Herrien arteko IX. Berba Probak Mungian

Bizkaie! 2014-03-17 17:38   Euskerea berbagai

Lagune, igerri esakune! lelopean, herritarren ekimenari esker eta Txokolo euskera eta kultura-alkarteak bultzatuta, apirilaren 5ean, Herrien arteko IX. Berba Probak egingo dira Mungiako eta inguruetako esakuneak eta bertsoak batzeko eta sustatzeko asmoz.

Lagune, igerri esakune! lelopean, herritarren ekimenari esker eta Txokolo euskera eta kultura-alkarteak bultzatuta, apirilaren 5ean, Herrien arteko IX. Berba Probak egingo dira aurten. Goizeko hamaiketan hasiko da Mungiako eta inguruetako esakuneak eta bertsoak batzen eta sustatzen dituan txapelketearen bederatzigarren edizinoa.

Ekimenaren helburuak honako honeek dira, besteak beste: bertoko euskerea lantzea eta bultzatzea; esakuneak erabilteko eta bertsoetarako zaletasuna biztutea, herrien arteko lehia ona eta jatorra sortzea jai giroan jente euskaltzalearen artean; eta, euskal kulturearen aldeko herritar, erakunde eta alkarteak batzea alkarlanean.


Prozedurea

Mungialdeko herriei zuzenduta egon arren, beste edonongo jentea animau ezkero, pozik hartuko dabe eta giro ederrik ez da faltako.

Herri bakotxetik gura dan beste taldek emon leikie izena. Taldeak hiru lagunekoak dira. Lagun horreek ibilbide bat egiten dabe bertsolariakaz batera herrian zehar tabernarik taberna (orain arte hainbat lekutako taldeak batu diranez (Jatabe, Mungia, Laukiz, Arrieta, Urduliz, Leioa, Fruiz, Basauri, Nafarroa, Arrasate, euskaltegi batzuetako taldeak...), 14 inguru beti, ibilbide bi antolatu dira herrian; batean 7 talde eta bestean beste 7.

Goizeko 10:30ean batuko dira danak Mungiako Foruen plazan eta bertan egingo dabe taldeen zozketea ibilbide desbardinetarako. Talde bakotxak bere ibilbideari ekingo deutso, parte-hartzaileak, lagunak, epaileak eta trikitilari eta pandero-joleak bidea alaitzeko.

Taberna bakotxean bertsolariek bertso bana botako deutse talde guztiei eta taldeetako lagunek igarri egin beharko dabe bertso horri ondo joakon esaera zaharra, aldez aurretik emondako esakuneen zerrendea gogoratuz (zerrenda hori ezin da aldean eroan txapelketa dan artean).

Taldeko bozeroaileak esakunea papelean agertzen dan modu-moduan esan behar dau; bestela, ez dau punturik lortuko. Asmau ezean edota aldatuta esan ezkero, errebotea eukiko dau beste talde batek. Horren arabera emongo ditue puntuak zeregin horretarako beren beregi aukeratutako epaileek.

Bazkalaurrean puntuen batuketea egingo da eta ibilbideetako talde irabazleak zeintzuk diran esango da.

Sariei jagokenez, lehenengo saria 240€ izango da eta bigarrena, barriz, 180€.


Bazkaria eta bazkalostea

Lehenengo urtean Mungiako Matxin alkarteak eskaini eban euren txokoa bazkaria egiteko. Eta handik gora udaleko leku desbardinetan antolatu da. Aurten, barriz, Mariñerune garagardotegian egingo da.

Izena emoteko akabuko eguna martiaren 31 izango da (bazkarirako izena emoteko bere bai). Taldearen izena, eta telefonoa edo e-posta bialdu beharko dira berbaprobak@gmail.com helbidera.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu