Eusko Jaurlaritzearen itzultzaile automatikoaren aukerak zabaldu ditue

Dabi Piedra Robledo 2014-04-02 15:33   Euskerea berbagai

Orain, interfazea barrituta eta ahalmena areagotuta dator. Lehen 1.024 karakterera arteko testuak itzultzen zituan eta aurrerantzean, barriz,1.500era artekoak. Interneteko testuak itzultzeko aukerea be emoten dau. Barrikuntza nabarmenena, dana dala, hizkuntza gehiago sartzetik dator.

Gaztelaniatik euskerara testuak itzultzeko erremintea hobetu egin dabe eta, bestetik, orain arte egon ez diran aukera bi gehitu, hau da, euskeratik gaztelaniara itzultzekoa eta ingelesetik euskerarakoa. Ganera, aurrerantzean, telefono adimendunetan erabili ahal izango da itzultzaile automatikoa.

Cristina Uriarte Jaurlaritzako Kultura eta Hezkuntza sailburuak Bilbon egindako aurkezpenean garbi adierazo dau, teknologia barriak lagungarri dira elebitasunerako bidean, euskereak hizkuntzearen teknologiak garatzen segidu behar dau. Uriarteren ustez, beti esaten da euskerea bizibarritzeko erabilerea dala inportanteena, ba itzultzaile automatikoek erabilerea errazten dabe. Era berean, hizkuntza bat ez jakitea ez da ez erabilteko atxakia, itzultzaile automatikoak dagozanetik, dino sailburuak.

Halandabe, itzultzaile automatikoak kontu handiz erabili behar dira, mugak daukiez eta. Jaurlaritzearen itzultzailea diseinetan ibili dan enpresako arduradun Alberto Alonsok ohartarazo dauenez, itzultzaile automatikoak ezin dau itzultzaile profesionala ordezkatu, itzulitakoa gainbegiratu egin behar da. Tresna automatikoak, batik bat, beste hizkuntza batzuetan dagozan testuen mamia eta ideia nagusiak ulertzeko balio dabela dino Patxi Baztarrikak, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak. Jakin egin behar da makinari zer eskatu eta zer ez, dino Baztarrikak. Itzultzeko sartzen diran testuek, hizkuntza formala erabili behar dabe, akats barik idatzita egon behar dabe eta, halandabe, beti komenidu da emoitzea gainbegiratzea. Alonsoren esanetan, itzultzaile automatiko hau garatzeko orduan, euskerearen eta hizkuntza indoeuroparren arteko aldea atzemon dabe. Erronka gatxa izan da, baina egingarria dala frogatu dabe, azken finean, euskerea beste hizkuntza bat gehiago da, ez besteak baino gatxagoa, desbardina baino. Alonsok dino, euskerearen anbiguotasun sintaktikoak buruhauste bat baino gehiago emon deutsiela.

Eusko Jaurlaritzea 2005aren bueltan hasi zan euskerazko itzultzaile automatikoa garatzeko planak egiten. Baztarrikak esan dauenez, sasoi haretan pentsau be ez genduan egingo etorkizunean horren garrantzitsuak izango ziranik aplikazinook, baina Araceli Diaz de Lezana eta Lorea Bilbaoren ekinari esker, proiektua martxan ipini genduan. Gaur eguneko itzultzaile automatikoa 2012an ipini eban Jaurlaritzeak sarean. Orain, interfazea barrituta eta ahalmena areagotuta dator. Lehen 1.024 karakterera arteko testuak itzultzen zituan, aurrerantzean, 1.500era artekoak, Araceli Diaz de Lezanak zehaztu dauenez. Interneteko testuak itzultzeko aukerea be emoten dau. Barrikuntza nabarmenena, dana dala, hizkuntza gehiago sartzetik dator. Orain arte, gaztelaniatik euskerara, norabide horretan baino ezin izan dira itzulpenak egin. Orain, euskeratik gaztelaniara be eskatu leitekez itzulpenak. Ingelesetik euskerara itzultzeko tresnea be erabilgarri dago.

Telefono adimendunetan (Android eta iOS sistemetan) erabilteko moduan ipini izana be, aurrerapausua da itzultzaile automatikorako, Patxi Baztarrikaren ustez: Gazteak euskerara erakarri nahi badoguz, teknologia barrietan ahalegina egin behar dogu; gaur egun, ia ez dago gazterik teknologia barriak erabilten ez dituanik, beraz, tresna horreek euskeraz emon behar deutseguz.

Baztarrikaren arabera, gaur aurkeztu dabena, ez da itzultzaile automatiko perfektua, holakorik ez dagoalako. Baina, munduko onenen pare dagoala ganeratu dau. Euskeraz jarduten diran hiru itzultzaile automatiko dagoz gaur egun eta Jaurlaritzarena da zehatzena, dino Baztarrikak. Halandabe, era horretako tresnak eten barik barritu behar dira eta, beraz, erronkea, itzultzailea fintzen joatea izango da. Hizkuntza gehiagotarako aukerea be sartu nahi leukie laster. Gizarteak eskatzen dauen erremintea dala garbi dago, Baztarrikak emondako datuak aintzat hartuta. Gaur aurkeztutako barrikuntzak sartu baino lehen, 2013an, 5 miloe konsulta jaso zituan Jaurlaritzearen itzultzaile automatikoak eta, 2014ko lehenengo hiru hileetan, miloe bat pasautxu. Orain dala zortzi edo hamar urte, orain daukaguna amesa baino ez zan, euskereari bultzadea emoteko eta gazteen artean zabaltzeko tresna indartsua daukagu orain.

Erantzunak

Jon 2014-04-02 20:36 Erantzuna | #1

Interesgarria!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu