'Arteshop: establezimendu bat, artelan bat' ekimenak bere laugarren edizinoa beteko dau

Bizkaie! 2014-05-22 15:17   kulturbiz

Proiektu honen helburua uriko merkataritza-jarduereari laguntzea da. Holan, balio erantsia emongo jako dagoeneko interesgarria dan gure uriko merkataritza-eskaintzeari, eta aldi berean, Bilbao Arte Fundazinoko artisten eta UPV/EHUko Arte Ederren Fakultadeko ikasleen sormen-jarduerea sustatzeko aukerea emongo dau.

Gaur, eguena, Arteshop: establezimendu bat, artelan bat lehiaketearen IV. edizinoko irudia eta barrikuntzak aurkeztu ditue Bilbon. Ekimen barritzaile honi esker, artea eta merkataritzea buztartzen dira, gizarte-interes berean eta eremu fisiko berean: Bilboko urian. Aurkezpen ekitaldian parte hartu dabe Marta Ajuria Bilboko Udaleko Merkataritza eta Turismoko zinegotzi ordezkariak, Arantza Lauzirika UPV/EHUko Arte Ederren Fakultadeko dekanoak eta Juan Zapater Bilbao Arte Fundazioko zuzendariak.

Proiektu honen helburua uriko merkataritza-jarduereari laguntzea da. Holan, balio erantsia emongo jako dagoeneko interesgarria dan gure uriko merkataritza-eskaintzeari, eta aldi berean, Bilbao Arte Fundazinoko artisten eta UPV/EHUko Arte Ederren Fakultadeko ikasleen sormen-jarduerea sustatzeko aukerea emongo dau.

Arteshop ekimenak laugarren edizinoa beteko dau. Jatorria 2011n izan eban, Bilboko Saltoki Barritzaileak taldeak bultzatutako ekimen aitzindarian. Aurten, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultadeko ikasleek, bagilaren 5etik 15era bitartean, euren artelanak erakusteko aukerea izango dabe, berariaz ekimen horretarako egindakoak. Ohikoak ez diran lekuetan erakutsiko ditue artelanak, hain zuzen be Bilboko saltegietan, eta, horri esker, aldi berean, jente askok izango dau artelan horreek ikusteko aukerea.

Era berean, parte hartuko daben establezimenduak erakargarriagoak izango dira, lokalean saltegi horren historiagaz eta giroagaz bat etorriko dan artelana hartuko dabelako; horrezaz gan, saltegi horreek ezaugarri bereizgarria izango dabe, sektoreko beste establezimendu batzuekaz konparauta. Proiektu honek bete dituan hiru urteotan, gero eta interes eta eragin sozial handiagoa izan dau ekimenean parte hartzen daben saltegientzat, Arte Ederren Fakultadeko ikasleentzat eta Bilbao Arte Fundazinoko artistentzat.

IV. Arteshop honetan, hirurogeita hamabost ikaslek eta beste horrenbeste saltegik parte hartuko dabe. UPV/EHUko Arte Ederren Fakultadeko ikasleek, euren lanak egiterakoan, Bilbao Arte Fundazinoko hamar artistaren laguntzinoa izango dabe. Artista horreek komisariotza-lana egingo dabe. Horrezaz gan, artista horreetako zazpik baterako erakusketa koordinatua egingo dabe Erriberako Merkatuan eta beste hiruk Bilboko Turismo Bulego barrian, Plaza Biribilean dagoan horretan. Gainera, edizino honetan, egindako proiektuak ebaluau eta hamar finalisten hautaketea egingo dabe Bilbao Arte Fundazinoko hiru artistak.


Epaimahaia, sariak era barrikuntzak

Epaimahaikide izango dira Alicia Fernández, Rekalde Aretoko zuzendaria, Marta Arzak, Guggenheim Museoko Hezkuntza eta Interpretazinoko zuzendariordea, Naia del Castillo, artistea, eta Juan Carlos Erkoreka, Bilbao Dendakeko lehendakaria, eta eurek erabagiko ditue Arteshopeko hiru sarien irabazleak. Lehenak 1.200 euro jasoko ditu, bigarrenak 900 euro eta hirugarrenak 600.

Arteshopen historian lehenengoz, arteshopbilbao.com webgunean boto gehien jasoten dituan lanari Jentearen sari berezia emongo jako. Proiektu irabazleak 600 euro jasoko ditu. Botazinoan parte hartzen dabenen artean 100 euroko hamar txartel zozketatuko dira, programan parte hartu daben 75 establezimenduetan gastetako bagilaren 17tik garagarrilaren 16ra bitartean.

Edizino honetako beste barrikuntzetako bat Facebooken bidez egingo dan argazki lehiaketea da. Partaideek argazki bat bialdu ahalko dabe, Arteshopeko artelanetakoren baten ondoan. Atsegin dot gehien jasoten daben 10 argazkien egileek sarrera bat irabaziko dabe, Guggenheim Bilbao Museoan Georges Braqueren erakusketako bisita gidatu batera joateko.

Sariak bagilaren 13an banatuko dira, arratsaldeko 20:00retan, Bilboko Zabalguneko Merkatuan egingo dan galan. Bertan parte hartuko dabe: ikasleek, artistek eta merkatariek, eta baita ordezkari instituzional eta sozialek be.

Ekintza artistikoaren produkzino-gastuetarako, Bilbao Ekintzak 200 euroko diru-laguntzinoa emongo deutse lehiaketan parte hartuko daben Arte Ederren Fakultadeko ikasleei, eta 300 eurokoa, barriz, Bilbao Arte Fundazinoko artistei. Horrezaz gan, proiektua garatzeko, 200 euro emongo jakoz hautatutako ikasle bakotxari, eta Bilbao Arteko artistek 300 euro jasoko ditue Erriberako Merkatuan egindako jarduereagaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu