Xabier Enbeitak eta Malen Amenabarrek Bizkaiko Txapelketarako zuzeneko txartela irabazi dabe

Bizkaie! 2014-05-12 10:40   Bertsolaritzea

Xabier Enbeita Ibarrak jantzi dau txapela Busturialdeko Txapelketako finalean eta eta Malen Amenabarrek, barriz, Urine Butroeko finalean. Datorren astegoienean, hilaren 17an, Lea-Artibaikoa eta 18an, barriz, Durangaldeko finalak jokatuko dira.

Busturialdeko Bertsolari Txapelketako finala

Ander Elortegi Garateak eta Xabier Enbeita Ibarrak puntuazino bardinketearen ostean, alkarregaz jokatu dabe buruz burukoa, baina azkenean, Enbeitak jantzi dau txapela. 80 lagun inguru elkartu dira Gernika-Lumoko Elai Alai antzokian Busturialdeko Bertsolari Txapelketako finalean. Finalistak, hurrengoak: Ander Elortegi Garatea, Jon Rementeria Larruzea, Julen Erezuma Arzanegi, Julen Ibarguengoitia Ordorika, Koldo Gezuraga Seijido eta Xabier Enbeita Ibarra.

Ariketa guztiak egin ostean, Xabier Enbeita Ibarrak jantzi dau txapela. Holan, udagoieneko Bizkaiko Txapelketarako zuzeneko txartela irabazi dau gernikarrak. Buruz burukoa Ander Elortegi Garatearen kontra jokatu dau. Puntuazino bardinketearen ostean, araudiak holan ebatzita, Enbeitak jantzi dau txapela.

Txapeldunari Joseba Uribarri Paketek jantzi deutso txapela. Urtero borondaterik onenagaz txapelketan laguntzen dauen Errigoitiko txokoko kidea da Uribarri: antolatzailea eta bertsozalea. Bertsolari guztiei sariak banatzen Belendizko txokoko kideak ibili dira Manu Mestraitua eta Jabi Gorroño, urtero laguntasuna eskaintzen dabenak.

Josu Goikoetxea Gezuraga ibili da gai-emoile beharretan. Epaimahaian Ander Txakartegi Basterretxea, Mirari Azula Aurrekoetxea, Jurgi Fuentes Goikoetxea eta Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa egon dira; idazkari beharretan, ostera, Itziar Basterretxea Olarreaga.


Uribe Butroeko finala

Malen Amenabar Larrañagak irabazi dau Uribe Butroeko Bertsolari Txapelketako finala; Inazio Vidal Gurrutxagagaz jokatu dau buruz burukoa; Bertsozale mordoa batu da Zamudioko parke teknologikoko aretoan Uribe Butroeko finalean. 100 bertsozaletik gora alkartu dira Zamudioko parke teknologikoko barku eraikinean. Finalistak, hurrengoak: Aitor Esteban Etxebarria, Beñat Vidal Gurrutxaga, Inazio Vidal Gurrutxaga, Jone Larrinaga Dañobeitia eta Peru Vidal Gurrutxaga.

Ariketa guztiak egin ostean, Malen Amenabar Larrañagak jantzi dau txapela. Holan, udagoieneko Bizkaiko Txapelketarako zuzeneko txartela irabazi dau Larrabetzukoak. Buruz burukoa Inazio Vidal Gurrutxagaren kontra jokatu dau.

Txapeldunari Igotz Lopez Torre Zamudioko alkateak jantzi deutso txapela. Sariak Gabriel Etxebarria Zamakona Lagatzu euskera alkarteko ordezkariak banatu ditu.

Iñaki Beitia Unibaso Arbildu ibili da gai-emoile beharretan; epaimahaian Ander Txakartegi Basterretxea, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Mirari Azula Aurrekoetxea eta Nahikari Ayo Acebo egon dira; idazkari beharretan, Itziar Basterretxea Olarreaga.

Uribe Butroeko finala jokatu aurretik kanporaketa bi egin dira. Beñat Vidal, Inazio Vidal eta Jone Larrinaga lehenengo kanporaketatik sailkatu ziran finalera; Malen Amenabar, Peru Vidal eta Aitor Esteban, ostera, bigarren kanporaketatik.


Hurrengo saioak:

- Lea-Artibai. Finala: Maiatzak 17. Ziortza-Bolibarren, frontoian, 17:30ean.

- Durangaldea. Finala: Maiatzak 18. Berrizen, kultur etxean, 17:30ean.

- Uribe Kosta. Finala: Maiatzak 24. Getxon, Algortako Fadura kiroldegiko aretoan, 17:30ean.

-Enkarterri/Ezkerraldea. Finala: Maiatzak 31. Zallan, aretoan, 17:30ean.

Bizkaiko Eskualdeetako Txapelketei buruzko informazino gehiago www.bertsozale.com/bizkaikotxapelketa webgunean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu