Bilboren historia modu atseginean kontau dau Pedro Ugartek liburu baten

Dabi Piedra Robledo 2014-03-19 14:17   Kulturea

Historia de Bilbao liburuan (Txertoa argitaletxea), uriaren 714 urteko garapena modu panoramikoan azaltzen da. Izan be, Pedro Ugarte, historialaria baino, idazlea da eta ikutu literarioa emon deutso lanari. Ez da liburu lehorra, irakurteko erraza da, nabarmendu dau autorearen lagun Gonzalo Garridok, Bilbon bertan egindako aurkezpenean.

Historia de Bilbao liburuan (Txertoa argitaletxea), uriaren 714 urteko garapena modu panoramikoan azaltzen da. Izan be, Pedro Ugarte, historialaria baino, idazlea da eta ikutu literarioa emon deutso lanari. Ez da liburu lehorra, irakurteko erraza da, nabarmendu dau autorearen lagun Gonzalo Garridok, Bilbon bertan egindako aurkezpenean. Halandabe, Bilboren nortasuna baldintzatu daben jazoerak modu zorrotz eta zehatzean batu ditu Ugartek, bere arretea erakarri daben pasadizo batzuekaz batera.

Pedro Ugartek nabarmendu dauenez, Bilboren historia azaltzeko orduan, ezaugarri nagusi bi kontuan hartu behar dira: Batetik, Bilbo uria dala eta betidanik izan dala; bestetik, ekimen politikoagaitik baino, uritarren ekimenez hazitako uria dala. Bilbo uri bat dala esaten badot, Pernandoren egia dirudi, baina kontuan hartu behar da, uri batzuk, ez dirala beti uri izan, batzuk herrixka izan ziran hasieran, azaldu dau Ugartek. Hasiera-hasieratik, 1300.ean sortu zanetik, uri izakera hori eukiteak asko baldintzatu dau Bilboren nortasuna eta geroa. Dana dala, Bilbo mende askoan uri txikia izan zala zehaztu dau Ugartek, XVIII. mendearen amaierara arte ez eban 10.000 biztanleko mugea gainditu.

Historia de Bilbao liburuan jasoten danez, uriaren historian giltzarria dan beste ezaugarria, Ugarteren ustez, gune politiko ez izatea da. Konturatzen bagara, Erdi Aroan, Bermeo eta Gernika izan ziran Bizkaiko uriburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko uriburua Gasteizen ipini eben eta, proiektu abertzale guztietan, Euskal Herriko uriburua Iruñea da. Aginteak eta podere politikoak ez dabe inoz be Bilbo erdigunetzat jo eta, beraz, Pedro Ugartek dinoanez, Bilboko jentearen ekimenez, ahaleginaz, menderik mende garatzen joan dan uria da. Uriburu politikoa ez, baina erreferente kultural, sozial eta ekonomikoa izan da, Espainiako gobernuek be ez dabe sekula Bilbo euren egitasmo inportanteetan sartu eta, horregaitik, gure trenbide eta azpiegitura gehienak bertoko kapitalagaz, bertokoen ekimenez eregitakoak dira.

Bilbo, txikia izan arren, ekintzailetza handiko uria izan da betidanik, Pedro Ugartek azpimarratu dauenez, esate baterako, XVIII. mendean, sasoi haretako politikari entzutetsu asko bilbotarrak izan ziran, horrenbeste jente inportante 10.000 biztanleko uri batetik urten ziran!. Dana dala, liburuan izen propio gitxi aitatu ditu, nahiago izan dau jazoerak azaldu. Ez dot astuna izan nahi izan, modu atseginean kontau nahi izan dot historia, erreferentzia literario batzuk sartuta, adierazo dau Ugartek, Bilboko historiaren ikuspegi panoramikoa emon nahi izan dot, zehaztasun gehiegitan sartu barik.

Bilboren historia kontetan da liburuan, sorreratik gaur egun arte. Bilbo dan modukoa izatera zelan heldu dan ulertzeko gakoak emoten dira. Pedro Ugarteren testua ez eze, argazkiak, grabaduak, mapak eta abar sartu ditue. Ganera, Euskal Herriko Unibersidadeko katedradun Manu Monterok hitzaurrea egin deutso.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu