'La política como pasión. El lehendakari José Antonio Aguirre (1904-1960)' lana plazan

Bizkaie! 2014-05-26 18:01   kulturbiz

Ludger Mees, José Luis de la Granja, Santiago de Pablo eta José Antonio Rodríguez Ranz historialariek egin eta Tecnos etxeak argitaraturik, liburua AL 50 Agirre Lehendakaria batzordeak 2010ean haren heriotzearen 50. urteurrena gogoratzeko antolatu zituan jardueren amaierea da.

Gaur eguerdian, Euskadiko Artxibo Historikoan, Iñigo Urkullu lehendakariak Jose Antonio Agirre Lekube Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariari buruz gaur artean egindako azken ikerlana aurkeztu dau. Ludger Mees, José Luis de la Granja, Santiago de Pablo eta José Antonio Rodríguez Ranz historialariek egin eta Tecnos etxeak argitaraturik, liburua AL 50 Agirre Lehendakaria batzordeak 2010ean haren heriotzearen 50. urteurrena gogoratzeko antolatu zituan jardueren amaierea da.

José Antonio Agirre, seguruenez, XX. mendeko euskal politikaririk karismatikoena eta ospe eta eragin handikoena izan zan. Orain, La política como pasión. El lehendakari José Antonio Aguirre (1904-1960) liburuan egileek, hamar urteko lanaren eta hainbat eta hainbat artxibotan egindako konsulten emoitzea dan ikerlan baten ondoren, Lehendakariaren biografia politikoaren azterketa sakon eta zehatz bat egin dabe, bizi izan eban testuinguru politiko bereziaren barruan kokatuz. Esangura horretan, prentsaurrean adierazo dabenez, Agirre ikur nabarmena izan zan: itsasargi bat tunel frankistearen iluntasunean.

Liburuaren 700 bat orrialdeetan zehar egileek azaltzen dabe ez dago euskal historia garaikidearen zati handi bat ulertzerik Jose Antonio Agirreren bizitza politikoa ezagutu ezean. Eta erantsi dabe, Lehendakariarentzat politikea ez zala besterik bako lanbide huts bat, aldi baterako zeregin bat hasiera eta amaiera zehatzak dituan horreetakoa.

Lehenago adierazo bezela, liburu hau argitaratuz, amaierea emoten jake AL 50 Batzordeak 2010ean, Agirre lehendakariaren heriotzearen 50. urteurrena ospatzeko helburuz, abian ipini eban egitarauan jasotako lan eta jarduera guztiei. Batzorde horretan, Lehendakariaren jarduera politikoari eta personalari lotutako erakunde guztiak egon ziran ordezkatuta, baita haren senideak eta jarduera politikoa beragaz konpartidu eben beste persona batzuk be. Sabino Arana Fundazinoaren ardurea izan zan, Batzordean erabagi eta egitaraura batutako jarduera guztiak koordinetea. Horreetako batzuk gogoratzen hasita, aitatu daitekez, besteak beste, abian ipintea www.lehendakariagirre.eu webgunea; hor material ugari sartu zan: liburuak, berbaldiak, argazkiak; Lehendakaritzan familiari Gernikako Arbolaren Gurutzea dominea emoteko ekitaldia; Agirre lehendakaria eta berak izan dituan gobernuak erakusketa ibiltariaren antolaketea; Donostian egiten diran EHUren Udako Ikastaroak; New Yorkeko Columbia Unibersidadean Agirreri egindako gorazarrea; Hermes pentsamendu eta historia aldizkariaren zenbaki bereziaren argitarapena, bai eta Lehendakariaren jatorrizko egunkariena facsimilean, etab. Era berean, ederrak izan ziran Zin Dagit zin-egite ekitaldiaren Gernikako antzezpena, 2010eko urriaren 7an, eta haren oroimenez egin ziran eleiz ospakizun biak: Begoñako basilikan, bata, han ezkondu zalako Mari Zabalagaz 1933an, eta Donibane Lohitzuneko mezea, bestea, 1960ko martiaren 25ean herri horretan egin zan hiletea gogoratuz.

Ekitaldian, Urkullu lehendakariaz eta Juan Mª Atutxaz gan, Aintzane Agirrek, Agirre lehendakariaren alabeak eta Ludger Mees liburuaren egilekide eta koordinatzaileak be parte hartu dabe. Guztien gogoan, Joseba Agirre, Lehendakariaren semeetako bat, orain dala urte bi hildakoa eta AL50 batzordearen jardueren sustatzailea. Horren emazte Maria Joxepa Muñoak eta Aitor eta Amaia seme-alabek be ez deutsie huts egin nahi izan hitzorduari.

Aurkezpen-ekitaldiaren agertoki izan zan Euskadiko Artxibo Historikoko aretora euskal politikagintzako persona nabarmen ugari be batu dira, besteak beste: Bakartxo Tejería Eusko Legebiltzarreko lehendakaria; Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria; Josu Erkoreka Eusko Legebiltzarreko sailburu eta bozeramalea; Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkaria; Ibon Areso Bilboko alkatea; Andoni Ortuzar EAJ-PNVren EBBeko lehendakaria; Nekane Alonsos EAJ-PNVren EBBeko burukidea; Iñaki Anasagasti, Jokin Bildarratz eta Mª Eugenia Iparragirre senatariak, Juan Jose Ibarretxe eta Carlos Garaikoetxea lehendakariez gan.

Baina danak ez dira politikariak izan. Unibersidade-mundutik etorri dira: José Mª Guibert, Deustuko Unibersidadeko Errektorea; Carmelo Garitaonandia EHUren Bizkaiko Campuseko errektoreordea, eta Arabakoa, Javier Garaizar; Guillermo Dorronsoro Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultadeko dekanoa; Mikel Aizpuru irakaslea eta Carolina Grey EHUko ikertzaile bisitaria. Horrezaz gan, ekitaldian izan dira Confebaskeko presidente Nuria López de Gereñu, Sabino Arana Fundazinoko zuzendari Irune Zuluaga eta Tecnos argitaletxeko Manuel G. Moreno eta Alicia Hernández.

Aurkezpenean egon diran beste batzuk: Txomin Epalza, Iñaki Galdos, Ander Landaburu, Antonio Cristobal, Cristina Llopis, Paula Arana, Elena Puccini, Miguel San Cristobal, Ritxi Lizartza, Maialen Goñi, Cristina Tapia, Aizpea Goenaga, Mª José Olaziregi, Jesús Casquete, Koldo Somocueto, Fernando Sa Casado, Unai Garabieta, José Andrés Gorritxo, Javier Landeta, Josu J. Sagasti, Xabier Rementeria, Iñaki Arregi, Txomin Saratxaga, Anton Erkoreka, Sorne Errazti, David Salinasarmendariz, Javier Barajas…

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu