK antolatutako Natur Zientzien I. Topaketa honek erakusten dau hiztun-komunidade zientifiko euskalduna existiduten dala, txikia, baina duina. Ene ustez, funtsezkoa da holako komunidadeak sortzea eta trinkotzea, gerora be euskerea bizi daiten. Euskerea ezagutzea ez da nahikoa bizirik iraun daian. Erabiltean dago gakoa. Bizitzako arlo arruntetan eta egunerokoetan, baita zientzian be. Hiztun-komunidadeetan biziko da; edo fosil bihurtuko da. Horrexegaitik da garrantzitsua topaketok euskeraz egin ahal izatea.

Azkenik, Antton Alberdik, topaketearen arduradunak zehetasunak emon ditu: Euskal Herrian natureari buruzko gaietan jente ugari gabilz lanean baina gure arteko hartu-emonak oso txikiak dira, batipat estamentu desbardinetako jentearen artean (unibersidadeko ikerlariak, natur taldeak, erakundeak, ikasleak, norbanakoak...). Hori dala eta, topaketearen helburu nagusia horreen arteko zubi-lana egitea da: jenteak egiten dauena ganerakoei erakutsi eta etorkizunean alkarlanak sustatzeko foro bat eregitea. Jendearen parte-hartzea sustatu nahi dogu. Erakunde zein alkarte desbardinetako jentea ekarten saiatu gara (UPV/EHU, AZTI-Tecnalia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia, Nafarroako Foru Gobernua, Arkamurka Natur Elkartea, URA agentzia, Gipuzkoako Entomologia Elkartea, IHOBE-EJ, CIC-nanoGUNE...), bai eta arlo desbardinetako jentea be: biologoak (gehiengoa), geologoak, kimikariak eta fisikariak.

Kontuak kontu, matrikula-epea zemendiaren 1era arte egongo da zabalik.


Informazino gehiago hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu