'Matematikak eguneroko bizitzan' berbaldi zikloak hamaikagarren edizinoa beteko dau

Bizkaie! 2014-05-07 18:40

Ekimen honegaz, matematikak eta bere errealidadea gizarteari hurreratu nahi jakoz. Zikloa osotzen daben hiru berbaldiak maiatzaren 8an, 15ean eta 22an izango dira Bidebarrieta Liburutegian, 19:30ean. Sarrera librea izango da.

Aurten hiru berbaldi izango dira Bilboko Bidebarrieta Liburutegian matematikek arlo desbardinetan daben presentzia eta garrantzia erakusteko. Maiatzaren 8an, 19:30ean, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian (Bidebarrieta kalea 4, Bilbo), Matematikak eguneroko bizitzan berbaldi zikloaren hamaikagarren edizinoari hasierea emongo jako. Ekimen honegaz, matematikak eta bere errealidadea gizarteari hurreratu nahi jakoz. Zikloa osotzen daben hiru berbaldiak maiatzaren 8an, 15ean eta 22an izango dira Bidebarrieta Liburutegian, 19:30ean. Sarrera librea izango da.

Berbaldi ziklo hau Espainiako Matematikaren Errege Soziedadeak antolatu dau Bilboko Udala, Euskal Herriko Unibersidadea, Bizkaiko Foru Aldundia, Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) zentroa eta Radio Euskadiren laguntzinoagaz. Antolatzaileek adierazo dabenez, eguneroko bizitzan egiten doguzan ia jarduera guztiek matematiken beharrizana dabe, nahiz eta batzuetan ezkutatuta izan: eskuko telefono batetik berba egin, kamara digital bat erabili, bankuetako kutxazain automatikoetatik dirua atara, mapa bat erabili, satelite bidezko telebista ikusi, ordenagailua edo Internet erabili, aseguru bat egin, inbertidu edo mailegu bat eskatu, etxebizitzak eregi… eta abar luze bat.


Matematikak eguneroko bizitzan zikloaren programea honako hau izango da

- Maiatzak 8, xakea eta matematikak:

Chips y neuronas, dos siglos en jaque. Hizlaria: Leontxo García (xakean espezializautako kazetaria). Laburpena: Xakean jolasten dakian makina bat sortzea obsesinoa izan da XVIII. mendetik. Eta informatika ikerlariek xakea aukeratu eben XX. mendearen erdialdean adimen artifizialean sakontzeko. Baina 50 urte igaro behar izan ziran konputagailu batek munduko txapeldunak bezela jokatzeko (Kaspárov-Deep Blue). Zergaitik izan zan hain gatxa? Zelakoa izango da etorkizuna?

- Maiatzak 15, estadistikearen balioa

Contando ballenas azules en el Antártico. Hizlaria: Guadalupe Gómez (Kataluniako Unibersidade Politeknikoa). Laburpena: Urteetan zehar estadistikek ekarpen ugari egin deutsez gure gizartearen aurrerapenei modu horizontalean hainbat diziplinatan parte hartuz. Berbaldi honetan pentsamendu estadistikoa kontzeptuaren ganean eztabaidatuko dogu. Estadistikeak parte hartze garrantzitsua izan dauen jazoera historiko batzuen ganean berba egingo dogu. Azalduko dogu, besteak beste, zelan Antartikoko baleen harrapaketa agresiboaren eta balea urdinen desagertzeko arriskuaren ondorioz, Baleazaleen Nazinoarteko Batzordeak lan-talde bat antolatu eban; estadistika metodo sofistikatuak erabiliz, ozeanoan zenbat balea geratzen diran zehaztu ahal izan eban talde horrek, baleen desagertzeko arriskua objektibatu eta agintariei animali horreen arrantza galarazotearen beharrizanaz konbentziduteko oinarriak ezarri zituan.


- Maiatzak 22, medikuntzea eta matematikak

¿Hay un matemático debajo de esa bata?. Hizlaria: Luca Gerardo-Giorda (BCAM). Laburpena: Matematiken azken aplikazinoek tradizinoz diziplina honegaz lotuta ez dagozan fenomenoak azaltzen laguntzen dabe. Hain zuzen, ikusmin handia piztu dau matematika kardiobaskularrak, hau da, bihotza eta fluxu hemodinamikoak ikertzen dituan diziplineak. Konputazino zientifikoek zientzia kardiobaskularraren arloko ikerketak babestu ditue orain dala hiru hamarkadatik, eta irudi medikoetatik abiatuta berreregitako domeinu konputazional errealak estandar bihurtu dira komunidadean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu