Bertsolariak Libre aldarrikapena gasteizen

Bizkaie! 2014-02-24 11:54   Bertsolaritzea

Salatu nahi dogu Jagoba Apaolaza (Gasteiz) eta Iker Pastor (Zalduondo) bertsolariak astelehen honetan, zezeilaren 24an epaituko dituela presoen senideen omenezko kalejiran bertsoak kanteteagaitik. Ekitaldian kantautako bertso-sorta idatziagaz bat egin dogu bi inputatuakaz adieraztean 'nik ere kantau dot eta kantauko'.

Gasteizko Aihotz plazan, Euskal Herriko bertso munduko 120 lagunek garbi adierazo dabe pentsamenduek, plazek, kaleek, bertsolariek, sortzaileek adierazpen askatasuna behar dabela.

Salatu nahi dogu Jagoba Apaolaza (Gasteiz) eta Iker Pastor (Zalduondo) bertsolariak astelehen honetan, zezeilaren 24an epaituko dituela presoen senideen omenezko kalejiran bertsoak kanteteagaitik. Ekitaldian kantautako bertso-sorta idatziagaz bat egin dogu bi inputatuakaz adieraztean 'nik be kantau dot eta kantauko'.

Jon Maiak eta Beñat Gaztelumendik egindako adierazpena Iratxe Ibarrak eta Beñat Gaztelumendik irakurri dabe han batutakoen izenean:

Kantetea delitu bada, epaitu gaiezala bertsolariak, munduko txori guztiakaz batera.

Alkartasuna delitu bada, lotu deiezala gure mingainak, alkartzen diran esku eta beso guztiakaz batera.

Bertsoa delitu bada, sartu deiezala errimak zurezko kutxa mutu eta huts batean, hildako eta zigortutako kantari eta poeta guztiakaz batera.

Kalejira bat delitu bada, itxi deiezala munduko kale guztiak, inor alai eta pozik ibili ez daiten jira biran.

Hemen eta orain, kopla batek estadu baten epaile gorenen eta legediaren zigorra merezidu badau, erre daiguzan mendez mendeko baladak, erromantzeak eta kontakizunak.

Gure berbea delitu bada, moztu deiezala milaka euskaldunen belarriak.

Plazara ateratzea ez bada legezko, itxi deiezala plaza guztiak lau hormez eta burdin txarrantxaz.

Jardun bategazko maitasunak alkartu gaitu hemen, Iker eta Jagobagazko alkartasunak. Bertso-eskolan berbeagaz batera erakutsi euskuen askatasuna; batak ez dauela balio bestea barik. Askatasunetik jarraituko dogu plazan eta askatasunetik jarraituko dogu bertsolaritzea aberasten, ikertzen eta transmitiduten. Bertsolariok ez baitakigu beste era batera bertsoa egiten, pentsamendu libretik ez bada, hasieratik azken punturaino.

Bertsolariak libre, pentsamendua aske, epaiketarik ez.

Amaitzeko Igor Elortzak prestautako sorta hau kantau eben bertaratutako guztiek:

1.
Ezin baitiot egin kantuari uko
Berak ere ez bainau abandonatuko
Ez baititut Jagoba ta Iker salduko
Nik ere kantatu dut eta kantatuko

2.
Ezin baitut pentsatu “Hala da ta punto”
Kantuak berorrek nau autoinkulpatuko
Euskal presoen eta senideen lekuko
Nik ere kantatu dut eta kantatuko

3.
Preso izan baititut lagun ta gertuko
Beraien guraso, haur edo lagun urko
Bihotzak maitasunik ez baitu ahaztuko
Nik ere kantatu dut eta kantatuko

4.
Ez baititut ulertzen hamaika asunto
Ehunka kartzelaratze ta zenbait indulto
Txantaiaren aurrean kikildu orduko
Nik ere kantatu dut eta kantatuko

5.
Hainbeste debeku ta lege injustuko
Justizian ez baitut inoiz sinistuko
Berritu nahi baititut mila gai kaduko
Nik ere kantatu dut eta kantatuko

6.
Kantari naizelako, kantutar, kantuko
Kateak ez baitigu kanturik lotuko
Ez baitute kantua kartzelan sartuko
Nik ere kantatu dut eta kantatuko

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu