Deustuko Unibersidadeak Philip Kotler eta Gary Armstrong adituen 'Principles of Marketing' lana euskeratu dau

Bizkaie! 2014-05-20 11:22   Euskerea berbagai

Marketinaren alorrean erreferentziazko lana da, dagoeneko 28 hizkuntzatara itzuli dana. Marketinaren alorrean, euskeraz dagoan lan bakanetakoa da, Deustuko Unibersidadeak jakinarazo dauenez.

Deustuko Unibersidadeak Marketinaren Oinarriak liburua aurkeztuko dau martitzen honetan, maiatzaren 20an, Donostiako campusean. Philip Kotler eta Gary Armstrong adituen Principles of Marketing lanaren euskerazko itzulpena da, Deustuko Unibersidadeak prestau eta argitaratu dauena, Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoagaz.

Marketinaren alorrean erreferentziazko lana da, dagoeneko 28 hizkuntzatara itzuli dana, eta egileek eurek bideo labur batean eskerrak emon ditue beren lana euskerara itzultzeagaitik, holan euskal hiztunek beren hizkuntzan erabilteko aukerea izan deien. Marketinaren alorrean, euskeraz dagoan lan bakanetakoa da, Deustuko Unibersidadeak jakinarazo dauenez.

Liburuaren aurkezpena 12:00etan hasiko da, Deustuko Unibersidadeko Donostiako campuseko Areto Digitalean, eta Roberto San Salvador Deustuko Unibersidadeko Komunikazinoko, Eleaniztasuneko eta Gizarte Zabalkundeko errektoreordeak, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Lorea Narvaiza eta Itziar Navarro lanaren koordinatzaile eta Deustuko Unibersidadeko irakasleek parte hartuko dabe.

Liburuaren aurkezpenaren ondoren, euskerearen eta marketinaren inguruko solasaldia izango da, eta Eneko Astigarragak (CodeSyntax), Gexan Sorsek (Elkar) eta Koldo Unanuek (Euskaltel) parte hartuko dabe. Nork bere erakundean euskereak marketinean dauen lekuaren inguruan berba egingo dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu