Maite Berriozabal: 'Indarrak batzearen preminea ikusi dogu orain'

Koldo Isusi Zuazo 2014-05-26 11:28   Barriketan
Berbaroko zuzendaria

Sano pozgarria da euskerearen sustapenaren alde beharrean dabilen alkarte batek 25 urte betetea. Durangaldean makinatxu bat lan egindakoa da Berbaro eta egun martxan eta erantzun bikainagaz dabilzan Plateruena, Anboto eta di-da askoren esfortzu eta lan eskerbakoari esker abiarazo zituen. Gaur egun 500 bazkide inguru ditu alkarteak eta upealako ilusinoagaz eta gogoagaz dabilz bihar-etzirako idea eta estrategiak zehazten. Kontu horreek guztiak jorratu doguz Berbaro euskera alkarteko zuzendari dabilen Maite Berriozabal berriztarragaz.


1.- Ezer baino lehen, zorionak. 25 urte Berbaz berba, aroz aro lemapean ospatzen zagoze Berbaro alkartearen ibilbide luze eta emonkorra. Zer adierazo gura izan dozue lema horregaz?

25. urteurrena ospakizunetarako atxakia izateaz gan, atzera begiratu eta esperientzia on eta txarrakaz ikasi eta etorkizunerako deia egin gura izan dogu; aroz aro heldu gara honaino, aro barriak datoz eta aro barrietarako indartsu eta gogotsu gagoz.


2.- Urteurren biribilaren harian, argitalpen berezirik ala bestelako ekimenik antolatu dozue?

Urteurrena aprobetxau gura izan dogu urte osoa lantzen egon garen irudi korporatibo barria aurkezteko; Berbaroren betiko tipografiari eutsiz, kolorea eta formea aldatu doguz, aurrera begirako ilusinoak alde estetikoan be aldatuz.

Argitalpenik eta ez dogu pentsau, irudi korporatiboaren aurkezpena egin genduan oraintsu eta egun osoko jaia be egin genduan Durangon. Gure asmoa izan da orain arteko Berbaro ez dogula inondik inora ahazten baina aroak aldatzen doazela, inguruak be aldatu egiten dirala eta geu be aldatzen goazela adierazotea.


3.- 25 urteotan gauzak asko aldatu dira, arlo politikoan, ideologian, internet eta eskuko telefonoak oraintsuko kontua dira eta behar egiteko moduetan, norberaren jarrera eta militantzian eta abar. Zelan bizi izan ditu alkarteak gorebehera horreek guztiak?

Berbaro ez da egon eta ez da egongo mundutik aparte eta danon antzera bizi izan doguz aldaketok. Alde guztietan legez gurean be loraldiak eta momentu eskasak egon dira. Krisi ekonomikoa ez eze, krisi soziala be biziten gagoz, mobilizazino sozialerako daukaguzan zailtasunak eta militantzia be apaldu ete dan eta entzuten dogu sarri. Baina aldaketok onerako aprobetxau behar dira eta aldaketak aukera moduan ulertzen ez badoguz etorkizunerako bidea gatxago egingo jaku.

Berbaro sortu zanean zailtasunak izango ziran seguru baina jente askoren lanari esker, jente askoren debaldeko orduei esker egin zan aurrera eta gero, barriz, lan profesionalagaz buztartu ahal izan da alkartearen jarduna. Halan dabe, lehen bolondresen lana ezinbestekoa bazan, gaur egun be bardin, alkarte baten oinarriak horrexek diralako.

Jakina, administrazinoak euskalgintzeak, herrigintzeak, euskera hutsezko komunikabideek egiten daben lana autortzea eta ahal dan neurrian laguntzea nahitaezkoa begitantzen jat; behar eta merezidu dauen autortzea nahitaezkoa da krisi sasoian be.


4.- Zorioneko krisiak bazterrak astindu ditu eta ekonomia arlotik kanpo kultur ereduetan aldaketarik izan al da?

Bai. Berbaro orain 25 urte sortu zan, geroago etorri zan Eraz, eskualde mailako komunikabidea, Anboto asteroko aldizkari bihurtu zan aurrerago eta egun interneten be badago. Eten bako aldaketak izan dira, aroek eta iraultza tekknologikoak eraginda.

Plateruenaren kasuan be aspaldi hasi ginan eta etenak eten, bagabilz kultur eta kudeketa eraduari buelta batzuk emoten, indarrak batzeko gogoz, orduko proiektu independenteak ez ete diran gaur batu behar eta abar, Anboto eta Plateruena batzeko aukerea aztertzeko prozesuari be aspaldi ekin geuntsan. Orain arte, akaso, bakotxa bere bidean ibili da, eroso, konturatu barik indar asko alperrik galtzen dala eta indarrak batzearen preminea ikusi dogu orain. Era berean, jenteak, herriak zer eskatzen dauen gogoan hartzea be ezinbestekoa da.


5.- Euskereak be lehen aitatu gorabehera horreen guztien eragina izan dau eta Durangaldean euskerearen egoerea oro har orain 25 urte baino hobeto dagoan arren, zein da zure diagnostikoa?

Datu eguneratuak mahaigaineratzea gatxa da baina azken datuen arabera, EAEko datuakaz bat eginez, etxe barruko erabilereak eta kalekoak be behera egin dau Durangaldean. Edozelan be, hezkuntzan eta aisialdian egin dan lanari esker, orain 25 urte baino hobeto gagoz euskerearen ezagutzan, ikusgarritasunean eta horretan bai Berbarok eta beste hainbat erakunde eta alkartek makinatxu bat lan egin dabe eta euskal komunidadeak hartu dau bere lekua. Baina azken 25 urteotan egindakoa baino askoz gehiago dago egiteko. Ahal izan dana eta gehiago egin da baina oztopoak handiak dira, aurrera egiteko erabagi politikoak dagozalako atzean.


6.- Berbaro euskera alkartea da izatez eta sortzez baina urteen porasuz, talde indartsua zarie egun. 1989an alkartea abiarazo eta Berbaro tabernea 1994an zabaldu zenduenetik hona ekimen ugari jarri dozuez martxan, Plateruena Kafe Antzokia, Anboto aldizkaria eta webgunea, di-da komunikazioa... Ez da bromea izango hori danori kudeatzea... Zein da Berbaro alkartearen zeregina talde erraldoi horren barruan?

Lehen esan deutsudan lez, urteen poderioz eta zorionez arlo edo jardungune bakotxak bere kudeaketa propioa lortu dau eta bakotxak bere erabagiguneak eta norabideak zehazten ditu.

Baina argi dago sorburu batetik gatozela eta helburu bat bakarra dagoala. Kanpora begira, agendak batu eta helburu estrategiko bardinak ezarri guran gabilz. Berbarori gidaritzea jagoko eta horretan gabilz.


7.- Gaur egun 500 bat bazkide zarie Berbaro alkartean. Ze ekarpen egiten dabe bazkideek? Parte hartzen al dabe alkartearen jardunbidean?

Bazkideek laguntzino ekonomikoa eskaintzen deuskue urteroko kuoteagaz. Horrezaz gan, bazkideak guk antolatutako ekitaldietara eta hurreratzen dira baina parte hartzeko modu diferenteak dagoz, batzuk hurragotik parte hartzen dabe eta eta beste batzuk urrunagotik. 500 bazkide ez da bromea, jente asko da, esker oneko jente asko; urteetan behera egin ez dauen kopurua da, jente askok sinistuten dau proiektuan eta hori eskertzekoa da.


8.- Bihar-etzirako zeintzuk dira Berbaro alkartearen egitekoak?

Lehen be komentau deutsudan indarrak batzearena nabarmenduko neuke. Eta gazteen estrategikotasuna be bai. Euskal hiztunak izan leikezan gazteakana hurreratzen ahalegindu behar gara; azken aldion sarri ibili gara gazteak guganatu guran eta orain, barriz, guganatu ezin badoguz gu geu joango gara eurakana. Helburu horreekaz lanean jarraitu gura dogu, eta ez guk bakarrik baita erakunde publikoek eta beste herri eragile batzuk be.


9.- Gaur egun gazteak zertan dabilzan, ze gusto eta interes daben jakinik, ez ete gaitu globalizazinoak jango eta ez al dago hor arriskua geure-geurea dana galtzeko?

Bai arrisku hori hor dago. Informazinoaren jendartean bizi gara, gero eta informazino gehiago daukagu eta gero eta buru gitxiago. Nik esango neuke aroak aldatu arren personak bardinak izaten jarraitzen dogula eta ahalegin bardinagaz emoitza bardina ez baina ahalegin gehigarria beharko geunke emoitza desbardina lortzeko. Globalizazinoa hor dago eta egongo da, datozen urteetan basatiagoa izango da eta horretarako prest egon behar gara. Orain 20 urte funtzionetan eben gauzakaz tematu barik, prest egon behar gara aldaketarako. Ezin da dana galdutzat emon eta ezin jako dana globalizazinoari itxi, bestela jai daukagu. Orekea topau behar da, kanpotik datozen egungo jokerak eta euskal komunidade moduan, transmitidu gura doguzan baloreak gogoan hartuta.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu