1,6 miloe euro Ipar Euskal Herrian euskerea sustatzeko

Bizkaie! 2014-04-02 11:18   Euskerea berbagai

Ipar Euskal Herrian euskerearen erabilerea sustatzeko ekimenak garatzen dituen erakunde pribatuen lana diruz laguntzeko, 2014. urterako 1.600.000 euroko lankidetzarako funtsa eratuko da, alde bien ekarpenez. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak 400.000 € ipiniko ditu horretarako.

Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, eta François Maïtiak, Ipar Euskal Herriko Euskerearen Erakunde Publikoaren Presidenteak, 2011-2016 epealdiari jagokon hitzarmen-markoaren urteko eranskina aurkeztu eben bart, Baionan egindako ekitaldian. Eranskin horretan zehazten da, bi erakundeek 2013an alkarlanerako zein lan bide garatuko dituen Hizkuntza Politikeari jagokonean, bai eta Ipar Euskal Herrian euskerearen aldeko eragileen proiektuak diruz zelan lagunduko diran be.

Pasa dan urteetan egindakoa lanaren jarraipenean, 2014. urteko Eranskinak, bi instituzinoen artean urtean zehar eroango dan lankidetza eta Eusko Jaurlaritzeak eta Euskerearen Erakunde Publikoak Iparraldeko eragileei zuzendutako diru-laguntzinoak emoteko moduak zehazten ditu.


Helduen euskalduntze-alfabetatzearen esparruan:

- Hizkuntza-gaitasunaren egiaztagirien baliokidetzea zehaztu eta antolatu Iparraldean.
- Helduen euskalduntzearen eremuan gaur egun dagozan tresna desbardinen azterketa lana, existiduten diran praktika eta dispositiboen diagnosia eginez.
- Euskerearen Adierazle Sistemea (EAS) eregiteko alkarlana: EAS egituratzeko lanari ekingo deutsie Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak (HPS), Euskerearen Erakunde Publikoak (EEP), Nafarroako Gobernuko Euskarabideak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.
- Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzearen eta Euskerearen Erakunde Publikoaren zerbitzuen artean informazinoa trukatzea, hizkuntza politikearen beste lan eremuei jagokenez.


Diru-laguntzinoetarako funtsa

Ipar Euskal Herrian euskerearen erabilerea sustatzeko ekimenak garatzen dituen erakunde pribatuen lana diruz laguntzeko, 2014. urterako 1.600.000 euroko lankidetzarako funtsa eratuko da, alde bien ekarpenez. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak 400.000 € ipiniko ditu horretarako.

Lankidetza funts hori bi multzotan banatuko da. Lehen multzoa, 1.250.000 eurokoa, lankidetza zuzenerako bideratuko da: bi erakunde sinatzaileen sustapen-lerroakaz bat datozen eragile nagusiak laguntza zuzenagaz diruz lagunduko dira. Beste multzoa, 350.000 eurokoa, deialdi edegietarako izango da. Beste eragile pribatu batzuen proiektuak lagunduko dira diru honegaz.

Hizkuntza Politikarako sailburuordea dan Patxi Baztarrikak azaldu dauenez, Eusko Jaurlaritzearentzat, oro har, eta Hizkuntza Politikarako sailburuorde honentzat, urteko mugarrietako bat da 2007. urtetik hona urtez urte barriztatzen dogun sinadura hau gizarteratzeko moemntua. Gaur, herri erakundeen arteko lankidetzearen eredu dan hitzarmen hau jentaurrean sinatu eta euskal gizarteari, batez be Iparraldekoari, konpromiso honen albistea emoterakoan, euskerearen sustapenerako politika publikoen aldarri praktikoa egiten gabilz. Eta praktikoa dinot, hain zuzen be, gaur sinatzen dogun hitzarmen honek zuzen-zuzeneko eragina izango dauelako Iparraldeko euskerearen garapenak ezinbestekoak dituan hainbat eta hainbat alorretan.

Eta gehitu dau: Gaur hemen batu garen guztiok ondo dakigunez, euskerearen sustapena ardatz lez hartzen dauen hizkuntza politika publiko eraginkor baten zutoin nagusietako bat herritarren atxikimendua da, lege babes nahikoagaz eta behar besteko baliabideakaz batera. Eta esangura sakona hartzen dau baieztapen honek hemen, Ipar Euskal Herrian. Izan be, galerea dagoan lekuan irabazia lortzeko erronkeari aurre egin behar deutso euskereak Iparraldean, eta era askotako konpromisoak batu behar dira.


Aurrekariak

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak eta Ipar Euskal Herriko Euskerearen Erakunde Publikoak 2011n sinatu eben egun indarrean dagoan hitzarmen-markoa, 2011-2016 epealdiari jagokona. Hitzarmen horretan, mugaz bi aldeetako erakunde publikoek euskerearen tranmisinoagaz, erabilereagaz, kalidadeagaz eta aldeko jarrereagaz zerikusia daben jarduerak alkarregaz antolatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartzen dabe. Urteko Eranskina izenpetzeagaz, barriz, urtean urteko alkarlanerako lan ildoak eta diru-laguntzinoak emoteko moduak zehazten dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu