Peio Alberdi: 'Hemengo produktuei bultzadea emon ezkero, baserria aurrera aterako geunke'

Nagore Ferreira Zamalloa 2014-03-24 10:06   Barriketan
Artzaina

Arantzazuko Gomiztegi baserrian dagoan Artzain Eskoleak aurtengo uztea aurkeztu dau, hamahiru artzain barri, bederatzi gizonezko eta lau emakumezko. Bizkaitar bik jaso dabe artzain makilea, Etxebarriko Peio Alberdik eta Gaizka Etxegarai Sopelakoak. Bost hilebetean artzaintzearen ganeko makinatxu bat gauza ikasi ditue, gaztai muetak, artaldea zelan jagon, ardien gaixotasunak, zelaien produktibidadea, esplotazinoen kudeaketa ekonomikoa eta abar. Peio Alberdik bere esperientzia eta amesak kontau deuskuz.


1.- Zelan otu jatzun Artzain Eskolan izena emotea?

Nik animalien gustua lehendik neukan, eta zeozer egin nahi neban. Gaztenek-eko planetan sartzeko asmoa neukan, eta horretarako derrigor euki behar dozu gitxienez 150 orduko ikastaro bat edo. Artzain Eskolea 900 ordukoa izan arren, gauza barriak ikasteko gogoz nengoanez, hara joateko bultzadea hartu neban. Lehenagotik neukan baserriagaz lotutako zeozer egiteko asmoa.


2.- Zu zeu baserrikoa zara, ala?

Baserrikoa edo. Gurea baserri izandakoa da, orain konponduta dago, baina animaliarik ez geunkan. Neuk ipini nituan animaliak, eta hemen nabil denpora-pasa.


3.- Zelangoa izan da Artzain Eskolako esperientzia?

Esperientzia polita izan da, jente asko ezagutu dot. Eta batez be gauza barri asko ikasi dodaz, esneagaz zenbat gauza desbardin egin leikezan, berbarako. Danetarik pixka bat ikasi dogu. Igazko urriaren 21ean hasi ginan, eta orain amaitu dogu, martiaren 13an. Teoria eta praktikea, biak, landu doguz.


4.- Ikastaroa gatxa izan da, ala erraz egiteko modukoa?

Ez jat gatxa egin. Kudeaketa ekonomikoaren ganeko proiektua asko kostau jat lantzea. Eskolea bera ez da gogorra izan. Ordutegi ona euki dogu. Gauza asko lehendik banekizan, igual horregaitik be. Eskolako ikasle batzuk uri-urikoak izan dira, bat Madrilekoa, horri gehiago kostau jako.


5.- Marketina, komerzializazinoa, kudeaketa ekonomikoa... kontu desbardin asko euki dozuez ikasgai.

Bai, danetarik emongo dogu, azken batean esneagaz lotutako gauza guztiak; animalientzako botikak, zelaiei produktibidade handiena zelan atera... Baserrien zer jakin behar dan, haretxen gorabeherako gauzak emon doguz.

Kudeaketa ekonomikoa egiteko, egia esan, badagoz alkarteak, baina norberak gitxiengo ezagutzea eukitea garrantzitsua da. Azkenean, hemen danetarik egin behar da, eta danetarik ikasi behar da.


6.- Ez dakit lehenago artzainek holakorik ikasiko ete eben, alde handia ikusten dozu lehengo eta gaur egungo artzainen artean?

Nik uste dot ez dala zertan joan behar Artzain Eskolara artzain izateko. Gaur egun halako proiektu bat aurrera eroan gura izan ezkero Gaztenek-eko laguntzino barik oso gatxa da, ni batez be horrexegaitik joan nintzan. Nik uste dot abeltzain bategaz urtebete edo bi egon ezkero, praktikak egiten, artzain izateko beste ikasi leikela. Bizimodua zelakoa dan ikusteko behintzat, eta gauza gehienak ikasteko bai, behintzat.


7.- Eskolara joan orduko ibili izan zara ardiekaz, izan dozu artzaintzeagaz zeozelako hartu-emonik?

Bai, Patxi Santamañegaz hasi nintzan orain hiru-lau urte. Animaliak gustetan jatazan, eta aukerea emon eustan hara joan eta beragaz behar egin eta ikasteko. Hantxe ibili naz eskolea amaitu arte. Oraindino be lantxu batzuk egiten segiduko dodala uste dot, nik neure esplotazinoa ipini arte behintzat.


8.- Zure amesa, beraz, zeure proiektua martxan ipintea da, ezta?

Banabil laku baten bila, ganoraz hasteko. Baserri bat edo beharko neuke, gitxieneko lur-arlo bategaz animaliak eukiteko. Hori nabil topetan oraintxe momentuan. Zeozer mistoa egiteko asmoa daukat, ardiak eta behiak. Hemen ez dagoan behi mueta bat ipini nahi dot. Behiak okelarako erabiliko neukez, eta ardiak ez dakit, gaztaia egitera helduko nazan ez dakit, lanaren arabera, neu bakarrik nabilen edo besteren bategaz ipinten dodan esplotazinoa. Ez neuskizu zehaztuko, baina izan leike gaztai freskoa egitea, adibidez. Eta akaso ortu bat bat ipiniko dot. Urteko sasoi guztietan produktua euki behar dala uste dot, dirua batzen joan behar da urte osoan.


9.- Zer esan eutsuen etxekoek honetan saltsatan sartu zinanean?

Gustetan jatana egitera animau ninduen. Etxean zelai batzuk daukaguz eta hareekaz hasi nintzan. Inguruan atrapetan neban guztie zikindu eta han bazterrean lagata ixten neban, amak sarritan egin eustan agirika, eta animaliek kenduko eustazala esan be bai. Baina, azkenean eurek be neure besteko ilusinoagaz dabilz aspaldion. Pozik dagoz etxeko batek segiduko dauelako.


10.- Hemeretzi urte eukiteko gauzak argi daukazuz...

Ez dot esaten gauzak argi daukadazanik, ez dakit non amaituko dodan, eta ez dakit ahal izango dodan be neure esplotazinoa ipini. Ilusinoa badaukat holako proiektu bat egiteko. Bidea hasi dot behintzat. Badakit industria ez jatala gustetan. Orain hiru urte arotz moduloa ikasi neban, eta Etxebarriko aroztegi baten beharrean egon nintzan. Segiduteko aukerea neukan, baina ez jat bizimodu hori gustetan. Animaliekaz lau urte egin dodaz, eta hori bai gusteu jat.


11.- Ze etorkizun dauka sektoreak, zelan ikusten dozu bihar edo etzi?

Hemengo produktuei bultzadea emon ezkero, baserria aurrera aterako geunke. Baserri bako inguru bat ez da ezebez nire ustez. Zer da ba, herri baten inguru guztia pinuz beteta egotea? Ez animaliarik ez ezebez. Niri ez jat gustetan. Aspaldion dana da konpetentzia, nork gehiago saldu, eta horretarako prezioak bajau egin dira. Bertako produktuek euro bat edo bi ez pagetearren kanpotik datozan txarrikeriek jaten doguz.


12.- Bizimodua ez da erraza sikeran, gauza askori egin behar izaten jako uko, parrandei be igual...

Ni orain gaztea naz eta gauza asko gustetan jataz, batez be auto lasterketak. Argi eta garbi daukat egun danak baserriari emon behar deutsadazala, eta ezin izango nazala eskakeau lasterketak ikusteko. Ez da asko arduratzen nauen gauzea. Urte sasoi batzuk trankilagoak izango dira, udagoiena batez be. Eta orduan beti egongo da herriko jaietan parrandaren bat egiteko aukerea. Orain arte ez naz parranda askokoa izan, baserriko mundutik kanpo auto lasterketakaz nahikoa daukat.

Daukazuzan animalien arabera, eta ze helburu daukazun, desbardina izango da. Ardiek bildotsak egiten dituenean, berbarako, ez dago zapatu ez domekarik, goiz eta arratsalde eurakaz egon behar da. Mendira eroaten dozuzan ala ez, hor be aldea dago. Nik ganadurako joera handiagoa daukat, dana dala. Egunak libretako aukerea egon badagoala uste dot, behin udabarritik aurrera ganadua larrera ateraten dozunean trankil ibili zeinke.


13.- Erritmoa desbardina da, bai.

Bai, holan da. Behiek txahalak egiten dabilzanean be hor egon behar da. Goizeko seiretan hasi, pare bat ordu trankil, eta gero igual gaueko hamarrak arte egon behar da. Azkenean norberen gustuko beharra da, eta ez deust kalterik egiten. Enpresa baten behar egiten dabenek zortzi ordu egin eta hangoa ahaztu egiten dabe. Bakotxak bere gustuak daukaz, non egon gustura, hara joan eta ekin egin behar da.


14.- Amaitzeko, zeozer esan barik lotu bada...

Ba, hemen nagoala lur bila, eta baten batek eskaintzaren bat eukiko baleu entzuteko prest nago. Etxebarriko Olaia jatetxea -aitak eta arrebeak han egiten dabe behar- errekadua itxi, eta aitak segiduan bideratuko leuskio nire informazinoa.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu