Bilbao Bizkaia Card txartelak uriburuko eta lurraldeko garraiobide eta museoetan sartzea erraztuko deutse turistei

Bizkaie! 2014-06-02 14:14

Bilbao Bizkaia Card izeneko txartel barriak uriburuko eta lurralde historikoko garraiobideetan eta museoetan sartzea erraztuko deutse bertaratzen diran turistei. Turismoko txartel barriak, ikutze bako teknologiagaz, 30 eta 40 euro arteko prezioa izango dau, erabiltzen dan egunen arabera.

Bilbao Bizkaia Card izeneko txartel barriak uriburuko eta lurralde historikoko garraiobideetan eta museoetan sartzea erraztuko deutse bertaratzen diran turistei. Turismoko txartel barriak, ikutze bako teknologiagaz, 30 eta 40 euro arteko prezioa izango dau, erabiltzen dan egunen arabera.

Imanol Pradales Bizkaiko Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputaduak eta Esther Martinez PPren Bizkaiko Batzar Nagusietako bozeroaileak aurkeztu dabe Bilbao Bizkaia Card.

Txartel barriaren bidez, garraiobideetan, museoetan eta turismoko beste baliabide batzuetan errazago sartu ahalko dira bisitariak. 30, 35 edo 40 euroko prezioa izango dau erabilerearen arabera (24, 48 edo 72 ordu, hurranez hurran, lehen aldiz erabilten dan momentutik aurrera zenbatuta).

Bisitariari jardueren eskaintza bateratua emongo deutso, prezio zarratuan, Bizkaia errazago bisitetako. Txartelagaz batera turismoko gidaliburu bat be emongo da, sei hizkuntzatan; txartela erabilteko jarraibideak eta txartelean sartzen diran zerbitzuen eta parte hartzen daben establezimenduen gaineko informazinoa daukaz gidaliburuak.

Gainera, Bilboko eta Bizkaiko planoak dagoz, bisitau eta gozau daitekezan leku guztien kokalekuagaz, bakotxaren deskribapen laburragaz. Era berean, bakotxaren helbidea, telefonoa, ordutegiak, zerbitzuak eta deskontuak, eta argazkiak dagoz.

Txartela personala eta besterenduezina da, eta bisitau nahi diran eta txartelean sartzen diran museo edo establezimenduetan erakutsi behar da. Leku horreetako batzuk, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilboko Arte Ederretako Museoa, Artelan Berreginen Museoa, Bizkaia Zubia eta Pozalagua Kobazuloa dira.

Gainera, txartelaren bidez bidaia kopuru mugabakoa egin daiteke, indarrean dagoan aldian, garraiobide honeek erabiliz: Metro Bilbao, tranbia, Bizkaibus, Bilbobus eta Artxandako funikularra. Gainera, %50erainoko deskontuak eskaintzen ditu aisialdian, jatetxeetan eta erosketetan.

Informazino guztia www.bilbaobizkaiacard.com webgunean dago. Orri horretan txartela on line eskatu daiteke, eta aireportuan, turismo bulegoetan edo horretarako atondutako beste leku batzuetan jaso. Gainera, hoteletan, turismo bulegoetan eta bidaia agentzietan zuzenean erosi daiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu