Euskerazko ikus-entzunezkoen produkzinoa zabalduko dau XI. Laburbirak

Bizkaie! 2014-03-13 17:15   Barriak

Zazpi film labur eskainiko ditue aurten hamaikagarren urtez martxan jarriko dan Laburbira film laburren zirkuituan. 2013. urtean euskeraz sortutako film labur azpimarragarri zenbait ezagutzeko aukerea emongo dau. Martiaren 14an, barikuan, abiatuko da zirkuitua Sondikan eta Atarrabian eskainiko dan emonaldi banagaz.

Zazpi film labur eskainiko ditue aurten hamaikagarren urtez martxan jarriko dan Laburbira film laburren zirkuituan. Urtero legez, Euskaltzaleen Topaguneak herriz herriko euskaltzaleen alkarteakaz alkarlanean antolatzen dauen zirkuitua da, eta 2013. urtean euskeraz sortutako film labur azpimarragarri zenbait ezagutzeko aukerea emongo dau.

Martiaren 14an, barikuan, abiatuko da zirkuitua Sondikan eta Atarrabian eskainiko dan emonaldi banagaz, eta apirilaren 12an amaituko da Parisko Euskal Etxean eta Berriozarren eskainiko diran azken bi emonaldiakaz. Ondoren, maiatzean Tolosan emonaldi berezi batean be egongo da film laburrak ikusteko aukerea.

Danetara, 30 emonaldi eskainiko dira, gehienak Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako herrietan. Laburbiraren bidez Euskaltzaleen Topaguneak euskal sortzaileek egiten daben ikus-entzunezkoen produkzinoa Euskal Herrian bertan ezagutarazo nahi dau eta horretarako herrietako aretoetara hurreratzen ditu. Izan be, aurtengo zirkuituan eskainitako lanetako batzuk nazinoarteko jaialdietan sarituak izan badira be, gitxi ezagutzen dira Euskal Herrian bertan.


Zazpi film labur

Emonaldi bakotxak ordu eta laureneko iraupena izango dau eta zazpi film labur eskainiko dira, danak 2013 urtean produzidutakoak. Filmen aukeraketea egiterakoan, aintzat hartu dira lanen kalidadea eta gai zein generoen aniztasuna.

Holan, sarituak izan diran lanak, euskaltzaleen alkarte baten babesean sortutako film bat, jaialdi eta zinemaldi desbardinetan estreinautako lanak edo ikus-entzunezkoen Kameratoia rallyan irabazle izandako lana ikusi ahal izango dira emonaldiotan.


Ondorengoak dira proiektauko diran film laburrak:

- Abuztua (Pello Gutierrez).
- Aio (Asier Sustaeta).
- Euskaldun berriaren esketxa (Kepa Errasti).
- Irudi Mintzatuen Hiztegi Poetikoa (Aitor Gametxo, Maider Fernandez, Maria Elorza).
- Marylin (Iñaki Beraetxe).
- Plaza bakarra (Mediaworks 3.0).
- Sormenaren bide ezkutuak (Lara Izagirre).

Urtero modura, sortzaile eta ikusleen arteko hartu-emonak lantzeko, filmen zuzendariakaz barriketalditxuak egiteko aukerea egongo da hainbat emonalditan.


Hamaika edizino, hamargarren urteurrena

2004ko martiaren 3an egin zan film laburren zirkuituaren lehen emonaldia, hamar urte bete barri dira beraz data haretatik. Ikus-entzunezkoen arloan guztiz finkatu dan zirkuitua da Laburbira eta bere inguruan beste hainbat ekimen be sortu ditu Topaguneak urteotan guztiotan: Kameratoia rallya, Irudienea Durangoko Azokako ikus-entzunezkoen gunea eta Benito Ansola sariak.

Aurten be, Laburbira egin ahal izan da tokian tokiko euskaltzaleen alkarte eta udalei eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko zein Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesari esker.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu