Chicagoko Koldo Mitxelena eta Frankfurteko Eduardo Chillida katedren programa akademikoak martxan dagoz

Bizkaie! 2014-05-07 11:12   Euskerea berbagai

Miren Azkarate euskerearen suspertzearen azterketea helburu dauen ikerketarako ikastaroa zuzentzen dago Chicagon, eta Jonathan Wood adituak Chillidaren lana eta eskultura garaikidearen lekuak eta espazioak izango ditu aztergai Frankfurten bi mintegi desbardinetan.

Chicagoko Unibersidadeko Koldo Mitxelena Katedrearen eta Frankfurteko Goethe Unibersidadeko Eduardo Chillida Katedrearen aurtengo programa akademikoak martxan dagoz. Miren Azkarate euskerearen suspertzearen azterketea helburu dauen ikerketarako ikastaroa zuzentzen dago Chicagon, eta Jonathan Wood adituak Chillidaren lana eta eskultura garaikidearen lekuak eta espazioak izango ditu aztergai Frankfurten bi mintegi desbardinetan, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazo dauenez.

Koldo Mitxelena Katedrea alkarlanean abiarazo dabe Etxepare Euskal Institutuak eta University of Chicagok. Katedrearen helburua Ipar Amerikako unibersidade esparruan euskal ikasketak zabaltzea da. Chicagoko Unibersidadeko Division of Humanities atalean txertatua dago, eta ikasturtero entzute handiko euskal irakasleren bat joaten da bertara, lauhileko batez euskal ikasketa humanistikoakaz zerikusia daben eskola, mintegi eta berbaldiak emotera. 2012an sortu zan.

2013-14 ikasturteko egitasmoa The Revival of the Basque Language: its Language Policy and Language Planning da. Astelehen honetan hasi zan eta bagilaren 7ra arte egingo da. Ikerketarako ikastaro honen helburu nagusia euskerearen suspertzearen azterketea egitea da. Euskal Herrian gauzatu diran hizkuntza politikak eta planak, euskerearen erabilerea, euskerearen inguruko usteak eta corpus, status eta lorpen arloetan egin diran plangintzak aztertuko ditue.

Arreta berezia eskainiko jako euskera batuak 1968tik hona izan dauen garapenari, alor desbardinen bateratzeari -ahoskatzea, morfologia, lexikoa- eta terminologiaren eguneratzeari, eta interneten dagozan corpus eta hiztegi barrienei be erreparauko deutse. Komunikabideetan eta erakunde publikoetan euskerearen erabilerea sustatzeko hartutako neurriak eta hezkuntzan txertatutako neurriak be izango ditue ikergai.

Irakaslea Miren Azkarate (Donostia, 1955) izango da. Euskal Filologian doktorea (1988, EHU), irakasle titularra (1989-2002) eta katedraduna (2002-) da EHUn; 1996tik 2000ra EHUko errektoreordea izan zan, eta 1992tik Euskaltzaindiko kidea da. 2001 eta 2009 bitartean Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua izan zan, eta 2004tik 2009ra Jaurlaritzako bozeroaile. Gaur egun, 2012tik hona, Hizkuntza Politika eta Planifikazinoari buruzko Masterra zuzentzen dau Euskal Herriko Unibersidadean.


Eduardo Chillida Katedrea

Etxepare Euskal Institutuak eta Frankfurteko Goethe Universitäteak abiarazotako Eduardo Chillida Katedrearen helburua euskal arteari buruzko irakaskuntza espezializatua eta ikerketea sustatzea da. Katedreak Frankfurteko Unibersidadeko Artearen Historiaren Institutuan dauka egoitzea, eta berorrek kudeatutako Curatorial Studies diralakoetan emoten dira eskolak.

Frankfurteko Arteetako Liburutegiak berariazko atal batean batu dau artisteari buruzko bibliografia osoa, Chillidaren obrea ikertuko dabenentzako erreferente bilakatuz. Urtero nazinoartean garrantzia dauen ikertzaile bat konbidatzen da, mintegia edo berbaldien zikloa emon daian.

Horrezaz gan, bertako fakultadeak konpromisoa hartu dau bi urtean behin nazinoarteko maila handiko sinposioa egiteko, eta 2014. urtean egin beharko litzateke Eduardo Chillidaren obrearen ingurukoa. Katedrea 2013an sortu zan.

2013-14 ikasturteko egitasmoa Sculpture and Display: from Chillida to now / The places and spaces of Contemporary Sculpture (Chillida - Cragg) izango da, eta maiatzaren 8tik bagilaren 27ra egingo da. Jonathan Wood nazinoarte mailako adituak Eduardo Chillida Katedran sustatutako bi mintegi eskainiko ditu. Bietan artistearen obrea izango dau abiapuntu irakasleak: batetik, eskulturea eta erakusteko era desbardinak aztertuko ditu, eta bestetik, eskultura garaikidea eta lekuak eta espazioak izango ditu berbagai, Chillida eta Cragg egileen lanetan sakonduz. Mintegiaren amaieran berbaldi edegi bat be eskainiko dau.

Jonathan Woodek Artearen Courtauld Institutuan ikasi eban eta Henry Moore Institutuan egiten dau lan. Azken honetan ikerketa proiektuak koordinetan ditu eta erakusketen komisarioa da. Horrezaz gan, Leeds Universityn irakasle laguntzailea da eta Artearen Historiaren Masterreko eskolak emoten ditu bertan.

XX. mendeko eta gaur egungo eskulturan egiten dau lan, beatez be artisten estudioetan eta alkarrizketetan arreta jarriz, eta 2007an, Modern Sculpture Reader osotu eta editau dau Alex Potts eta David Hulksegaz batera, XX. mendeko eskultureari buruzko idazkien antologia bat. Bi aleko Sculpture in 20th century Britain (2003) liburuaren editoreetako bat be izan da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu