Naia del Castillo: 'Identidadearen kontua lantzeko duplikazinoa jorratu nahi izan dot'

Koldo Isusi Zuazo 2014-05-05 11:45   Barriketan
Eskultorea

Naia del Castillo da, 2013an bekea jaso eben 26 artisten artean, aurtengo edizinoko epaimahaiak Bilbao Artek Urazurrutiako 32an dauen aretoan banakako erakusketa bat antolatzeko aukeratu dituan zazpi artistetako bat. Aurten, 31 artista eta 2 kolektibo artistiko dagoz egoitza artistikoa Bilbao Arten egiten, Bilboko zentro honek BBK Fundazinoaren laguntzaz sortzaile gazteei eskaintzen deutsezan bekei esker.

1975ean Bilbon jaioa, Naia del Castillo Arte Ederretan Lizentziatua da Euskal Herriko Unibersidadean eskultura alorrean eta Arte Ederretako Master bat egin dau ohorezko matrikuleagaz Londreseko Chelsea College of Art and Designen. Hainbat erakusketa egin ditu, kolektiboak zein indibidualak. Beste askoren artean: 12 artistas en el Prado El Prado Museoan (2007), Ofrendas y Posesiones Madrileko Distrito 4 galerian -Erakusketa onenari Saria Off Zinemaldia PhotoEspaña05-, Altered perceptions Hong Kong-eko Ilivetomorrow Galleryn (2011) edo Desplazamientos Mexico DFko Casa Galerian (2012) adibidez.


1.- Fluxuak izenburupean, emakumearen inguruko lan eskultoriko eta fotografikoak batu dozuz, 2013an Bilbao Arten egin zenduan egonaldiko lanaren emoitzea, hain zuzen be. Zer topauko dau bisitariak erakusketan?

Bai, esan dozun legez, igaz Bilbao Arten egindako egonaldiko lanaren emoitzea dago ikusgai Fluxuak erakusketan baina ez hori bakarrik, izan be, aurten egindako Zakuak instalazinoa be hor dago. Oro har, ikusleak gaur aroko sujetoaren, identidadearen hausnarketa bat ikusiko dau eta zelan aurkezten dogun geure burua besteen aurrean. Nire lanean argazkiak izan dodaz oinarri, erretratuak atera eta argazki horreek papelean inprimidu dodaz, gero barriro argazkiak ateratzeko. Identidadearen kontua lantzeko duplikazinoa jorratu nahi izan dot, irudiaren errepetizinoagaz eta geruzakaz lan egin dot, nahi neban produktua lortu arte eta normalean, 2D, bi dimensinoko argazkiak aurkeztu dodaz.


2.- Zakuak instalazinoa, Bilbao Arterako beren-beregi landutakoa lehenengoz aurkeztu dozu. Zelako lana da?

Lehen azaldu deutsudan prozesua erabili dot kasu honetan be baina emoitzea 2D barik 3D da. Papelezko 13 zaku dira, persona baten neurrikoak eta alde guztietatik emakume irudiak ditue. Irudia eta formea batera dagoz eta sentsazinoa berezia da ze zintzilik dagoz, inguruan ibili daiteke bisitaria eta mobidu egiten dira.

Gaia irudia da, identidadea, geure burua zelan aurkezten dogun baina argazkigintzea be interesetan jat, baliabide hori erabilita, leghen azaldutako errepetizinoaren prozesua tarteko dala artearen ganean hausnarketea be egiten dot, artelanaren berezitasunaren ganean eta geure buruaren ganean.


3.- Aitatu dozun hausnarketa horretatik ze ondorio atara dozu?

Niri gustatu jatana izan da collage erako prozesu bat erabilita eta medio edo bitarteko oso sinpleak erabilita, papela eta ura, zelan atara zeinken hausnarketa konplexua, ikuspuntu asko dituana. Persona baten multiplikazinoak sentsazino ugari eragiten deutsuz, berbarako, ezustea eta ansiedadea eta hori da islatu gura izan dodana.


4.- Erakusketearen barruan, 20 segundo izeneko lana be jarri dozu ikusgai, hormak apaintzeko papelean inprimidutako bideo-sekuentzia bat. Zer adierazo nahi dozu lan honegaz?

Bai. Bardina eta desbardinaren kontzeptuak, errepetizinoarena lantzen dot erakusketa honetan eta gauza bat kopiaukeran, jatorrizkoagaz batera erakusterakoan, jatorrizkoa desagertu eta danak kopiak izan arren, danak jatorrizkoak be badira. Orduan, 20 segundu izeneko lan horretan, fotograma guztiak .jpg batera, argazki formato batera pasau dodaz eta gero trasparentziagaz, koloreakaz eta gitxi gorabehera joan naz azaltzen guztia. Emakumea biraka dago eta ixten dauen arrastoan ikusten da irudia bolumen antzekoagaz eta marrazki bat balitz moduan, zeozelan distorsionatua. Irudia da bat baina apurka-apurka eraldatzen doana. Argazkia oinarri hartuta, eskultura, collage eta pinturearen baliabide batzuk erabili dodaz, berbarako, papela bustikeran, tindua galtzen dauelako, urkoloreak sortuz.


5.- Ur txorrotaren azpian dagozan emakumeen argazkiak egiten dozuz lehenengo, papelean inprimidu eta barriro argazkia egiten dozu baina hor ez da obrea amaitzen. Noiz amaitzen da prozesua?

Prozesua amaitzen da kontau gura zenduana kontau dozula sentiduten dozunean. Kasu honetan, prozesua urtebete eta erdikoa izan da eta tarte horretan lanean ibili naz, frogak eta esperimentuak egiten eta ikusten dozunean hasierako idea edo asmoa islatu dozula obran, orduantxe amaitzen da prozesua.


6.- Ze izen dauka aitatu teknikeak? Argazkigintzearean mugak zeharkatu dozuzala pentsetan dozu?

Ez dauka izen berezirik. Artistak beti gagoz ikertzen eta esperimentetan eta kontau gura dozuna ahalik eta ondoen azaltzeko teknika bat ala beste bat erabilten dozu. Oraingo honetan, argazkia material moduan erabili dot, inprimidu, busti, tolestu eta maskarak be egin izan dodaz. Eta hor beste mundu batean sartzen naz, argazkian ikusten dan personaia da errealagoa ala prozesuaren osteko emoitzea, neure interpretazinoa; niretzako biak dira errealak.


7.- Emakumea da artearen historian gehien erabilitako elementua eta zeure erakusketa honetan be emakumea da ardatza. Zergaitik?

Nik beti egiten dot lan emakumearen irudiagaz. Eta kasu honetan hausnarketa personala egin dot, emakumeak nire alter egoa legez. Emakumearen irudiaren ganean lan egin dot eta artearen historian ikonoa da emakumearen irudia. Emakumeei egindako argazkietan, barriz, asoziazino handia ikusi dot beste artista eta artelan batzuekaz eta hori be erabili gura neban ze ez da bakarrik zelan erakusten dogun geure buruaren irudia, baita maila kulturalean dogun irudia zelan aurkezten dogun.


8.- 2013an beka jaso zenduen 26 artisten artean, aurtengo edizioko epaimahaiak Bilbao Artek banakako erakusketa bat antolatzeko aukeratutako zazpi artistetako bat zara. Aurten, 31 artista eta 2 kolektibo artistiko egiten dagoz egoitza artistikoa Bilbao Arten, Bilboko zentro honek BBK Fundazioaren laguntzaz sortzaile gazteei eskaintzen deutsezan bekei esker. Holako elkimen gehiago beharko litzateke?

Bai. Oso beharrezkoak dira ze artea ogibidea baino zeozer gehiago da, barruan dozun sentimendu bat atarateko tresnea eta laguntzino barik, hasieran behintzat, oso gatxa da aurrera egitea. Zoritxarrez, erakusketetan eta bestelako ekimenetan ez dago artistei ordaintzeko ohiturarik eta diru-laguntzinoak eta bekak nahitaezkoak dira.


9.- Aurrera begira zeintzuk dira zure erronkak?

Erakusketa batzuk badaukadaz iragarrita baina oso pozik nago beste proiektu bategaz, izan be, urtebete emon dogu jantza garaikidea egiten dauen neska bategaz, Errenteriakoa da baina Bartzelonan bizi dan Iratxe Ansagaz lankidetzan eta produkzino fasean gagoz momentu honetan. Proiektu eszeniko bat da eta urtearen amaierarako edo estreinau gura geunke.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu