Xabi Arakamak eta Aguayikok Xaiko egitasmo barria abiatu dabe

Nagore Ferreira Zamalloa 2014-03-18 14:39   Musikea

Xaiko Xabi Arakama eta Aguayikoren arteko batuketea da, baten izenaren lehenengo zatia, eta bigarrenaren azkenengoa, hain zuzen be. Musikari biek triki-punk-jaia ardatz dauen proiektu barria ipini dabe martxan, eta Therapy (Baga-biga) diskoa da lehenengo emoitzea. Eguenean aurkeztuko dabe zuzenean, Bilboko Kafe Antzokian, 21:30ean

Xaiko Xabi Arakama eta Aguayikoren arteko batuketea da, baten izenaren lehenengo zatia, eta bigarrenaren azkenengoa, hain zuzen be. Musikari biek triki-punk-jaia ardatz dauen proiektu barria ipini dabe martxan, eta Therapy (Baga-biga) diskoa da lehenengo emoitzea. Lagunarteko egitasmoa dala dinoe, eta kontzertuak emoteko gogoz dagoz. Lehenegoa, eguenean, Bilboko Kafe Antzokian, 21:30ean.

Igaz emon zituan lehenengo pausuak Xaiko taldeak. Aspalditik ezagutzen dabe alkar Aguayikok eta Xabik, eszenatokietan-eta askotan egon gara alkarregaz, eta beti zeozer egin behar genduala pentsetan, gogoratu dau Xabik. Eta, halako baten, lokalean batu eta Xaiko sortzen hasi zan. Diskoko lehenengo kantea, Rekórtate tu, izan zan jo eben lehenengoa.

Aguayikok gitarrea joten dau Kaotikon, baina oraingoan kantau besterik ez dau egiten. Ez dot sekula hainbeste kantau euskeraz, hasieran kostau jatan, esan dau. Behar handia egin dauela onartu dau Xabik, meritua dauka, esfortzu handia egin dau. Emoitzeagaz gustura dagoz danak. Xabik trikia eta koruen ardurea dauka Xaikon. Hau ez da bere lehenengo egitasmoa, izan be Trikizio, Ze esatek! eta Obrint Pas taldeetako kidea da.

Zortzikotea da Xaiko, Aguayiko eta Xabiz aparte, Joel Marquezek (gitarrea eta koroak), Aguayok (gitarrea), Xabier Zelayak (bajua), Haitz Bujandak (bateria), Asier Sanchezek (tronpetea) eta Mikel Sanzek (tronboia) osotzen dabe bandea. Urtarrilean grabau zituen diskoko hamalau kantak, Higain estudioan, Haritz Harreguyren gidaritzapean.

Ez da erraza gauza barriak egitea, baina bere ekarpena egiten ahalegindu da Xaiko. Punka eta trikiagaz ez dira gauza asko egin, eta guk bide hori hartzea erabagi dogu, dino Xabik. Hiru osogai nagusi ditue: punka, trikia eta jaia. Eta badagoz ska eta hardcorea bere bai. Dana dala, punka da nagusi, euren esanetan.

Taldearen izenak eta diskoaren izenburuak Ramones taldearen Psycho Therapy kantea omentzen dabe. Keinu txiki bat da, Xaiko 'Therapy', antzera ahoskatzen da. Eta bada gure terapia bere. Bilboko Kafe Antzokian emongo dabe diskoa aurkezteko lehenengo kontzertua, martiaren 20an, Txapelpunkegaz batera; eta apirilean, 4an Donostiako Dokan joko dabe, eta 10ean, Gasteizko Jimmy Jazzen. Eszenatokian egurra emoteko gogotsu gagoz, dinoe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu