Konponbideak be alkarregaz adostu gura ditu 'Guk gEUre kulturaz' ekimenak

Nagore Ferreira Zamalloa 2014-06-02 15:30   kulturbiz

Zezeilean Durangon antolatutako topaketan aurkeztutako gogoeta eta ekarpenak batzen dituan txostena atondu, eta bagilaren 12an ekintza-proposamenak zehazteko deialdi zabala egin dau Geuk ekimenaren talde eragileak. Euskal Herriko kultur sistemea osotzen daben 150 lagunek hartu eben parte orain dala hiru hilebeteko batzarrean.

Zezeilean Durangon antolatutako topaketan aurkeztutako gogoeta eta ekarpenak batzen dituan txostena atondu, eta bagilaren 12an ekintza-proposamenak zehazteko deialdi zabala egin dau Geuk ekimenaren talde eragileak. Euskal Herriko kultur sistemea osotzen daben 150 lagunek hartu eben parte orain dala hiru hilebeteko batzarrean.

Talde eragileko lau kidek emon dabe prentsaurrekoa Bilboko Kafe Antzokian, Mikel Toralek (Kultura Abierta), Gotzon Barandiaranek (Ahotsenea), Ixiar Garciak (Karraskan) eta Matxalen de Pedrok (Muelle 3/ADDE). Kultureak gure herrian bizi dauen egoera larriari buruz berba egiteko Durangon alkartu ziran hainbat eragile zezeilean, sortzaileetatik hasi eta konsumitzaile edo hartzaileetaraino. Egoerea aztertu eben orduan, lan-taldeetan banatuta, eta orain dinamika bera segiduz, euskal kultur sistema osasuntsuago eta sendoago baten aldeko Preminazko Neurrien Egitasmoa zehaztu gura dabe.

Preminazko Neurrien Egitasmoak, besteak beste, zezeilean jasotako ondoko galderak erantzun beharko leukez: Zelan lortu geinke sortzaileak gizartean daukan garrantzia onartzea?; Zelan sustatu geinke kulturearen konsumoa bai guk bai erakunde publikoek?; Zelan antolatuko dugu geure burua, zelan artikulau gaitekez?; eta, Zelan lortu geinke sorkuntzea eta euskal kulturea hezkuntzearen bitartez landuko dirala bermatzea?.

Ixiar Garciak eta Matxalen de Pedrok hurrengo batzarreko metodologiaren barri emon dabe. Guk gEUre kulturaz ekimenaren webgunean fitxa batzuk ipini ditue, proposamenak azaltzeko. Egin nahi dan ekintzea bera azaldu behar da, ze egutegi izango dauen eta zein helburu. Berbagaiak kontua izanda, bagilaren 12rako taldeak egingo doguz, azaldu dabe.

Proposamenak bagilaren 6rako bialdu behar dira, baina ez da data zehatza nabarmendu dabe, izan be hilaren 12an bertan, Durangon, posible izango da fitxak betetea. Jasotako ekintza-proposamen guztiekaz erakusketa bat antolatuko dabe, parte-hartzaile danek jasotakoaren barri izateko.

Preminazko Neurrien Egitasmoa adosteaz aparte, indarren artikulazinoaz berba egingo dabela azpimarratu dau Gotzon Barandiaranek. Aurrekoan, kulturan gabilzanok gure kezkak zelan aurrera eroan jakin nahi genduan, zelan artikulau.

Kultureak ez dauka erakundeek autortzen deutsien garrantzia euren erabagietan, Mikel Toralen eretxiz. Kontraesana da, alde batetik kulturearen garrantzia azpimarratzen da, baina bestetik murrizketa handienak berari egiten jakoz. Sektore moduan jarduten hasi behar dogu, arrantzea, siderurgia edo merkataritzea lez, adierazo dau.

Deialdi guztiz edegia da, parte hartu nahi dauen guztiei zabaldu deutsie konbita. Ez gabilz erakunde publikoen kontra -adierazo dau Barandiaranek- erakundei be zabaltzen jake deialdia. Ahal danik eta gehien zabaldu nahi dogu. Zezeileko topaketan Jaurlaritzako, Aldundietako eta hainbat Udaletako teknikariek parte hartu ebela nabarmendu dabe. Eta daborduko egin dabe berba Jaurlaritzako Kultura sailagaz bagilaren 12ko batzarraren inguruan, eta erantzun oso ona izan dala azaldu dabe. Eurak be parte dira, ganeratu dau.

Aurreko topaketearen ganeko informazinoa, ekarpenak online egiteko argibideak eta hilaren 12ko topaketan izena emoteko modua blog honetan, geuk14.wordpress.com

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu