Lehen aldiz Udalerri Euskaldunen Eguna ospatuko da Tolosan, bagilaren 14an

Bizkaie! 2014-05-09 14:39   Euskerea berbagai

Mankomunidadera batutako herrien eguna izan da orain artean, UEMA Eguna. Baina badira herri euskaldun gehiago euskeraz bizi diranak, nahiz eta Ueman egon ez. Danak batzeko, alkarlanerako eremu zabalagoa izateko, aldatu egin dabe egun horren izaerea eta lehenengo aldiz Udalerri Euskaldunen Eguna ospatuko da Tolosan, bagilaren 14an.

Aurten lehenengo aldiz ospatuko da Udalerri Euskaldunen eguna, izan be, orain arte, urtez urte, UEMA eguna ospatu izan da. Baina, euskerearen normalizazinoan udalerri euskaldunetatik egin daitekezan ekarpenak alkarlanerako eremu zabalagoa behar dauelakoan, aurten UEMA egunetik Udalerri Euskaldunen Eguna antolatzeko saltoa emotea erabagi da. Azken finean, udalerriak bilakatu nahi dira egunaren protagonista. Udalerri euskaldunen artean zubiak eregiz udalen arteko alkarlana sustatu eta euskalgintzea nahiz herri eragileen ekarpenak erabiliz arnasguneak sendotzeko.

Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunidadeko lehendakari Maren Belastegik azaldu dauenez, Aipatu egunaren helburua izango da udalerri euskaldunek euskerearen geroan daben zeregin garrantzitsua lau haizetara zabalduz, herritarren sensibilizazinoan eragin eta euskerearen aldeko konpromisoak sustatzea. Euskerearen arnasguneek hizkuntzearen normalizazinorako ekarpen ezin hobea egin leikie. Udalerri euskaldunetako herritarrak gehienbat euskeraz bizi dira beren egunerokoan. Aitatu herrietan, euskerea komunikazinorako hizkuntza baino gehiago be bada, alkarbizitzarako tresna be badala esan daiteke, gizarte kohesinorako elementu bateratzailea. Euskereak batzen ditu udalerri euskaldunetako herritarrak eta euskereari balioa emoten deutsie.

Udalerri euskaldunak bereziak dira hizkuntzearen ikuspegitik. Arnasguneek funtzino garrantzitsua jokatzen dabe euskerearen biziraupenean, eta funtzino garrantzitsua jokatu leikie euskerearen normalizazinoan. Esangura horretan, arnasguneak sendotu eta zabaltzeak ekarpen ezin hobea egin leike. Udalerri euskaldunek hizkuntza politika bereziak behar ditue eta horixe da UEMAtik bultzatzen gagozana. Baina, udalerri euskaldunetako errealidade soziolinguistikoari erantzuteko alkarlan zabalagoa artikulau behar dogu, ezinbestean. Goi administrazinoa, udalak, euskalgintzea, eragile sozialak, herritarrak... Danen ekarpena behar beharrezkoa izango da euskerearen normalizazinorako gaineratu dau Belastegik.

Ibai Iriarte alkateak, barriz, UEMAri, Tolosako eragile sozialei, herritarrei eta Galtzaundi euskera taldeari eskerrak emoteagaz batera, alkarlaneko aukerea nabarmendu dau: Euskerearen aldeko egun honen antolaketeak alkarlanerako aukera barria eskaini deusku. Eta hori ekarpen ederra da. Izan be, alkarlanean baino ez deutsegu aurre egingo erronkei. Tolosako udalak euskerea sustatzeko konpromisoa hartua dauka bere aldetik, eta herriko eragile nahiz herriz gaindiko beste eragile eta instituzinoakaz alkarlanean ibili nahi dau.

Bestalde, euskerearen sustapenean Tolosako udala egiten dagoan bidea azaldu dau Iriartek: Tolosako udaletik euskerea sustatzeko hainbat egitasmo jarri doguz abian. Esangura horretan, ekarpen barri bat egitera dator Udalerri Euskaldunen Eguna. Tolosaldea eskualde euskalduna da. Oro har, oso euskaldunak diran herri txikiek osotzen dabe eskualdea. Eta Tolosak, eskualde buru izanda, badau ardura berezia euskereagazko. Hizkuntzearen ikuspegitik eskualde berezia garela jaubetzeak, euskereari egin geinkion ekarpenaz jaubetzera eroango gaitu. Eta bide horretan, badakigu Tolosa eta Tolosaldeako eragile eta norbanako askoren laguntzinoa izango dogula. Asko dira dagoeneko, udalerri euskaldunen egunaren antolaketan laguntzeko prest agertu diran taldeak. Holan, egitarau erakargarria osotzeko gai izango gara.

Azkenik, Galtzaundi euskera taldeko kideak gaineratu dau: Herrietako protagonista nagusiak herritarrak dira. Eta udalerri euskaldunetan eta euskereari jagokonean herritarrak instituzinoen aurretik doaz. Galtzaunditik euskerearen sensibilizazinoan eragin nahi duou. Eta horretarako, udalerri euskaldunen egunaren antolaketan buru-belarri sartzeaz gan, herritarren sensibilizazinoan eragiteko hainbat ekitaldi antolatu doguz, UEMA eta Tolosako udalagaz alkarlanean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu