Austria, Alemania, Italia eta Herbeheretako taldeak izango dira lehian Getxoko Jazzaldiaren Talde Lehiaketako finalean

Bizkaie! 2014-03-24 13:49   Musikea

Getxoko Jazzaldiak dagoeneko aukeratu ditu bere 38. ekitaldiko Talde Lehiaketan joko daben lau finalistak. Aurten 17 herrialdetako 69 taldek parte hartu dabe lehenengo fasean eta, horreen artean, honako lau honeek hautatu ditu epai-mahaiak: Lukas Gabric Group (Austria), Liya Grigoryan Trio (Herbehereak), Ylativ algo Quintet (Alemania) eta Massimax Project (Italia).

Getxoko Jazzaldiak dagoeneko aukeratu ditu bere 38. ekitaldiko Talde Lehiaketan joko daben lau finalistak. Aurten 17 herrialdetako 69 taldek parte hartu dabe lehenengo fasean eta, horreen artean, honako lau honeek hautatu ditu epai-mahaiak: Lukas Gabric Group (Austria), Liya Grigoryan Trio (Herbehereak), Ylativ algo Quintet (Alemania) eta Massimax Project (Italia). Aukeratutako taldeak garagarrilaren 2tik 5era ikusiko doguz zuzenean eta asmoa lehiaketako lehen saria eskuratzea izango da.

Massimax-Project italiar-suediar hirukoteak emongo deutso hasierea lehiaketeari. Banda gazte hori Stockholmen abiatu zan taldekideen konposizinoak interpretetako asmoagaz, beti be inprobisazinorako askatasunari eutsita. Azken urteotan Italiako eszenan ibili dira gehienbat eta bertan bere lehenengo diskoa grabau dabe.

Biharamunean, garagarrilaren 3an, Liya Grigorian Trio bandearen txandea izango da. Herbeheretan kokatuta, taldera Armeniako, Italiako eta Espainiako musikariak batu dira eta 2012. urtean abiatu ziran jazz eszenan. Hirukotearen liderra Liya Taldeko Grigorian piano-jotzailea da, hainbat musika sari irabazi dituana, esaterako Herbeheretako jazz musikari onenari emoten jakon Keep On Eye Jazz Award saria.

Jazzaldiaren erdialdean, Lukas Gabric Groupek joko dau. Austriako, Hungariako eta Alemaniako interpreteak batu dira taldean jazzaren tradizinoaren ulermen sakonean oinarritutako doinua interpretetako, barrikuntzearen aldeko apustua baztertu barik. Estilo horri esker Europa osoko lehiaketa garrantzitsuenetan parte hartu dabe eta horreen artean nabarmendu behar da Montreuxko (Suitza) banda gazteentzako txapelketea.

Azkenik, Ylativ Algo Quintetek zarratuko dau lehiaketea. Alemaniako eta Errusiako musikari gaztez osotutako boskote hau Leipzigeko konserbatorioaren barruan sortu zan doinu barriakaz esperimentetako eta energiaren eta sentikortasunaren arteko aldea ezaugarri daben erritmoak garatzeko.


Sariak

Finalistek jaialdiaren lehenengo lau egunetan parte hartuko dabe, hurranez hurran, eta irabazleak barriro joko dau zuzenean azken egunean. Sariei jagokenez, 3.750 euro jasoko ditue irabazleek eta disko bat grabauko jake zuzenean. Bigarren sariari 1.500 euro jagokoz eta, azkenik, bakarlaririk onenak 750 euro eskuratuko ditu. Sariez gan, irabazleek Hoeilaarteko (Belgika) jazzaldian parte hartuko dabe, Getxo Jazzek jaialdi horregaz dauen akordioari esker.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu