Bilboko Euskalduna Jauregiak ate edegien eguna egingo dau domekan

Bizkaie! 2014-02-19 17:18

Bilboko Euskalduna Jauregiaren 15. urteurrenaren harian, Bizkaiko Foru Aldundiak ate edegien eguna antolatu dau datorren domekarako, zezeilaren 23rako, jenteak jauregia barrutik ezagutzeko aukerea izan daian. Gidatutako bisitak antolatu ditue, 10:00etatik 19:30era, 40 minutuko iraupenagaz. Bisitak hamar minuturo hasiko dira.

Bilboko Euskalduna Jauregiaren 15. urteurrena da gaur, zezeilak 19, eta Bizkaiko Foru Aldundiak ate edegien eguna antolatu dau datorren domekarako, zezeilaren 23rako, jenteak jauregia barrutik ezagutzeko aukerea izan daian. Gidatutako bisitak antolatu ditue, 10:00etatik 19:30era, 40 minutuko iraupenagaz. Bisitak hamar minuturo hasiko dira, foru erakundeak jakinarazo dauenez.

Bisitaldietan jauregiko espazio guztiak ezagutuko ditue bisitariek, txoko guztiak miatu, zabalkuntzea ikusi eta jentearentzat zarratuta egoten diran eremuak topau. Gainera, ibilbidean zehar, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren (BOS) entsegu aretoa eta kamerinoak, eta Carmen operearen eszenografia erakutsiko dira.

Era berean, egun osoan zehar jauregiko auditoriumean be sartu ahalko dira, eta organoaren soinuaz gozau. Bisitaldietan parte hartu ahal izateko, txartela hartu behar da bigarren solairuko txarteldegian.

Beste alde batetik, jauregiaren zabalkuntzearen eremuan zenbait jarduera antolatu ditue familia osoarentzat, eta ipuin kontalariak, malabaristak, eskulanen tailerra, musika tailerra, magia ikuskizunak eta abar izango dira.


Bilboko Euskalduna Jauregiak 15 urte

Euskalduna Kongresu Jauregiak ibilbide arrakastatsua izan dau inaugurau zanetik, 1999ko zezeilaren 19an. Euskalduna Jauregia eredu da gaur egun batzar eta kongresu askotarako, eta kultur, gizarte eta aisialdi adierazpenetarako be bai.

Jauregian izandako jarduera eta okupazino indize handiak sano adierazgarriak dira, baita zentroaren kudeaketarako eta Euskadiren BPGrako oso emoitza ekonomiko positibo eta esanguratsuak bek. Hamabost urteko ibilbidean hainbat sari jaso ditu, garrantzitsuena 2003ko Munduko Kongresu Zentrorik Onenaren Saria izan zan, Kongresu Jauregien Nazinoarteko Alkarteak emoten dauena.

Euskaldunaren historiaren azken bost urteetan, mugarri garrantzitsu bat jauregia handitzea izan da. Danetara, 5.200 metro koadroko azaleran egin da lan, horreetako 2.200 m2 erakusketa aldean, 600 m2 harrera aldean eta 2.400 m2 sotoen aldean.


10.593 ekitaldi eta emonaldi

1999tik 2013ra arteko ekitaldietan, Euskaldunaren instalazinoetan danetara 10.593 ekitaldi eta emonaldi egin ziran. Horreetatik 6.193 kongresuak izan ziran eta 4.400 emonaldiak.


Okupazino handia eta 6.600.000 lagun baino gehiago

Euskalduna Jauregiaren okupazinoa, batez beste, % 90ekoa izan da bere 15 urteetan, Euskaldunaren lehen 10 urteetako batez bestekoa baino bi puntu gehiago. Oso portzentaje handia da, Espainiar estaduko kongresu jauregien datuei erreparauta.

Kontuak kontu, lehen hamar urteetan 6.619.219 lagun etorri dira. Oso kopuru ikusgarria da hori, eta Euskalduna Jauregiak lortu dauen dimensino sozialaren erakusgarri.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu