Askartzako Claret ikastetxeko bizkaierazko lerroari eusteko ume bi falta dira

Bizkaie! 2014-03-25 14:01   Euskerea berbagai

Bizkaiera lerroa Askartza Claret Leioako ikastetxean egon dan 30 urteotan ikasleen zein gurasoen esperientzia oso positiboa eta aberasgarria izan da baina proiektuaren iraupena kolokan egon daiteke gitxieneko taldetxua sortzen ez bada. Hogei ume behar dira taldea osotzeko eta bi falta ei dira.

Bizkaiera lerroa Askartza Claret Leioako ikastetxean egon dan 30 urteotan ikasleen zein gurasoen esperientzia oso positiboa eta aberasgarria izan da baina proiektuaren iraupena kolokan egon daiteke gitxieneko taldetxua sortzen ez bada. Hogei ume behar dira taldea osotzeko eta bi falta ei dira. Hona hemen bizkaierazko lerroaren onurak zabaltzeko ikastetxeko ama batek idatzi dauen mezua:

Laster gure umea 2 urteko gelatik 3 urteko gelara pasauko da eta datozen 10 urteetarako erabagi behar dogu ia bizkaierazko lerroan ala batuerakoan emon izena. Ez da erabagi makala, hona hemen zuon buruetan jantzan ibili daitekezan galdera batzuk eta lagungarri izan ahal jatsuezan erantzunak.


1.- Ze alde dago bizkaerearen eta batuaren artean?

Bizkaierea da bizi garen lurralde honetan betidanik egon izan dan euskalkia, mendeetan zehar, belaunaldiz belaunaldi ahozko tradizinoan zein literatura idatzian transmitidu izan dana, eguneroko bizitzan eta egun bizi-bizian dirauen gure berbamoldea. Bizkaierea Bizkaiko berezko euskalkia da, bertokoa, jatorrizkoa, naturala, sustraitua.

Batua, barriz, 1968. urtean Euskaltzaindiak Arantzazuko Batzarrean aurkeztutako euskera eredu arautua da. Eredu honek gipuzkerearen aditza eta erdialdeko euskalkietako aldareak hartu zituan oinarri, ganerako euskalkien berezitasunak, lexikoa eta aldaerak neurri askoz be txikiagoan kontutan harturik.


2.- Ze onura dakar bizkaiera lerroa aukeratzeak?

Bizkaiera lerroa aukeratzeak dakarrena da gure umeak Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan gehienbat ikasiko dauen euskalkia bizkaierea izango dala, baina era berean batua be ikasiko dau ze hainbat liburu ondino ez dira bizkaieraz argitaratzen. Honek dakarrena da umeak izango dauen aditzen zein hiztegiaren erregistroa bikotxa izango dala, eta ondorioz berba jario aberatsagoa, naturalagoa eta bapatekoagoa izango dau.


3.- Bakarrak al gara jatorrizko euskalkiak aldarrikatzen?

Gaur egun Europa osoan eta, betiko moduan eta hainbat gauzatan lez, Alemania honetan aitzindaria da, tokian tokiko hizkuntza ereduak ezartzen eta erakusten dabilz emoitza ezin hobeak lortuz. Alemaniako ikastetxeetan eta baita Unibersidadean bere tokian tokiko alemaniar ereduak ezartzen dagoz arrakasta handiz.

Bide beretik doa Bizkaiko Foru Aldundia, inbersino eta ahalegin garrantzitsuak egiten baitabil Bizkaiko erakundeetan bizkaiera arautua eta formala zabaldu daiten esparru guztietan, eta are gehiago hezkuntzan. Pasa den astean argitaratu barri dogu gure umeek etorkizunean erabiliko daben Labayruko bizkaierazko hiztegi barria. Era berean, hainbat udal dagoz herritarrei luzatu beharreko idazkiak bizkaiera arautu peto-petoan produziduten dituenak, berbarako, Bakio edo Mungia.


4.- Ba al dagoz Bizkaian bizkaierearen aldeko apustua egiten daben beste ikastetxerik?

Egon badagoz eta emoitzak oso onak dira, Lauaxeta ikastolan (Zornotzan Euba auzoan kokatuta dagoana) lerro guztietan bizkaieraz erakusten da eta ez bakarrik Euskal Herrian, Espainiako ikastetxe pribatuen rankingean lehenengoa da irakaskuntzearen kalidadean.

Bizkaieraren alde apostu egin dabe, besteak beste, Sopelako Ander Deuna ikastoleak, Bilboko Begoñazpi ikastoleak eta Mungiko Larramendi ikastoleak. Eta etorkizunean askoz gehiago izatea espero dogu.


5.- Zelako esperientzia izan dabe lerro honetako ikasle zein gurasoek?

Bizkaiera lerroa ikastetxean egon dan 30 urte honeetan ikasleen zein gurasoen esperientzia oso positiboa eta aberasgarria izan da, eta proiektu honen iraupenaren alde dagoz.

Erantzunak

Iñaki 2014-03-26 11:45 Erantzuna | #1

Lokalismo ustel eta sasianalfabetoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu